Prentsa Aretoa

Berriak

2019/10/16

Bizkaiko udalek 901,9 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik 2020an

Horrela onetsi da Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluan eta aurten jasotako diru kopuruaren aldean %3,8ko gehikuntza izango da

rss Ezagutzera eman
Bizkaiko udalek 901,9 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik 2020an

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak gaur arratsaldean egindako bilera, 2020. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua egin da, eta, zenbaki orokorretan, 901,9 milioi euro izango dira. Horrela, bada, Bizkaiak udalei ematen dien zerga-itundunen bilketaren zatia % 3,8 hazi da aurten banatutako funtsekin alderatuta, eta Udalkutxaren aurrekontua 869,1 milioi eurokoa da.

Udalkutxa-Udal Finantzaketarako Foru Funtsa arduratuko da kopuru hori Bizkaiko udalerrien artean proportzionalki banatzeaz. Gainera, datu erabakigarria dugu udalek datorren urteko ekitaldirako aurrekontuak prestatu ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.

Bileran, halaber, aurtengo ekitaldia ixteko aurreikuspenak jorratu dituzte. Behin betiko datuak otsailean egingo den Finantzetako Lurralde Kontseiluan emango dituzte ezagutzera, baina, hala ere, badirudi likidazioa positiboa izango dela berriz ere, 18 milioi eurokoa. Kopurua udalen artean banatuko dute 2020ko otsaileko behin betiko likidazioa egin ostean.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost Bizkaiko Foru Aldunditik datoz: Ibone Bengoetxea, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Kontseiluko burua; José María Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzen diputatua; Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako diputatua; Elena Unzueta, bozeramailea eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua, eta José Rubí, Ogasun eta Finantza Saileko zuzendari nagusi teknikoa. Horiez gain, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) ordezkaritzan parte hartuko duten gainerako bost kideak ere batuko dira: Elixabete Uribarri Plentziako alkatea, Ane Legarretaetxebarria Fruizko alkatea, Marta Ajuria Bilboko zinegotzia, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea.