Prentsa Aretoa

Berriak

2019/05/16

Juan Mari Aburtok Bilboko konektibitatea eta garraioa hobetzea proposatu du, hiri barruan erosoagoa eta irisgarriagoa izan dadin nahiz estatu mailan eta nazioartean

Hiria AHTaren lur azpiko iritsierara prestatzeko asmoa iragarri du, Abandoko geltoki berriarekin, Garellanoko Autobus Geltoki Intermodala abian jarri eta Tranbia Atxuritik Boluetaraino luzatu eta Zorrotzaurreko Uhartearekin lotuko dela adierazi du, besteak beste

rss Ezagutzera eman
Juan Mari Aburtok Bilboko konektibitatea eta garraioa hobetzea proposatu du, hiri barruan erosoagoa eta irisgarriagoa izan dadin nahiz estatu mailan eta nazioartean

ARGAZKIA JAITSI

Garraioak, mugikortasunak eta irisgarritasunak Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaiak 2019-2023 epealdirako planteatu dituen ildo estrategikoen nahitaezko osagaiak izaten jarraituko dute. Gogoratu duenez, lau urte hauetan, bultzada sendoa eman zaie, gure hiria mugikortasun iraunkorraren Europako abangoardian kokatuz. “Oinezkoentzako nahiz txirrindularientzako ingurune adeitsuak sortu dira ibilgailuaren protagonismoa murriztuz –nabarmendu du–, eta garraio publikoko sare azkarragoa eta eraginkorragoa sortu da Metroaren 3. linearekin, Bilbobus gehiagorekin, bizikleta gehiagorekin…”

Orain, aurrera jarraitu eta barrura nahiz kanpora begira ondo konektatuta dagoen hiri modernoagoa lortzeko aurrerapauso berriak ematea proposatu du. Iragarri duenez, erronka berria “Bilbo barruko zein nazioarteko eta Estatu mailako konektibitatea eta garraioa hobetzen jarraitzea da, kalitatea eta pertsonen segurtasuna zainduz, izan ere, hiri erosoa eta irisgarria nahi dugu herritarrentzat, hiri modernoa, garapen ekonomiko altua eta etorkizun oparoa duena”.

Hiriko proiektu nagusiak: AHT, autobus geltokia…

Proiekturik garrantzitsuenen artean, lehenik eta behin, hiria Abiadura Handiko Trenaren (AHT) iritsierarako prestatzea nabarmendu du, Abandoko geltoki berriarekin, trenbidea lurperatzearekin eta Hirian sortuko diren aukera-esparru berrien garapenarekin.

Tranbia luzatzeko proiektua ere aipatu du, Atxuritik Boluetarainoko tartea, zehazkiago esanda, Zorrotzaurreko Uhartearekin lotuz. Bilbobus berritzea, autobus elektriko edo hibrido berriak sartuz. taxi elektrikoa sustatzea eta ibilgailu elektrikoetarako birkarga-gune publiko gehiago jartzea. Bidegorri sarea handitzea, hirian bizikleta gehiago egon dadin… Mugikortasun eta garraioaren arloan aurreikusitako ekimenen artean, Juan Mari Aburtok datozen hilabeteotan abiaraziko den “Garellanoko lurpeko Autobus Geltoki Intermodal berria” gogoratu du, “Bizkaiko garraio-nodorik garrantzitsuenetakoa”, haren hitzetan.

Hautagai jeltzaleak AHTaren etorkizuneko geltokiaren ondoan egin du gaurko agerraldia, eta ekitaldiaren amaieran gogoratu du honelako proiektuen garrantzia hiriaz edo Lurraldeaz harantzagokoa dela, “izan ere, ekintza hauek Estatu mailako zein nazioarteko eragina izango dute, eta AHTarekin eta autobus geltoki nagusi berriarekin, konexio ugariagoak, azkarragoak, seguruagoak eta modernoagoak izango ditugu”.