Prentsa Aretoa

Berriak

2018/06/06

Basauriko EAJ-PNVk Asier Iragorri Basaguren aukeratu du alkatetzarako

Ondo ezagutzen ditu udal kudeaketa eta udalaren errealitatea. Gaur egungo Gizarte Politika eta Modernizazio gaietarako zinegotzi arduraduna izango da hurrengo udal hauteskundeei begira Andoni Busquet Elorrietaren lekukoa hartuko duena

rss Ezagutzera eman
Basauriko EAJ-PNVk Asier Iragorri Basaguren aukeratu du alkatetzarako

ARGAZKIA JAITSI

Basauriko Uri Batzarrak gaur arratsaldean aukeratu du Asier Iragorri Basaguren, gaur egungo Gizarte Politika eta Modernizazio gaietarako zinegotzia, Andoni Busquet Elorrietaren ordezkoa eta EAJren alkategaia izan dadin 2019ko maiatzean egingo diren hauteskundeei begira.

Herriko Uri Buru Batzarrak gaur arratsaldean eman dio hasiera herriko zerrendaburua aukeratzeko prozesuari eta azken urrats honetan Basauriko alderdikideek bi alkategai proposatu dituzte: Andoni Busquet Elorrieta eta Asier Iragorri Basaguren. Baina, batzarrean bertan, Andoni Busquetek alderdikide eta herrikideei adierazi die erabaki pertsonala hartu duela eta 2019etan udal hauteskundetan EAJ-PNVren izenean aurkezteari uko egiten diola. Ondorioz, Iragorri hautagai bakarra izan da eta, bigarren hautespen aldian barne-prozesuari amaiera emanez, Basauriko alderdikideek berretsi dute bera izango dela alderdi jeltzaleak herri horretan aurkeztuko duten alkategaia.

Urte bete falta da bigarren legealdia amaitzeko eta Busqueten helburu nagusia izan da krisi garaian ere “Basaurik gero eta herri hobea izatea pertsonentzat zein hirigintza alderditik eta gizarte mailan”, Andoni Busquetek uste du Basaurik duela zazpi urte ireki zuen hobekuntza bidean beste ziklo berriari ekiteko momentua dela. “Oraindik urte bete geratzen zait eta aldi honetan buru belarri arituko naiz herria hobetzeko proiektuak planteatzen eta garatzen, %100ean egongo naiz azken minuturaino, egiteko lan handia geratzen delako”, azpimarratu du. “Ohorea izan da eta da Basauriko alkatea izatea eta basauritarren zerbitzura egotea. Beraiei eskertu nahi diet aldi honetan guztian onean eta txarrean erakutsi didaten adeitasuna eta ulermena. Herriko kaleetan aurkituko naute alkate lanak amaitzen ditudanean ere“, hitzeman du.

Bere gobernu jarduna markatu dute Udalerria hirigintza aldetik eraldatzeko eginiko lanek, enplegu indizeetan eman den gorakadak, etxebizitza babestuen alorrean lortu den aurrerakadak, pertsonen ongizatera bideratutako gizarte politikek eta kudeaketaren gardentasunak herritarren parte hartzearekin lotuta. Udalerriarentzat Pozokoetxeko trenbide zabalgunea berreskuratu izana eta gune oso hori hirigintza aldetik birgaitzeko plana onartu izana izan dira legealdi bi hauetako lorpenik handienetakoak. Era berean bideratu dira auzoak eta herriko irisgarritasuna hobetzeko lanak,zeinetan urte bukaerarako 6 milioi euroko inbertsioa eginda egongo den: umeen jolasguneak estaltzea, hiriko igogailuak, Urbiko pasabidea, narriatutako auzo eta bizitokiak birgaitzea eta abar. Halaber, EAJ-PNVren gobernu taldeak lortu du etxebizitza babestuen eskaintzak orain arteko paralisia gainditzea eta Sarratu eta San Miguelen egin diren lanekin aurrera egitea.

Basauriko alkateak bere babes osoa adierazi nahi dio Asier Iragorri EAJ-PNVko alkategaiari: “Egon daitekeen hautagairik onena da eta benetan espero dut Basaurik bere babesa erakustea”, baieztatu du. “Herriak hobekuntza nabarmena ezagutu du azken urteotan, adeitsuagoa eta atseginagoa da, gizabidezkoagoa eta modernoagoagoa da, eta etorkizunean beren fruituak emango dituzten haziak erein ditugu,hauen artean San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe birgaitzeko plana eta horretan Asier Iragorri bera egon da lehen lerroan. Hau eta beste hainbat plan ezagutzen ditu eta egoerarik onenean dago jarraipena eman ahal izateko,baina, hori bai, bere nortasun propioa emanez eta beste plan berri batzuk bultzatuz”, azpimarratu du.

Asier Iragorri Basagurenek 50 urte ditu eta Hezkuntza Zientzietan diplomatua da. Basauriko Udalean sartu baino lehen irakaskuntza sektorean aritu zen. Adineko pertsonen, haurren eta beharrizan egoeran dauden herrikideen ongizateaz eta berdintasun politikez zuzenean arduratzen den arloaren arduradun gisa, Basauriko Gizarte Politika eta Modernizazio alorreko zinegotziak oso harreman estua izan du udalerriko elkarteekin eta udalerriaren errealitatea goitik behera ezagutzeko aukera izan du. Pertsona hurbila da,elkarrizketa zalea da eta zinegotzi gisa egin duen bideak lagunduko dio azken zazpi urteotan herriak ezagutu duen hobekuntzan sakontzen. “Proiektu estrategiko asko daude, horietako hainbat garapen bidean, eta ideia eta jarduera berriak landu ahalko ditu Basauri modernotasunaren bidean jartzeko eta etorkizuneko erronkei begira aurreikuspen onak izanik”, esan du gaurko alkateak. Bere programaren ildo nagusiak ezartzeko orduan ardatz nagusi izango ditu enpleguaren sorkuntza babestea, auzoen birgaikuntza eta modernizazioa, basauritarren ongizatea eta kontuak eta proiektuak gardentasun osoz aurkeztea. Halaber, Iragorrik hiritarren eta elkarteen iritzia aintzat hartuko du “beti egin dugun moduan”, beren ekarpen eta iritziak jasoaz eta kalean eta leku guztietan herritarren alde eginaz.