Prentsa Aretoa

Berriak

2018/03/07

EAJ-PNVk 15 minutuko elkarretaratzeak egingo ditu bihar Donostian, Bilbon eta Gasteizen, martxoaren 8ko aldarrikapenak babesteko

Margolaritza, antzerkia,humorea eta musika izango dira talde jeltzaleak ostiral arratsaldean Sabin Etxean egingo duen ate irekien jardunaldiko protagonistak, emakumeek arteari eta kulturari egin dioten ekarpen oparoa ikusgaitzea xede

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk 15 minutuko elkarretaratzeak egingo ditu bihar Donostian, Bilbon eta Gasteizen, martxoaren 8ko aldarrikapenak babesteko

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk martxoaren 8aren kariaz mundu mailan planteatu den deialdiari erantzungo dio bihar EAEko hiriburuetan egingo diren 15 minutuko elkarretaratzeekin. Kontzentrazio hauetara deituta daude talde jeltzalea erakunde ezberdinetan ordezkatzen duten emakume eta gizon guztiak. Beste alderdi politikoek eta talde sozialek egun horretan egingo dituzten ekitaldiekiko begirune osoz, alderdi jeltzaleak uste du martxoaren 8rako planteatzen diren aldarrikapenak aldezteko eta sustatzeko modurik eraginkorrena dela kargudun hauek beren eginkizun eta arduretan jarraitzea eta, aldi berean, 15 minutuko elkarretaratze honetan, gizarteari deitzen zaio, eta bereziki gizonei, berdintasuna lortzeko erronkari atzerapen gehiagorik gabe ekiteko.

Bilbon, elkarretaratzea Sabin Etxean egingo da 12:00etatik aurrera; Donostian, Gipuzkoa Plazan egingo da 11:30etik aurrera; eta Vitoria-Gasteizen, Andra Maria Zuriaren Enparantzan egingo da 12:30etik aurrera. Iruñean, EAJ-PNVk parte hartuko du Nafarroako Parlamentuko Mahaiak Ganbera aurrean bost minutuz egingo duen elkarretaratzean. EBBk begirune osoz errespetatuko du bere alderdikideek talde feministek eta gizarte eragileek deitutako beste deialdietan parte hartzeko edo ez hartzeko hartuko duten erabakia.

Iragan astean argitaratu zen prentsa ohar batean, EBBk adierazi zuen benetako berdintasuna lortzea emakume eta gizon guztioi dagokigun ataza dela eta, beraz, elkarretaratze hauetan herri kargudun guztiak egongo dira, genero desberdintasunik egin gabe.Halaber,Euzkadi Buru Batzarrak bere egin ditu protesta hauen deitzaileek aldarrikatzen dituzten helburuak. Helburu horien artean dago esparru guztietan emakume eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzea eta, bereziki, lan merkatuari dagokionez, zeinetan emakumeek gizonek baino prekarietate handiagoa pairatzen duten eta gizonak saritzen eta emakumeak zamatzen dituen arrakala ematen den. Indarkeria matxista desagerraraztea eta emakumeek esparru pribatuan egiten duten zainketa lana dira EAJ-PNVk aldarrikatzen dituen beste helburuak. EBBk era berean uste du emakume eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra dela gizarte honen daukan helburu ezinbestekoa eta atzeratu ezin den eskakizuna.

EBBk era berean uste du alderdi politikoei oso ataza garrantzitsua dagokiela berdintasuna,egiazkoa eta eraginkorra, lortzeko ahalegin honetan. Horretarako, talde jeltzaleak, martxoaren 9an, ate irekien jardunaldia egingo du Sabin Etxean, emakumeek arteari eta kulturari egin dioten ekarpen oparoa ikusgaitzea xede.

Prestatu den egitarauko protagonistak emakumeak izango dira eta 17:00etan emango zaio hasiera Txaro Arrazola (Gasteiz, 1963), Lide Kaltzada (Busturia, 1977) eta Andrea Abalia (Bilbo,1984) artisten lanen erakustaldiarekin. Hiru sortzaileek hitzaldi bat eskainiko dute bertan 19:00etatik aurrera. Ordu bete geroago hasiko da Sol Maguna, Loli Astoreka eta Gemma Martinez aktoreen Lalulu Teatro taldearen `Tipos de tipas´ antzezlana “antzezlan berriaren entsegu orokorrerako publikoari dei egiten dioten hiru aktoreren istorioa da. Dena dago prest baina ez dira oso ados jartzen. ‘Tipos de tipas’ da emakumeen arteko hizketaldia, emakumeak dira protagonistak eta emakumeak dira hizpide. Monologoak eta esketxak. 2. Kateko dokumentala ere izan liteke. `Tipos de Tipas´ antzezlanak pentsatzera eramango gaitu baina, batez ere, barrea eragingo digu…. eta, asko, gainera” esan dute antzerki konpainiako kideek. Musikak emango dio amaiera Sabin Etxeko jardunaldiari emakumeek osatutako Elgoibargo Sustrai Akordeoi Taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da 18:00etatik 21:00etara bitartean. Sarrera doakoa izango da emakume zein gizonentzat.