Prentsa Aretoa

Berriak

2019/03/06

Mireia Zarate: “Nik ere greba egingo dut Martxoaren 8an”

Hauteskunde Orokorren ondorengo egoerari buruz, EBBren idazkariak ez du uste “eskumaren bloke horren garaipena emango denik eta oraintsu dugun egoera berdina izango dugu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

ETB1eko ‘Egun on Euskadi’ saioan egin dioten elkarrizketan, EAJ-PNVren EBBren idazkari den Mireiak Zaratek ziurtatu du berak ere lan etenaldia egingo duela Martxoaren 8an. “Euskal gizartea eta euskal erakundeak aurrekariak izan gara emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko egitasmoak bideratzen”. Zaratek argitu duenez, pasadan urtean EBBren erabakia izan zen “borrokari aurrera egiteko gure ardurak hartu eta iritziak planteatu behar genituela”. Aurten, ordez, “gauza asko gertatu dira: genero indarkeria kasuak nagusitu dira, epaiketetako sententziek ere ez dute laguntzen, eskumako blokearen planteamenduek… Gauza guzti hauek beldur handia ematen dute, eta aurten erabaki dugu, askatasunez, kargu publikoek ere etenaldia egiteko askatasun osoa izatea. Nik greba egingo dut. Kalera joan behar gara, planto egin behar dugu eta emakumeen lana agertarazi behar dugu”.

Apirilaren 28ko Hauteskunde Orokorren ondoren Moncloan nor izango den galdetuta, buruzagi jeltzaleak aurreikusi du “orain dagoen egoeraren antzekoa” ikusiko dugula. “Ez dut uste eskumaren bloke horrek garaipena lortuko duenik eta oraintsu dugun egoera berdina izango dugu”. Euskadin geldituko den egoera buruz baikor agertu da baita. Bere ustez, “euskal gizartea jakintsua da. EAJ-k beti euskal interesen alde egiten du, eta hori oraingo legegintzaldian inoiz baino hobeto ikusi da: pentsioak, transferentziak, Kupoa, AHT... eta alderdi desberdinekin egin ditugu akordio horiek. EAJ beti izan da Euskadiren interesak defendatzen dituena eta hori euskal gizarteak ikusi egiten du”.

Amaitzeko, EH Bilduk EAJri A-28an elkarrekin azaltzeko egin omen dion eskaintzari buruz galdetu diote Zarateri. Honen erantzuna, ezin argiagoa. “EH Bilduk aukerak izan ditu EAJrekin akordio txikiak lortzeko, duela aste gutxi izan ditu hain zuzen, baina ez du nahi izan. Adosteko gai dela erakusten digunean, akordio handiak hartzeko momentua izango da. Hasieratik ezezkoa eman genien A-28an elkarrekin joateko telefonoz, proposamenik gabe eta modu bitxi batean gonbidatu zigutenean. Ez dakit EH Bildurentzat, baina EAJrentzat oso garrantzitsua da Madrilen ahalik eta ordezkaritzarik indartsuena izatea bertan Euskadiren interesak defendatzen diren heinean eta, beraz, erantzukizunez jokatu behar dugu”, azpimarratu du.