Prentsa Aretoa

Berriak

2019/11/02

Bere zazpigarren diputatuari aurpegia jarri eta “Riverari Foruak pribilejio baino, bere Konstituzioa baino lehenagoko eskubide direla” erakustea eskatu dio EAJ-PNVk

Ortuzarrek Barakaldon proposatu du ‘Aiarza efektua‘, Bizkaitik laugarren eserlekua lortzeko erronka, eta Urkulluk Espainiako politikagintzaren egoera kaotikoa jarri du euskal ispiluaren aurrean: “Madrilen amaierarik gabeko kanpainan daude murgilduta eta Euskadin lan etengabean”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNVk aurpegia, begiak eta egitekoa jarri dizkio, inkesten arabera, A10az geroztik Diputatuen Kongresuan zazpigarren diputatu jeltzalea izango denari. Jon Aiarza du izena, Derion jaio zen, gizarte esparruan zaildutako abokatua, Euskadiren historiaren aditua da eta Bizkaiko zerrendan laugarren doa. Hainbat inkesten arabera, talde jeltzaleak beteko duen eserlekua hartuko du. Bizkaiko laugarren diputatua lortzea da, hain zuzen, Andoni Ortuzarrek gaur EAJ-PNVk Barakaldoko Herriko Plazan 2.000 lagun inururen aurrean egin duen ekitaldian proposatu duen erronka. Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ‘Aiarza efektua’ planteatu du, aipatutako Jon Aiarza bera Diputatuen Kongresura eramatea helburu duen proposamena. Euskal hiritarrek erabakiko dutenaren zain, Ortuzarrek dagoeneko ezarri dio “bere bizitzako atazarik inportanteena eta aldi berean zailena: Riverari eta Kongresuan esertzen diren zentralista horiei guztiei erakustea Foruak ez direla pribilejio bat, gure eskubide direla, Herri gisa dauzkagun eskubideen parte txiki bat, gainera, beren Konstituzioa baino lehenagokoak”. Mitin berean hitz egin dute Barakaldoko alkate andre Amaia del Campok, Bizkaiko zerrendaburu Aitor Estebanek eta Bizkaiko zerrendan hirugarren Josune Gorospek; eta Iñigo Urkulluk. Lehendakariak nabarmendu du Madrilen Euskal Talde sendoa eratu beharra dagoela “birzentralizatzeko eta Estatua uniformizatzeko asmo argiak antzematen direlako”.

‘Aiarza efektua’ sustatzeaz gain, Ortuzarrek alderdikide jeltzaleei eta euskal hiritargo osoari ohartarazi die “abstentzioa, nagia edo bozkatzera ez joatea protesta egiteko edo etsipena adierazteko” erreakzio ulergarriak direla A10era begira, baina azpimarratu du oso arriskutsuak ere direla Euskadirentzat. “Oraingo honetan kontua ez da ezkerrekoen edo eskuinekoen alde egitea, fidagarrien edo fidagarri ez direnen alde egitea baino, eman den hitza betetzea edo ez betetzea. Eta, gaur gaurkoz, fidagarria, benetan fidagarria, Euskadin, Euzko Alderdi Jeltzalea baino ez da”. EBBko presidenteak Espainiako politikaren eta bere liderren panorama azaldu du: “Sánchez ezkutaketan dabil jolasean, azaroaren 11n egingo duena argitu gabe; Iglesias ‘Juego de Tronos’en murgilduta; Casado, moderatu mozorroarekin; eta Rivera, Alderdi Egunera etortzekotan egongo balitz baino galduago. Horiek al dira euskaldunok ordezkatuko gaituztenak? Herri honek gehiago merezi du. Euskal herritarrek askoz gehiago merezi dute. Askoz gehiago. Boto fidagarria merezi dute. Ordezkari fidagarriak merezi dituzte. EAJ merezi dute!”, amaitu du.

