Prentsa Aretoa

Berriak

2018/01/28

Gizarte-konpromisoa, talentua eta sarituen ibilbide profesionala agerian Sabin Arana Sarien 2017ko edizioan

Musika-ekitaldi bikain batek amaiera eman dio Sabino Arana Sarien 2017ko ekitaldiari. Fernando Bernuések zuzendu du ikuskizuna, Fernando Velázquezekn “Un monstruo vino a verme” soinu-bandaren egileak egin du musika, beren-beregi ekitaldi honetarako eta Leire Bilbaok prestatu ditu hitzak.

rss Ezagutzera eman
Gizarte-konpromisoa, talentua eta sarituen ibilbide profesionala agerian Sabin Arana Sarien 2017ko edizioan

ARGAZKIA JAITSI

Ekitaldi honen 29. edizioan, honako hauek jaso dute saria: Gerediaga Elkartea; Ramón Barea aktorea, zuzendaria, dramagilea eta ekoizlea; Koopera-Gizarte eta Ingurumen Berrikuntza; Abel Barriola pilotaria; eta EZ beti da EZ! / ¡NO es NO! “garrasi kolektiboa”.

Musika-ikuskizun hori izan da gaur goizeko unerik gogoangarrienetakoa. Izan ere, ikuskizun horren bidez, Fundazioak euskal lurraldeko bazter guztietan ozen entzuten den EZ beti da EZ! / ¡NO es NO! garrasi kolektiboa aintzatetsi nahi izan du. Garrasi horrek, alde batetik, indarkeria sexista edo genero-indarkeria pairatu duten emakumeen ahots izutu eta ia beti isildua daroa; bestetik, gizartearen gaitz larri horren aurkako borroka sutsuan ibili diren eta egun badabiltzan elkarte, antolakunde, herri-ekimen eta erakundeen ahots arduratsu eta ekintzailea; eta azkenik, euskal gizarte osoaren ahots tinko eta kementsua, indarkeria-mota guztiak errotik desagerrarazteko kontzientziatze irmo eta gero eta konpromiso sendoagoa daukan ahotsa”.

Dantzaz euskal konpainiako dantzariak, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria eta Haurren koruko abesbatzak osatzen dituztenen ahotsak eta Mireia Gabilondo aktorearen ikuskizunak sendo eta ozen agertu zaizkigu oholtza gainean “bazterkeriaren aurkako, ekintza positiboaren aldeko eta munduko nahiz Euskadiko gizon eta emakume guztien arteko benetako berdintasunari BAI biribila eskatzeko”.

Edizio honetako bost saridunen artean -dagoeneko, 165 pertsonak eta erakundek jaso dute saria Sabino Arana Sarien historian; edizio honetan, indarkeria sexistaren eta genero-indarkeriaren aurkako borrokan dabiltzan antolakunde eta herri erakundeen izenean, saria jaso duten Mirari eta Unai neska-mutikoak batu behar zaizkio aurrekoei- Koopera-Ingurumen eta Gizarte Berrikuntza izan dugu lehenengoa oholtza gainean. Bertako presidenteak, Oskar Pérez jaunak, eta zuzendari kudeatzaileak, Javier Mariño jaunak, saria jaso dute “kooperatibak 25 urtetan baino denbora luzeagoan gizarte-bazterkeriako egoera pairatzen edo pairatzeko arriskua duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko eta ingurumena zaintzeko egin duten apustu garbia” aitortzearren.

Horren ondotik,  Ramón Bareak, azken lau hamarkadetako euskal zine eta antzerkiari lotutako pertsona esanguratsuenetako batek, Fundazioaren aintzatespena eta ikusleen txalo-zaparrada beroa jaso ditu. Arriagako agertokira igo den hurrengoa Gerediaga Elkarteko burua, Nerea Mujika andrea, izan da. 52 urteko ibilbidean barrena, Gerediaga Elkarteak Durangoko eta Durangaldeko historia-, arte-, kultura- eta etonografia-ondarea ikertzeko, babesteko eta zabaltzek lan izugarria eta eredugarria egin du, bai eta oroimen historikoa berreskuratzekoa ere, eginkizun horretan aurrendari izan zela. Geroago, Abel Barriola pilotaria igo da oholtzara. Barriolak esku pilotako hiru txapelketa nagusien (eskuz banakakoa, eskuz binakakoa eta lau t’erdikoa) irabazlea dugu eta, zalantzarik gabe, kirol horretan hasten diren neska-mutilentzako eredu jatorra, jokalekuaren barruan nahiz kanpoan denok maite eta errespetatzen baitugu Abel.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta sailburu jeltzaleez gain, politika, kultura, ekonomia eta gizarte-esparruetako pertsona ospetsu ugari izan dira ekitaldian, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko burua, Bakartxo Tejeria; Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, Unai Rementeria eta Ramiro González; EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidentea, Andoni Ortuzar; edo Deustuko Unibertsitateko errektorea, José María Guibert.

Aiert Arieta-Araunabeña kazetariak gidatu du ekitaldia eta Ane Ibarra (biolin-jotzailea) eta Nora López (biolontxelo-jotzailea) musikariek osatutako Kresala soka-bikoteak girotu du.