Next Euskadi
Posta Bidezko Botoa

Prentsa Aretoa

Berriak

2019/05/12

Juan Mari Aburto: “Pertsonak dira niretzat Bilboko proiektu nagusia, euren bizi-kalitatea eta ongizatea”

Horregatik, pertsonen bizi-kalitatearen eta ongizatearen alde lan egiten jarraituko du, Bilbo kohesionatu eta inklusiboaren alde, pertsonarik ahulenek eta behar handienak dituztenek etengabe aurrera doan baina inor atzean uzten ez duen hiri honetako partaideak direla senti dezaten.

rss Ezagutzera eman
Juan Mari Aburto: “Pertsonak dira niretzat Bilboko proiektu nagusia, euren bizi-kalitatea eta ongizatea”

ARGAZKIA JAITSI

Pertsonak dira –umeak, adinekoak, emakumeak...– Juan Mari Aburto EAJ-PNVren Bilboko Alkategaiaren ondorengo agintaldirako proiektu nagusia. Horregatik, pertsonen bizi-kalitatearen eta ongizatearen alde lan egiten jarraituko du, Bilbo kohesionatu eta inklusiboaren alde, pertsonarik ahulenek eta behar handienak dituztenek etengabe aurrera doan baina inor atzean uzten ez duen hiri honetako partaideak direla senti dezaten.

Gaur goizean, Txurdinagako Europa Parkean, Juan Mari Aburtok argi utzi du zein den berarentzat “proiekturik handiena eta garrantzitsuena: pertsonak. Pertsona guztien oinarrizko eskubideak bermatzea eta hiri moderno eta kohesionatua eraikitzen jarraitzea. Bilbo balioez ereitea, horiek baitira hiri osoaren hazirik baliotsuena”.

Bilbok eta Euskadik lehen mailako Gizarte Politika dute, baita erakundeen eta Udalen arteko koordinazioan oinarritutako Gizarte Zerbitzuetako Sistema ona ere. Ildo horretan, hautagai jeltzaleak gogoratu du azken agintaldian etengabe lan egin dutela Bilboko gizarte-zerbitzuak indartzen eta hobetzen jarraitzeko; adibidez, adinekoei zuzendutako programa berrien bitartez, horien bakardadea prebenitu edo gainditzeko edota Aholkularitza Juridikoa eskaintzeko. Horrekin batera, Gizarte Larrialdiko Laguntzen erabateko estaldura bermatu eta Gizarte Politiken aldeko Itun berria abiarazi dute, pertsona guztien beharrei erantzuteko 46 neurri zehatz jasoz, bereziki umeei, emakumei eta lankidetzari arreta emanez, besteak beste.

Bilbo, esku-hartze sozialaren abangoardian

Juan Mari Aburtok datozen 4 urteetarako gogoan darabilen helburua iragarri du: “Gure gizarte-zerbitzuen kalitatea indartzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako sarbide bezala. Pertsonak ardatz dituen arreta bermatzea esku-hartze sozialaren abangoardian, eta gizarte proiektu eta ekintzetan ere hiri erreferentea izatea.”

Gizarte Politiketako lehentasunezko ildoak

Helburu hori lortzeko, lehentasunezko ildo hauek proposatu ditu:

  • Bilbo Uri Adeitsua Adinekoekin delako III. Plana abian jartzea, adinekoen behar eta eskari berriei erantzunez. Bikaintasunezko eta hurbiltasunezko Etxez Etxeko Zerbitzua ematea, adinekoen bakardadea zaintzea, laguntza-sarea zabaltzea, etxebizitzetarako irisgarritasuna, etxebizitza partekatuak bakarrik bizi diren pertsonentzat...
  • Banakako arreta goiztiarra bazterketa-arriskua dagoen egoeretarako.
  • Bilbo Kultura arteko Hiria proiektua garatzeko estrategia berriak.
  • Etxebizitzen premiazko birgaikuntzarako laguntzak ematea. Irisgarritasun planak.
  • Hirugarren Sektore Sozialarekin lankidetzan jardutea.

Agerraldia amaitzeko, Aburtok gogoratu du “harro sentiaraziko gaituen Bilbo solidario eta parte-hartzailea lortu nahi dudala, umeak, adinekoak, emakumeak eta pertsona guzti-guztiak zaindu eta babesten dituena. Izan ere, Bilbok mugitzen gaitu. Bilboko pertsonek mugitzen gaituzte.”

Next Euskadi
Alderdi Eguna 2018