Prentsa Aretoa
Berriak
2018/05/31
Aitor Esteban: “'Baiezkoa' bozkatuko dugu euskal hiritargoaren gehiengoak eskatzen duenari erantzuten diolako”
Bozeramaile jeltzaleak Diputatuen Kongresuko hizlarien tribunatik iragarri du EBBk gaur ezohiko bileran adostu duela Pedro Sánchezek aurkeztutako zentsura mozioa babestea
“Uste osoa dugu `baiezkoa´ bozkatzean euskal hiritargoaren gehiengo nagusi batek eskatzen duenari eta arduraz jokatzeko daukagun helburuari erantzuten diogula; espero dut zure hitzaldian hitzeman duzun hitz egiteko asmo hori egiazkoa izatea eta orain ematen dizugun abantaila eta pribilegioaz ez abusatzea”. Hitz horiekin mintzatu zaio Aitor Esteban EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeko bozeramailea Pedro Sánchez hautagaiari, PSOEK aurkeztu duen eta Kongresuan gaur aztertu den zentsura mozioaren eztabaidan. Jarrera honek, “hausnarketa sakon” baten ondorioz hartua izan denak, EAJ-PNVren EBBk Gasteizen egin duen ezohiko bileran adostu duen erabakiari erantzuten dio.
EBBk komunikatu batean adierazi duenez, zentsura mozioa babesteko erabakia hartu da `Gürtel auzia´ izenekoan justiziak emaniko epaiaren larritasuna eta Partido Popularraren aldetik auzi horretan dituen erantzukizun politikoak onartu ez izana onartezin jotzen dutelako, Ciudadanosek “Aurrekontuen onarpenarekin lortu zen egonkortasuna” apurtu duen erabakia hartu duelako eta Parlamentuko oposizioko taldeen gehiengo nagusi batek oraingo Gobernuak bere eginkizunetan jarraitzearen kontrako jarrera agertu duelako.
Hitz egiteko izan duen tartean, Aitor Esteban kritiko agertu da Espainiako egoera politikoarekin, Espainiako gobernagarritasunaren erantzukizuna bost diputatu jeltzaleen “sorbalden gainean” jarri nahi izan delarik. “Hara zer gertatzen den Espainiako nazioarekin! Hori bai akordioak lortzeko ezintasuna!” esan du. Era berean baieztatu duenez iragan ostegunean ezagutu zen sententziak “iraganaren eta orainaren arteko muga izan da, esparru juridikoa gainditzen du eta horrela ulertzen ez duenak ez du egoera ulertzen eta ez daki gizartean zehatz-mehatz zer gertatzen ari den” eta ezeztatu du mozio hau ez babesteak are egonkortasun handiagoa ekarriko lukeenik, “zentsura mozioak eta epaimahaietako jarioa etengabeak izango lirateke”, baieztatu du.
Bozeramaile jeltzaleak era berean baloratu du “erantzukizunez jokatzeko asmoari erantzunez” EAJ-PNVren babesa jaso duten Aurrekontu hauek onartzeak daukan garrantzia, eta baieztatu du “testua gustatu ez arren” ona dela indarrean dauden Aurrekontuak izatea. Zentzu honetan PPri ohartarazi dionez “erantzukizunik eza handia izango litzateke Senatuko izapidea ez gainditzea”.
Amaitzeko, EAJ-PNVk bere komunikatuan jakinarazi duenez “EAJ-PNVk, irekitzear dagoen aldi politiko honetan, zintzotasun osoz jardungo du bere helburuekin eta politikagintzan aritzeko duen erarekin: Euskadirentzako eta euskal hiritargoarentzako onena lortzea eta, denon onbeharrez, ezberdinen arteko akordioa bilatzea” .
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25