Iñigo Urkulluk euskal herritarrei eskatu die EAJ-PNVren aldeko botoa Madrilen talde indartsua osatzera begira “Euskadiren interesak defendatzeko eta Estatuan birzentralizatze eta uniformizatze asmoak antzematen direlako. Estatuak ez du elkarrizketaren eta bide politikoen aldeko apusturik egiten. Madrilen gaurko eztabaida da 155.artikuluaren, Segurtasun Nazionaleko legearen edo salbuespen egoeraren artean. Hori bai, Espainiako Gobernuak urtarrilaren 22an onetsi zituen oraindik bete gabe dauden eskuduntzak Euskadira ekartzeko egutegia eta plana… Baina ez dute hitzemandakoa betetzen. Konpromiso hori betetzeko orduan… funtzioko gobernua omen da. Ez dituzte konpromisoak betetzen”. Urkulluk adibide gisa planteatu du beken kasu mingarria. “Euskadin beken politika aurreratuagoa daukagunez, bururatzen zaien gauza bakarra da gurea murriztea. Daukatena hobetzen saiatu beharrean, hemen daukaguna okertzen saiatzen dira. Karramarroaren politika da hori: denok atzerantz”. Lehendakariak Espainiako politikagintza kaotikoa jarri du euskal ispiluaren aurrean. “Ezin gaitzakete nahastu. Hau da sei hilabeteko tartean egiten dugun hirugarren kanpaina. Madrilen amaierarik gabeko kanpainan daude murgilduta, Euskadin lan etengabean. Eguneroko Euskal Agenda: %2tik gorako hazkunde ekonomikoa; langabezia %10etik behera; lau eurotik hiru gastu sozialerako; aurrekontuetan mila milioitik gora inbertsioetarako; 1.200 milioi euro emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzeko; 600 milioi euro itunpeko ikastetxeentzat, 500 milioi euro klima aldaketaren kontrako borrokarako eta ingurumena hobetzeko, amatasun eta aitatasun baimen berriak funtzio publikoan eta enpresetan. Politika positiboa, Euzko Alderdi Jeltzalea. Boto Positiboa, Euzko Alderdi Jeltzalea”.

Aitor Esteban, Bizkaiko Kongresurako hautagaiak gogoratu duenez, “EAJ izan da katuari joarea ipini diona” jeltzaleek Madrilen pentsioak igotzea edo Hegoaldeko Tren Saihesbideari edo Abiadura Handiari bultzada ematea lortu zutelako, besteak beste, eta berretsi egin du EAJ-PNVren “konpromiso bakarra euskal herritarrekin dagoela”. Horregatik, Estebanek botoa eskatu du “Euskadiren ahots propioa izan dadin” Kongresuan eta Senatuan, “eta ez Madrilgo exekutibek esaten diotenaren mende” daudenak. Ahots propioa, baita ere, “Euskadiko gauzekin Riverak erakusten duen harrokeriari eta agresibitateari aurre egiteko, eta Abascalen frankisten fanatismoaren intolerantziari ezetz esateko, baita Casadoren birzentralizazio iragarpenei, eta PSOEk Ciudadanos edo PPrekin lortu ahal dituen akordioen kontra egiteko. Eta PSOEk Euskadirekin dituen konpromisoak gogorarazteko ere".

Barakaldoko alkate andre Amaia del Campo izan da ekitaldi politikoa hasteko hitzak esan dituena. Bere hitzaldian gogoratu duenez, “iragan apirilean Euskadin, Bizkaian, Ezkerraldean eta Barakaldon lortu genituen emaitzek argi eta garbi erakusten dute gure herrikideek EAJ-PNVren lana aintzat hartzen dutela”. Alkate andrearen hitzetan, argi eta garbi erakutsi da “Madriletik ere Euskadiren mesederako gauzak egin daitezela”. Beraz, “orain inoiz baino gehiago, lanean jarraitu behar dugu gure hiritargoaren alde. Ezin diegu huts egin eta beren konfiantza irabazten jarraitu behar dugu”, amaitu du .