Prentsa Aretoa
Berriak
2018/03/08
“Arrazoi bakar bat ere ez dago lan berdina eginda, emakume batek gizonak baino soldata baxuagoa jasotzea justifikatuko duenik”
EAJ-PNVko emakume eta gizonak 15 minutuz elkarretaratu dira Donostian,Bilbon eta Gasteizen, martxoaren 8ko aldarrikapenak babesteko
Emakumeen Nazioarteko Eguna
ADIERAZPENA - 2018/03/08
Oharra: Bilkuren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian
EAJ-PNVk bat egin du gaur eguerdian martxoaren 8aren kariaz mundu mailan egin den deiarekin, EAEko hiru hiriburuetan egin dituen 15 minutuko elkarretaratzeekin. Deialdi hauei erantzun diete talde jeltzalea erakundeetan ordezkatzen duten eta alderdi barruan barne karguak dituzten emakume eta gizonek, baina emakumeak eurak izan dira Euzkadi Buru Batzarrak onetsi duen adierazpena irakurri dutenak. Agiri honetan (erantsita dago), Jeltzaleen Aberri Exekutibak emakume eta gizonen arteko berdintasuna- egiazkoa eta eraginkorra- lortzeko borrokatzen jarraituko duela hitzeman du eta bere egin du soldata arrakalaren eta indarkeria matxistaren aurka egiten jarraitzeko konpromisoa.
Donostian, Gipuzkoako EAJ-PNVko herri kargudunak eta barne kargudunak izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin den elkarretaratzean eta han Ainhoa Usandizaga GBBko kide,batzarkide eta EGIkidea izan da adierazpena irakurri duena. Haren ondoan izan dira Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, EBBko kiden den Iñaki Txueka; Idoia Elorza, Jon Ander Azpiroz eta Jon Gambra GBBko burukideak, Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran Kongresuko diputatuak, Imanol Lasa, Aintzane Oiarbide eta Jabier Larrañana ahaldunak, sailburuordeak, batzarkideak eta Donostiako eta hainbat herritako zinegotziak.
Bilbon adierazpena irakurri dute Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Mireia Zarate EBBko idazkariak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak; Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Foru Diputatuak; Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak; Miren Araneta BBBren Berdintasun Ataleko burukide arduradunak, Ana Esther Furundarena EBBren Hezkuntza, Euskara, Kirol eta Kultura gaietarako burukide arduradunak eta Oihana Agirregoitia Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirola arloko zinegotzi arduradunak. Elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua,Eudeleko presidente eta Getxoko alkate Imanol Landa, Aitor Esteban Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko bozeramailea eta María Eugenia Arrizabalaga, Koldo Mediavilla eta Joseba Aurrekoetxea EBBko burukideak.
Gasteizen, elkarretaratzearen lehen lerroan “Berdintasuna-Igualdad” hitza osatzen zuten hizkiak eskuan egon dira ABBko presidente José Antonio Suso, Joseba Egibar Legebiltzarreko bozeramailea eta foru exekutiboa osatzen duten diputatuak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin; eta Gasteizko udal gobernuko zinegotziak Gorka Urtaran alkatearekin. Ondoan izan dituzte Beatriz Artolazabal, Estefanía Beltrán de Heredia eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako sailburuak. Eusko Legebiltzarreko ateetan egin den kontzentrazioak EAJ-PNVren 80 bat barne kargudun eta herri kargudun batu ditu. Amaieran, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, EAJren adierazpena irakurri du.
Iruñean, EAJ-PNVk bat egin du Nafarroako Parlamentuko mahaiak Ganbera aurrean deitu duen bost minutuko kontzentrazioarekin. Bertan izan dira Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualde; Nafarroako Gobernuaren bozeamaile María Solana eta Ekonomiaren Garapen sailburuorde Manu Ayerdi.
Euzkadi Buru Batzarrak bere adierazpenean baieztatu duenez “emakume eta gizonen arteko berdintasuna -benetakoa eta eraginkorra- demokraziaren funtsezko balorea ez ezik, Euskadiren giza garapenerako eta garapen sozial eta ekonomikorako ezinbesteko faktorea ere da”. Exekutiba jeltzalea osatzen duten emakume eta gizonen aburuz “Genero desberdintasuna da, bere adierazpen ugarietan, XXI. mende honetan Gizateriak daukan erronkarik handienetakoa”. Erronka horri aurre egiteko,EBBk bere egiten ditu protesta hauen deitzaileen helburuak. Horien artean daude emakume eta gizonen arteko berdintasuna-benetakoa eta eraginkorra- esparru guztietan lortzea, eta aurten bereziki lan merkatuari dagokionez, non emakumeek prekarietate tasa handiagoak sufritzen dituzten eta gizonak saritzen eta emakumeak zamatzen dituen soldata arrakala ematen den. EBBk aurtengo martxoaren 8an hartu eta berretsi dituen hamar konpromisoen artean daude “Esparru publikoan zein pribatuan gaur egun existitzen den soldata arrakala desagerrarazteko ahaleginak biderkatzea. Ez dago eta sekula ez da egon ez ziorik,arrazoirik ezta argudiorik ere, lan berdina eginda, emakume batek gizonak baino soldata baxuagoa jasotzea justifikatuko duenik”, adierazi dute beren komunikatuan. Indarkeria matxista desagerraraztea eta emakumeek esparru pribatuan egiten dituzten zainketa lanak ere badira EAJ-PNVk sustatuko dituen kausak.
EBBk era berean uste du alderdi politikoei oso ataza garrantzitsua dagokiela berdintasuna-egiazkoa eta eraginkorra- lortzeko ahalegin honetan. Horretarako, talde jeltzaleak, martxoaren 9an, ate irekien jardunaldia egingo du Sabin Etxean, emakumeek arteari eta kulturari egin dioten ekarpen oparoa ikusgaitzea xede. Biharko egitaraua, protagonistak emakumeak izango direlarik, 17:00etan hasiko da Txaro Arrazola (Gasteiz, 1963), Lide Kaltzada (Busturia, 1977) eta Andrea Abalia (Bilbo,1984) artisten lanen erakusketa irekitzearekin batera. Hiru sortzaileek hitzaldi bat eskainiko dute bertan 19:00etatik aurrera. Jarraian hasiko da Lalulu Teatro taldearen `Tipos de tipas´ antzezlana. Sol Magunak, Loli Astorekak, eta Gemma Martínezek eskainiko duten antzezlanean kontatzen da “antzezlan berriaren entsegu orokorrerako publikoari dei egiten dioten hiru aktoreren istorioa. Dena dago prest baina ez dira oso ados jartzen. ‘Tipos de tipas’ da emakumeen arteko hizketaldia, emakumeak dira protagonistak eta emakumeak dira hizpide. Monologoak eta esketxak. 2. Kateko dokumentala ere izan liteke. `Tipos de Tipas´ antzezlanak pentsatzera eramango gaitu baina, batez ere, barrea eragingo digu…. eta, asko, gainera” esan dute antzerki konpainiako kideek. Musikak emango dio amaiera Sabin Etxeko ate irekien jardunaldiari emakumeek osatutako Elgoibargo Sustrai Akordeoi Taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da 18:00etatik 21:00etara bitartean. Sarrera doakoa izango da emakume zein gizonentzat.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25