Prentsa Aretoa

Berriak

2019/02/08

Urkulluk EBri eskatu dio bide berriak zabal ditzala,nahi duten erkidego politikoek “beren hiritargoari etorkizunaz galdetzeko aukera izan dezaten”

EAD-PDEren Kontseiluan hitz egiteko izan duen tartean, Lehendakariak hitzeman du eskura duen guztia emango duela “krispazio eta tentsio giroan” murgilduta dagoen Espainiar estatuan “elkarrizketa, elkar ulertze eta distentsio bideak ahalbidetzeko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Urkullu lehendakariak Europako Batasuneko buru eta erakundeei eskatu die gaur subiranotasun partekatuaren kontzeptuan aurrera egiteko urratsak ematea “bideak zabal ditzakeelako nahi duten erkidego politikoek beren hiritargoari etorkizunaz galdetzerik izan dezaten”. Europako Alderdi Demokratak (EAD-PDE) gaur Bilbon egin duen Kontseiluaren barruan egin den `Europako Forumean” Urkulluk Europako “Argitasun Zuzentarau” baten beharra aldarrikatu du, 2017ko abenduan Erroman EAD-PDEren Kontseiluan planteatu zuen proposamena. “Eskozia edo Quebec-eko ereduak aurrekari interesgarriak dira gatazka politikoak elkarrizketa eta negoziaketa bidetik bidera ditzagun, demokrazia bidez, legez eta hitzarmenaren bidez”. Lehendakariak ez du ezkutatu nahi izan Espainiako estatuan bizi den egoera politikoak eragiten dion kezka, “krispazio eta tentsio giroa” nagusi delarik, eta Estatu kide bakoitzera ekartzera gonbidatu du Batasun osoarentzat eskatzen dituen elkarrizketa eta negoziaketa printzipio berberak: “Eskura daukadan guztia emango dut elkarrizketa, elkar ulertze eta distentsio bideak ahalbidetzeko”, hitzeman du.

Urkulluk uste du Europak legealdi “konplexuari” aurre egin beharko diola, Siriako gerraren ondoren errefuxiatuek eragindako krisi humanitarioak eta Brexitak baldintzatuta. “Populismoek eta muturreko erradikalismoek guk nahi dugun eta hitzemanda gauden Europa integratzaile eta solidariotik urruntzen gaituzte”, deitoratu du. Jarrera protekzionistek eta mundu mailako gerra komertzialak are gehiago zikintzen dituzte,gainera, Europak atzean utzi zuela ematen zuen krisia, “desberdintasuna areagotu duena”, alegia . Mehatxu hauen aurrean, Lehendakariak aldarrikatu du “Europaren birsorrerari laguntzea eta hiritarrek jarduera politikoarekiko eta erakundeen ahalmenekiko sentitzen duten gero eta urruntze handiagoari erantzuteko. Krisia ez da paralisiarekin identifikatu behar. Guztiz alderantziz, Europako proiektuak bere sorreratik izan dituen baloreak berreskuratzeko aukera da, pertsonen Europa sozialean eta subiranotasun partekatuen Europa politikoan sakontzeko”.

Gizarte gaiei dagokienez, Urkulluk Europako Oinarri Soziala garatzea aldarrikatu du hezkuntzara eta lan merkatura sartzeko aukeren berdintasuna , lan egiteko baldintza bidezkoak eta gizarte babesaren bermea bultzatzeko. Halaber, Europako Oinarri Sozial horrek “proposamen zehatzak egin behar ditu familiei eta umeei laguntzeko; jaiotze tasa sustatzeko; soldaten arrakala murrizteko; lana eta familia bizitza uztartzeko; pertsona nagusiak artatzeko ,bereziki mendekotasun egoeran daudenak, eta baita errefuxiatuen egoeragatik sortu den krisi humanitarioari erantzuteko”. Lehendakariak gogora ekarri duenez Euskadik `Share´proposamena egin du ,erantzunkidetasunean oinarrituta, harrera egiteko politika adostu eta bateratua ahalbidetzeko.

Urkulluk gogoratu du EBk hogeita zortzi Estatu dituela, hauen artean batzuk dira federalak edo hainbat herrik osatuak, nazio errealitateak direnak eta hizkuntza koofizialak dituztenak. Horietako askok aurrekontu eta eskuduntza esanguratsuak kudeatzen dituzte. Hori dela eta, Lehendakariak uste du ezinbestekoa dela “erregioen egoera, eta bereziki `erregio konstituzionalena´ hobetzea, Europako Batasunaren gobernantza hobetzera begira. Erakunde bat sortzea planteatu beharko litzateke zeinetan `erregio konstituzionalek´ parte hartuko duten, hauek izan daitezen Europako Batasunaren benetako eragile , erantzukidetasunez eta erabateko parte hartzearekin Europako politikak eta erabakiak hartzeko prozesuak diseinatzeko prozesuan”.

Amaitzeko, Urkulluk klase politiko osoari eskatu dio “erantzukizunez eta arduraz jokatzea” “iskanbilaren tonua jaisteko eta elkarrekin hitz egin ahal izateko. Gure erantzukizuna da garrantzizko gauzei begiratzea, hiritargoaren benetako beharrekiko hurbiltasuna erakustea eta erantzunak ematea arazo politikoei eta gure gizarteak etorkizunean izango dituen erronkei. Berriz ere azpimarratu nahi dut Europaren etorkizunarekin hitzemanda gaudela, Europa oparoa eraikitzeko, Europa ongizate sortzailea, berdintasunaren aldekoa, aniztasun guztiekin batuta eta maila anitzeko benetako gobernantzan oinarrituta”.