Prentsa Aretoa
Berriak
2019/03/02
Lider bat
Andoni Ortuzarren iritzi artikulua
Xabier Arzalluzen heriotzaren albisteak Madrilen harrapatu ninduen, Diputatuen Kongresuaren inguruetan. Handik ikusita, bere galerak dimentsio berri bat hartzen du. Xabier, euskal politikagintzan den-dena izan dena, belaunaldi oso baten parte izan zen –parte esanguratsua–, klandestinitatetik eta askatasunik ez zegoen egoera batetik irten ginen une hartatik aurrera etorkizun demokratikoa sortzen jakin zuena, diktaduraren berrogei urteren buruan elkarbizitza sustraitzeko aukera bat bideratzen laguntzeko. Eskuzabaltasuna, begirada luze eta zabala eta konpromisoa dira Trantsizio izeneko hura gidatu zuen taldearen ezaugarrietako batzuk, eta Xabierrek egiteko esanguratsu eta garrantzitsua izan zuen lan horretan. Azken ordu hauetan asko eta asko hurreratu zaizkit eta deitu egin didate beren doluminak adierazteko. Arzalluz zuzenean ezagutzeko zoriona izan zutenek gogora ekarri dizkidate haren indarra eta argitasuna bere sinesmenak eta usteak adierazteko orduan. Horien artean, hainbat kazetarik deitu didate –ni neu ere haien artean nenbilen–, Arzalluzengana jotzen genuelako beti bere hizkera erraz eta zorrotzagatik eta eskaintzen zizkigun arrazoi zuzenengatik.
Aktibo Madrilen baina beti Euskadi eta bere nazio eskubideak gogoan, bihotzean eta buruan. Arzalluzen berezko gaitasuna zen bihotzak eskatzen ziona eta buruak gomendatzen ziona egokiro uztartzea, eta politikagintzan oso egokia da hori orekari eusteko, dogmatismoan edo konformismoan erori gabe.
Beste hainbat EGIkideri bezala, niri ere 70. hamarkadaren amaieran odolak barruan irakiten zidan eta Alderdiko burukideei beti eskatzen genien beren abertzaletasuna behin eta berriro erakustea. Orduan ere, Xabier Arzalluzen irakaspenek nire sentimenduak bideratzen eta barruan sentitzen nuena politikaren bidera eramaten irakatsi zidaten. Zenbatezinak dira berak eskaintzen zituen adibideak, parabolak eta hausnarketa zorrotzak, denak hizkera soil eta zuzenean adieraziak, denok ulertzeko modukoak. Eta adierazpen horiekin modelatzen eta zehazten zihoan, urte iskanbilatsu haietan, Alderdiaren josturak. Haietatik guztietatik, bat dago bereziki markatu ninduena: mendira igotzeko orduan, behar bezala igo nahi badugu, hobe dugu aurrez ezarritako bideari jarraitzea, buelta gehiago emanez, bai, gehiago ibili behar izanez, bai, ibilbidea luzeago eginez, bai, baina lasterbideetatik eta ibilbide argirik barik ibiliko bagina baino aukera gehiagorekin gailurrera iristeko. Tesi politiko oso bat gurea moduko herri batentzat, gure aberriaren askatasunerako bidea egiten ari zen eta ari denarentzat. Berrogei urte igaro dira une hartatik eta Xabierren gomendioei eusten diegunok martxan jarraitzen dugu, pausoz pauso, indartsu eta gogotsu. Bien bitartean, beste batzuk lasterbideetatik galdu dira edo igoera bertikalean geratu dira beren indarrak ondo neurtu ez zituztelako. Xabier ezin izan da gailurrera iritsi, baina berak eraman gintuen kanpaleku basera eta prest utzi gaitu gailurrera iristeko bideari ekin diezaiogun.
Kordada horretan, EAJ den kate luze horretan, Xabier Arzalluz ezinbestekoa izan da, katebegi handi eta sendoa, eta Alderdiari eta Euskadiri egin die ekarpen erraldoi eta oparoa. Euskal politikagintzaren ‘handi’ bat izan da. Euskadi beti eraman zuen bihotzean eta buruan, eta Alderdia izan zen berarentzat Aberria eraikitzeko tresna. Xabier Alderdia izan delako. Batzuetan –gehienetan– berarekin ados, beste batzuetan ezbaian, baina betidanik miretsi dut Xabierrek Alderdia bizitzeko zuen modu hura. Alderdikidea zen, baldintzarik gabe. Lider bat joan zaigu, lider erraldoia. Bere neurrira iristeko handikeriarik gabe, baina bere ibilbideak bai izan behar du gure akuilua, aurrera egiteko eta euskal herria berak eta bere belaunaldikoek markatu ziguten bidetik eramaten jarraitzeko. Agur eta ohore, Xabier.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25