Prentsa Aretoa

Berriak

2019/06/26

EAJ-PNVk eta PSE-EEk Bizkaian gobernu akordioa izenpetu dute herrialdean egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzera begira

Gobernu egitasmoak hamar ardatz ezartzen ditu bizitza kalitatea hobetzeko eta ongizate maila handiagoa eta pertsona guztientzat aukera berdintasun handiagoa bermatzeko

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk eta PSE-EEk Bizkaian gobernu akordioa izenpetu dute herrialdean egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzera begira

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk eta PSE-EEk gobernu akordioa izenpetu dute gaur, Bizkaian, 2019-2023 legealdira begira eta herrialde mailan egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzea xede.Akordio honek etorkizunera begira hamar ardatz estrategiko ezartzen ditu bizitza kalitatea areagotzeko, ongizate maila handiagoa lortzeko eta pertsona guztientzako aukera berdintasun handiagoa bermatzeko.

Azken asteotako bileren buruan, alderdi biotako ordezkariek esan dute, bakoitzaren postulatu ideologikoei uko egin gabe, argi geratu dela Bizkaiko hiritargoak eskatzen duen erantzukizun politikoak exijitzen duela talde bien egitasmoak hurbiltzea, besteak beste, enplegua sortzeko bideak ahalbidetzeko, hazkunde ekonomikoa bultzatzeko, aukera berdintasuna bermatuko duen sistema soziala indartzeko eta, zalantzarik gabe, gizartearen abantzamendua ekarriko duten helburu horiek guztiak lortzeko behar den egonkortasun politikoa ahalbidetzeko.

Horrela, akordioak jasotzen duen legez, jarduera ekonomikoa suspertzeko eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzeko politikei jarraipena ematea eta bultzatzea izango da alderdi bien jardun politikoaren ardatz nagusia. Era berean aldarrikatzen dituzte balio erantsi handia izango duten gizarte zerbitzuak, erkidegoaren ikuspuntutik bideratuko direnak eta hurbilak, malguak, koherenteak, eraginkorrak eta berdintzaileak izango direnak,arreta berezia jarriz egoerarik ahulenean dauden gizatalde eta kolektiboetan.

Era berean hitzeman dute lan egiten jarraituko dutela eta Bizkaiko emakumeen errealitatea aitortzen eta beren ikusgarritasuna lideratzen jarraituko dutela, egiazko berdintasunaren beharra aldarrikatuz eta helburu hori lortzeko urratsak elkarrekin emanez, eta emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartuz eta desagerrarazteko urratsak emanez; era berean adostu dute pertsona guztiek foru zerbitzuak eskuratu beharko dituztela berdintasun eta ekitate terminoetan eta proportzionaltasun eta efizientzia baldintzetan.

Fiskalitatearen esparruan, akordioak aurreikusten du- gizartean behar den ekitaterako, birbanaketarako eta elkartasunerako tresna eraginkorra den heinean- Iruzur Fiskalaren kontrako borrokarako Batzordearen lanarekin jarraitzea eta behar besteko prebentzio neurriak indartzea.

Administrazioaren berrikuntza eta eraginkortasuna eta hauek herritarrengana hurbiltzeko neurriak bultzatzea ere bada itun honetan jasotzen den beste puntu bat. Era berean jasotzen du garraioaren modalitatea eta garraio publikoa lehenestea, erosoagoa eta eraginkorragoa izan dadin, zerbitzu publikoaren iraunkortasuna eta efizientzia ahaztu gabe.

Halaber, talde biek uste dute ekonomia berdea, iraunkortasuna eta klima aldaketaren kontrako borroka direla ingurumen alorrean hartu beharreko erabakien funtsak, eta aldarrikatu dute euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu behar dela.Ildo beretik aldarrikatu dute kultur produkzioa eta kontsumoa babesteko jarduerak bultzatu beharra.

Amaitzeko, EAJ-PNVk eta PSE-EEk herrialdearen etorkizunerako eta Bizkaiko pertsonen bizitza kalitatea hobetzera begira ezinbesteko jotzen dituzten konpromisoak adostu dituzte.