Prentsa Aretoa

Berriak

2018/10/31

Jol Gisasola Garai izango da, berriz ere, EAJ-PNVk Ermuan aurkeztuko duen zerrendaburua

Hautagaiak aditzera eman duenez, legealdian zehar adostu diren akordioei esker “2015ean aurkeztu ginenean planteatu genuen hauteskunde egitasmoan jasotako hainbat ekintza bete dira, eta erantzuna eman zaie hiritargoaren hainbat beharrizanei”

rss Ezagutzera eman
Jol Gisasola Garai izango da, berriz ere, EAJ-PNVk Ermuan aurkeztuko duen zerrendaburua

ARGAZKIA JAITSI

Ermuako EAJ-PNVren udal taldeko zinegotzi eta bozeramailea izango da, berriz ere, talde jeltzaleak 2019ko maiatzeko uri hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendaburua. Gisasolak bere izendapenaren kariaz baieztatu duenez “oso pozgarria da eta, aldi berean, erantzukizun handia ere bai, Ermuko Udalean EAJ-PNVko alderdikideak ordezkatzeko egoki jotzen nautela ikustea”. Hautagaiaren aburuz “hurrengo legealdian ere erabakigarriak izan gaitezke gure herriari eragingo dioten akordioak adosterakoan eta proiektuak abian jartzerakoan”. Ildo beretik azaldu duenez, EAJ-PNVren proposamenei esker “2015ean aurkeztu ginenean planteatu genuen hauteskunde egitasmoan jasotako hainbat konpromiso bete dira; halaber, erantzuna eman zaie hiritargoaren beharrizan berriei eta Udalari lagundu diogu Ermuko herritarrentzat beharrezkoak diren hainbat proiektu burutzen”, azpimarratu du.

Hautagai jeltzaleak gogoratu duenez, Ermuako EAJ-PNVren ekimenez “azken hiru urteotako udal aurrekontuetan 700.000 eurotik gora dedikatu dira ikastetxe publikoak berriztatzera eta eraberritzera; 300.000 eurotik gora erabili dira umeentzako parkeetan hobekuntzak egitera; udal futbol zelaiko belar artifiziala aldatu da eta 140.000 euroko inbertsioa egin da horretan (inauguratu zenetik 12 urte igaro dira); ikastetxe publikoen eskola garraioa diruz lagundu da eta Gabonetako argiteria alokatu da”.

Datozen urteei begira, Jol Gisaolak funtsezko jotzen du “beste alderdiekin batera gure proposamenak lantzea eta beti proiektuak burutu behar direla insistitzea, beste alderdiek proposatzen dituzten ideiak eragotzi barik”, adierazi du. Aurreratu duenez “aurkeztuko ditugun proposamenetako batzuetan Bizkaiko Foru Aldundiarekin lan egin beharko dugu saihesbidearen mendebaldeko fasea amaitzeko eta herriko azpiegiturak hobetzeko, Ermuko herritarrentzat gero eta bizimodu erosoagoa lortze aldera”.

Jol Gisasola Garaik 48 urte ditu, ezkonduta dago eta 11 eta 5 urteko semeak ditu. Bizitza gozatzen du lagunekin eta senideekin, paseoan edo koadrilakoekin bazkaltzen edo afaltzen; egunerokoa ospakizun bihurtzen saiatzen da. Hautagaiaren esanetan “Ermuaren ezaugarria ez da bizitokirik ederrena izatea, baina nik ez dut neure burua beste inon ikusten. Ermua barrutik da ederra; herritarrak, bertan bizi direnak eta herria egunero hazi arazten dutenak. Pertsona toleranteak, hurkoa eta bakoitzaren berezitasunak errespetatzen dakitenak”.