Prentsa Aretoa
Berriak
2018/07/31
Ortuzar: “Hainbat euskal herritarrek pentsa lezakete: ‘Diputatuen Kongresuan nahi ez bagaituzte, ez dakit nik zer egiten dugun Estatu honen barruan”
Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVren sorreraren 123. urteurrena ospatzeko ekitaldian ekarri du gogora bere alderdiak 100 urte daramatzala Madrilen eta “beti jakin izan du egon behar zuen tokian egoten”, eta hauteskunde legearen balizko aldaketaz ohartarazi nahi izan du
Bilbo, 2018-7-31. Iñaki Deuna
HITZALDIA - 2018/07/31
“Casado eta Riverak legea aldatzen badute eta hauteskundeetan putxerazoa egiten badute abertzaleak Madriletik ateratzeko, euskal hiritar asko egongo dira pentsatuko dutenak: ‘Diputatuen Kongresuan nahi ez bagaituzte, ez dakit nik zer egiten dugun Estatu honen barruan’. Hor uzten dut”. Hori da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, EAJ-PNVk Bilbon, San Inazio egunean, talde jeltzaleak bere sorreraren 123. urteurrenean ospatu duen ekitaldian zabaldu duen mezuetako bat. Ekitaldia 11:30ean hasi da Albia Lorategian, Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzailearen irudiaren aurrean egin den lora eskaintzarekin eta ohorezko aurreskuarekin. Ekitaldi politikoa Ortuzarrek itxi du Sabin Etxe barruan bertaratuei eskaini dien diskurtsoarekin. Besteak beste bertan elkartu dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxa, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Bilboko alkate Juan María Aburto.
Ortuzarrek hasiera-hasieratik defendatu du EAJ-PNVk azken hamabi hilabeteotan egin duen lana, urte osoan “tentsio goreneko aktibitate politikoa eman den arren, ez du EAJren potentzia ahuldu”, esanez. “Euskadin eta, batez ere, Euskaditik kanpo oso prozesu konplexuak bizi ditugu eta erabaki delikatu eta garrantzitsuak hartzeko beharra ikusi dugu. Apaltasun osoz uste dut horietan guztietan asmatu dugula. Eta uste dut horrela izan dela Euskadi eta euskal herritarren interesak izan direlako gure xede eta helburu bakarra”. EBBko buruak azpimarratu du denborak eta hartutako erabakiek erakutsi dutela “EAJ, alderdi politikoa baino gehiago, gizarte osoaren zerbitzura dagoen tresna dela”. Tresna eta eragile eraldatzailea da “gobernatzen dugun erakundeetako jardunera ere iristen dena, udal txikienetik hasita eta Eusko Jaurlaritzaraino”. Iñigo Urkulluren Exekutiboari aipamen berezia egin nahi izan dio Ortuzarrek. “Oraingo legealdi hasieran horrenbeste kezkatzen gintuzten emaitza sozio-ekonomikoetan hobekuntza argia eman da. Enpleguan bereziki. Legealdi osorako ezarri genuen helburura hurbiltzen ari gara, hau da, langabezia %10etik behera jaistea. Zalantzarik gabe konpondu beharreko arazo batzuk geratzen dira. Horietako lehena, sortuko den enplegua kalitatezkoa eta iraunkorra izatea. Baina argi eta garbi ikusi da Eusko Jaurlaritzak konponbideak ematen dituela, proposamenak dituela, ekintzailea dela”.
