Prentsa Aretoa

Berriak

2018/03/26

Gatikak ibilbideak sustatu nahi ditu herritarren artean ohitura osasungarriak bultzatzeko

Ibilbideak otsailean hasi ziren eta asteazkenero egiten dira

rss Ezagutzera eman
Gatikak ibilbideak sustatu nahi ditu herritarren artean ohitura osasungarriak bultzatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Jarduera fisikoa eta zahartze aktiboa sustatzea da Gatikako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren Zainduz programaren bidez, udalerrian ibilbide osasungarriak bultzatzeko orduan kontuan hartu duen helburu nagusienetakoa. Ibilbide horiek otsailean hasi ziren eta asteazkenero egiten dira. Zailtasun handirik gabeko ibilbideak dira, gutxi gora behera ordu batean lauzpabost kilometro egiten dira herriko auzo ezberdinetatik, eta koordinatzaile batek taldea gidatzen du.

“Herritar guztientzat zabaldu nahi den programa da. Bilatzen duguna da zahartze aktiboa sustatzea eta ahultze fisikoa saihestea”, azaldu du Onintze Amezaga Gatikako Ongizate zinegotziak. Udalerriaren orografia kontuan hartuta, oro har, herri nekazaria delarik eta auzoak oso sakabanatuta daudelarik, programa honen bidez bilatzen da “ariketa fisikoa egiteaz gain, parte hartzaileen arteko harremanak sendotzea eta denbora hori giro onean partekatzea”, azaldu du Amezagak.

Iragan hilean hasi ondoren, ibilaldi hauek oso harrera ona izan dute herritarren artean. Asteazkenero egiten dira eta udalerriko erretiratuen egoitzatik irteten dira. ”Hamar bat pertsonako taldea eratu da eta oso pozik daude denak. Herriko osagileak ere herritar guztiak animatzen ditu osasunerako ona izango delako”, azaldu du Amezagak. “Ez da denbora luzeegia behar eta bakoitza ahal duenean joan daiteke”, azaldu du.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak udal eta mankomunitateekin lankidetzan bultzatzen duen Zainduz programaren helburu nagusia da jarduera,prestazio eta zerbitzu batzuk garatzea mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko eta babesa emateko.