Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2018/03/24

Ortuzarrek euskal gazteria animatu du “Euskadiren alde bustitzera”, “euskal aberriaren oraina eraikitzeko eta etorkizuna aldatzeko”

EBBko presidentea, Nafarroako Gobernuaren bozeramaile Maria Solana eta Geroa Baiko legebiltzarkide Jokin Castiella Lesakan izan dira gaur Nafarroako herrian egin den EGI egunean. Ortuzarrek Kataluniako ordezkariak auzitara eraman izana eta kartzelaratu izana kritikatu du. “Inork uste al du jendea kartzelaratuaz eta politikariak gaitasungabetuaz ezer hobetuko dela?, galdetu du.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • EGI Eguna 2018
    2018/03/24

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI

OHARRA: Hurrengo orduetan argazkiak, audioak eta bideoa gehituko zaizkio albisteari

“Gaur egun, Euskadin, inoiz baino gehiago merezi du politika egiteak. Euskadik behar zaituzte. Zuen ordua heldu da. Aurrerako pausua eman behar duzue. Inplikatu beharra dago, Herri honen alde, aberri honen alde busti beharra dago. Eta presentzia abertzalea dinamizatu eta indartu behar da kalean, Unibertsitatean, koadrilan, talde sozialetan. Politikagintza eta Aberrigintza ez da soilik erakundeek egin behar duten zerbait, guztion lana da. Kexatu egiten zarete, arrazoiarekin gainera, `etorkizuna zaretela´ esaten dizuegula esaten duzue. Eta zuek oraina izan nahi duzue. Eta hala izan behar du. Bada, oraina egiteko eta etorkizuna aldatzeko, hemendik eta gaurtik aurrera inplikatu beharra dago” hori izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Lesakan, EAJ-PNVko gazteek urtero egin ohi duten EGi egunean elkartu diren bostehun inguru gazteri zabaldu dien mezu nagusia. Topaketa berean hitz egin dute Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak eta Geroa Baiko legebiltzarkide Jokin Castiellak.

“Abertzaleak zarete. Lehen alderdi abertzaleko kideak zarete. Eta hori ohore bat da, baina baita konpromiso bat. Konpromiso bat ideia batzuekin, Aberri batekin, gizarte batekin. Gu Euskadi bizi eta errealaren aldeko Euskadiren alde borrokatzen garelako, hemen bizi nahi duten pertsonek, euskaldun izan nahi duten herritarrek osatzen duten herriaren alde”, esan die Ortuzarrek bertaratuei, eta ohartarazpena egin die. “Gure erakundeak, EGI, Alderdia,, helburu bat lortzeko tresnak dira, ez dira helburu bat. Gizartearekin harremanetan egoteko tresnak dira, herri hau askatasunera eta aurrerabidera eramatekoak. Zuen militantziaren minutu bakoitzak ekintzara bideratuta egon behar du, jendearekin egotera, gure idealak defendatzera”. Jeltzaleen buruak gazteekin egin den topaketa hau baliatu du EAJ eta EGI “printzipioak dituen mugimendua” osatzen dutela gogorarazteko “printzipio irmoak ditugu eta koherente izan behar dugu, batzuetan oso popularra ez izan arren edo gure jarduna mugatzen digun. Ikusi egin dugu, egunotan ere, Katalunian 155. artikuluaren aplikazioaren kontra agertu garenean. Egiten dugun oposizioa printzipio kontua da: ezin dugu 155a onartu. Kataluniako erakundeek bere ordezkari legitimoek gobernatzea nahi dugu”.

Ortuzarrek ezin izan du eta ez du nahi izan atzo `procés´ deritzonaren markoan erregistratu ziren gertakari larriak eta Kataluniako bost agintariren atxiloketa eta 25 ordezkariren auzipetzea alde batera utzi nahi izan. “Politikaren judizializazioa huts egite handia da. Epaileei ez dagokie Generalitateko Presidentea nor den erabakitzea. Hori Kataluniako Parlamentuari dagokio, kataluniar gizartearen borondateari men eginez. Inork uste al du jendea kartzelaratuaz, politikariak gaitasungabetuaz ezer konponduko denik? Guztiz alderantziz?! Are okerrago jarriko da dena. Gatazka politikoak gainditzeko tresna bakarra dira elkarrizketa eta demokrazia”, kritikatu du agintari abertzaleak . “Elkarrizketa eta demokrazia. Hori da gaur Kataluniarentzat eskatzen duguna, Euskadirentzat ere eskatzen dugun moduan, Nazio biek, bakoitzak bere aldetik, gure aitortza lor dezagun. Horixe eta kartzelaratutako kataluniar politikari guztiak askatzea eskatzen dugu”.

Jokin Castiella Geroa Baiko Nafarroako legebiltzarkide gazteak Lesakan aldarrikatu nahi izan du “egitasmo jeltzalea Nafarroan indartsu dagoela”. “Gaur eta hemen gogoratu behar ditugu Nafarroan EGI erakundeak 1918tik 2018ra bitartean mendeurrena bete izana ahalbidetu duten pertsona guztiak”, adierazi du. Castiellak EGIren konpromiso politikoaren “duintasuna” aldarrikatu du: “Abertzalea izatea ez da etiketa huts bat, gure herriarekin eta gure baloreekin konpromiso irmoa izatea da eta, horrez gain, erantzukizun handia ere bada. Ezin dugu ahaztu hemen elkartu garen gazteok etorkizuna garela, aldarrika dezagun, beraz!”, esan du. “Madriletik PPk, PSOEk eta Ciudadanosek autogobernurako tresnak ukatzen dizkigutenean, pentsioen kudeaketa eta pendiente dauden beste tresna batzuk ukatzen dizkigutenean, etorkizuna baldintzatzen digute”, azpimarratu du Castiellak. “EGIkoek argi daukagu ezin garela isilik egon edo besoak gurutzatuta geratu Estatuaren halako zapalketen aurrean. Heldu da ordua gazteok, EAJ-PNVren eskutik, dagokigun eginkizuna bete dezagun”, amaitu du foru legebiltzarkideak.