Ortuzarrek gogora ekarri duenez “EAJren jardunaren marko nagusia Euskadi da, Zazpiak Bat deritzoguna”, baina era berean esan du Alderdia beti egon dela, dago eta egongo dela “Euskadiko gaiak eta euskal hiritarren arazoak jorratuko diren leku guztietan”. Horregatik, luze eta zabal hitz egin nahi izan du Espainiako politikaz. “Batzuek Madriletik bota nahi gaituzte. Enbarazu egiten diegu. Ezin dituzte titular haiek jasan, Madrilgo krisi politikoaren erdian esaten zutenak ‘Espainia EAJren eskuetan dago’. Eta, nola egin nahi ote duten? Ba, hauteskunde legeak aldatuaz. Lehenengo Rivera izan zen eta orain Casado izan da putxerazoa egiten saiatu dena. Eta baztertu egin nahi gaituzte gu, urte honetan Diputatuen Kongresuan mendeurrena egingo dugunak. Ehun urte. 1918 urtetik aurrera EAJ izan da beharrezko izan den tokian: 1923an Primo de Riveraren diktaduraren kontra, 81ean Estatu kolpearen kontra eta 82an LOAPAren kontra. Espainiako politikan egoera kritikoren bat eman den guztietan, EAJ han izan da. Ez da beste albora begira jarri. Orain ere ez dugu egin, eta etorkizunean ere ez dugu egingo”, gogoratu du, eta ohartarazpen bat egin nahi izan du: “Espainiako politikaren arazoa ez dira Kongresuan eserlekua duten Euskadi edo Kataluniako abertzaleak, beren arazoa da Espainiako alderdiak elkarri mokoka ari direla beti. Beste alderdi bati balizko garaipena ez ematearren, nahiago dute beren hiritargoaren interesen kontra egin. Guk argi daukagu Madrilera joaten jarraituko dugula euskal hiritarrek eskatzen diguten guztietan, horretarako aukeratzen gaituzten guztietan. Eta joaten jarraituko dugu akordioetara iristeko borondatearekin, gauzak konpontzeko, eta ez gehiago izorratzeko. Eta hori desatsegin egiten bazaie, zer egingo diogu, ba? Baina, kontuz, legea horren modu bihurrian aldatzen badute, Euskadin hainbat egongo dira pentsatuko dutenak: ‘Diputatuen Kongresuan nahi ez bagaituzte, ez dakit nik zer egiten dugu Estatu honen barruan’. Eta hor uzten dut”.
Amaitzeko, Ortuzarrek era berean baloratu nahi izan ditu Eusko Legebiltzarrean Estatus Berria lortzeko egiten ari diren lanak, zeinen inguruan, jeltzaleen buruaren ustetan, polemika artifiziala sortzeko interesa egon den. “Mendira igo izana leporatu zaigu eta, gainera, bidelagun bakarra Bildu izatea. Muga bat jarri izana leporatu zaigu, muga ilegala, eta abertzaleentzat baino ez den bidea egin izana. Baina gezur hori ez da egia. Ba al dakizue zer gertatu den? PSE, alde batetik, eta Ahal Dugu, bestetik, ez dutela eztabaidara sartu nahi izan. Biek Madrilgo nagusiak dituztenez, suposatzen dut beldurra ematen diela inplikatzea eta gero handik belarrietatik tiraka hastea, Espainiako politikagintza dagoen moduan ikusita. Eta, jakina, gu gure hasierako jarrerarekin geratu gara eta Bilduk bat egin du posizio horrekin. Mendizaleen terminologiarekin jarraitzeko, kanpamentu nagusira iritsi gara. Oraindik denbora badago ibilbidea eztabaidatzeko eta adosteko. Sozialistek eta Podemosekoek malda errazagoa behar badute, esan diezagutela zer bide egin nahiko luketen eta Bildurekin batera ibilbide hori zabaltzen saia gintezke. Eskatzerik ez dutena, ez batzuek ezta besteek ere, geldituta gera gaitezela, euskal autogobernura gailurrera iritsi dela onartzea. EAJ, beti bezala, negoziaketa mahaitik altxatzen azkena izango da. Gugatik ez da izango ahalik eta alderdi gehien asebetetzeko moduko akordioa ez lortzea. Gure helburu nagusia da Estatus Berriak Gernikako Estatutuak baino babes handiagoa lortzea. Baina horretarako borondatea eta adorea behar da alderdi guztietatik. Hori da PSE ta Ahal Dugu-Podemosi eskatzen dieguna: borondate politikoa eta adorea mahai baten inguruan eskertzeko betorik eta apriorismorik gabe. Hala egiten badute, hemen egongo da Euzko Alderdi Jeltzalea, adi eta akordioetara iristeko prest”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25