Prentsa Aretoa
Berriak
2019/11/04
Igandean zutik jartzera eta Vox-i eta bere mehatxuei “hemen ez” erantzutera deitu du Urkulluk euskal hiritargoa
Lehendakariak gogor hitz egin du alderdi ultra eskuindarraren kontra: “Demokrazia eta askatasuna inoiz baino gehiago defendatuko dugu”; Estebanek eta Legardak Isabel Celaá Hezkuntzako ministro eta Arabako hautagai sozialistari txarretsi diote “Estatuak Euskadiko beka sistemaren kontra jarri zuen errekurtsoa erretiratu ez izana”
20191104_Iñigo Urkullu. Laudio
HITZALDIA - 2019/11/0420191104_Mikel Legarda. Laudio
HITZALDIA - 2019/11/0420191104_Aitor Esteban. Laudio
HITZALDIA - 2019/11/0420191104_Almudena Otaola. Laudio
HITZALDIA - 2019/11/04
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Iñigo Urkulluk ahotsa jarri dio gaur EAJ-PNVko emakume eta gizon guztiek Vox-eko hainbat bozeramailek asteburu osoan egin dituzten mehatxuen aurrean sentitzen duten sumindurari, Estatuko gainerako talde guztien erantzuna isiltasun mingarria izan dela ikusirik. Gaur arratsaldean, Laudion, Alberto Acero plazan egin den ekitaldi politikoan, Urkulluk Frankismoaren oinordeko den alderdi ultrako buruei ohartarazi die beren bortizkeria eta harropuzkeria guztiak ez duela eraginik izango EAJko alderdikide eta alderdizaleengan, EAJren abala baita 124 urte eman dituela Historiaren alderdi zuzenean. “Ilegalizatuko gaituztelako mehatxua egiten digute orain. Mehatxatu egin nahi gaituzte euskaldunak eta demokratak garelako. Vox-ek eta mehatxu horiek entzutean isilik geratzen direnak ere argi baino argiago izan dezatela: kultura demokratikoa inoizko indarrik handienarekin defendatuko dugu. Euzko Alderdi Jeltzalea gara. Demokrazia eta askatasuna defendatzen dugu. Euskadi defendatzen dugu. Gu nazionalistak, humanistak, integratzaileak, irekiak, kolaboratiboak, positiboak eta eraikitzaileak gara ongizate orokorraren alde. Gertatzen dena gertatzen dela, guk demokrazia defendatzen jarraituko dugu, Euskadi defendatzen jarraituko dugu. Guk beti defendatu dugu Herri hau. Hemendik aurrera ere berdin egingo dugu. Datorren igandean berdin egingo dugu hautestontzietan”, esan du Lehendakariak eta txalo zaparrada beroa jaso du. Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko bozeramaileak, eta Mikel Legardak, Behe Ganberarako Arabako hautagaiak, Alderdi Popularra eta PSOE kritikatu dituzte euskal herritarren interesak defendatzerakoan besoak gurutzatuta geratu direlako eta Araba eta Euskadirekiko erakutsi duten jarreragatik. ‘Popularrei’ txarretsi die Senatuan “Gernikako Estatutua ez betetzea” eskatu izana; sozialistei, beren Hezkuntza ministro eta Arabako zerrendaburuak “Estatuak Euskadiko beka sistemaren kontra jarri zuen errekurtsoa erretiratu ez duelako”.
Urkulluk bere diskurtsoaren azken zatirako utzi du Vox-i eman nahi izan dion erantzun argi eta sendoa, Espainiako politikagintzara oso egoera kezkagarria ekarri duela nabarmenduz. “Aldi berean kezka eta haserrea sentitzen dugu. Hamarkadak daramatzagu birzentralizaziorako dagoen nahia, Estatuak dituen egitura arazo larriak disimulatu nahi dituena, eta nazioaniztasuna ez da horietako bat. Inkisizio politikoaren zantzuak lotsa gabe antzematen dira. Euskadiri ukatu diote berezko duen ezaugarria: nazio dela. Euskadiri ukatu diote berezko duen zerbait: Nazioa. EAJri ukatu diote berezko duen zerbait: erreferente demokratikoa dela. Errespetatzen dudan sentimendu nazionalista espainiarra ezkutatu nahi duen ‘patriotismo konstituzionala’ kontzeptuaz baliatuta, nazionalismo supremazista, baztertzaile eta hertsia azaleratzen da, eta nazionalismoak legez kanpo uztea planteatzen da. Ilegalizatzearekin mehatxatu gaituzte. EAJ hazi egin zen Primo de Riveraren garaian, demokrazia eta errepublikarn legaltasunae defendatu zituen, Europako mugimendu berrian parte hartu zuen, erbestera irten behar izan zuen eta Eusko Jaurlaritzaren duintasunari eutsi zion, diktadura garaian bizirautea lortu zuen, trantsizio demokratikoan lagundu zuen, Eskubide Historikoak, Ekonomia Ituna eta Autogobernua defendatu eta negoziatu zituen. Beti gaitzetsi dugu indarkeria eta terrorismoaren eta totalitarismo guztien kontra borrokatu gara. Estatuaren demokratizazioan parte hartu dugu”, aldarrikatu du. Horregatik, Urkulluren iritziz, eskuindarrekoei eta mehatxuz jositako mezuei aurre egiteko modurik onena igandean hautestontziak betetzea da, “demokraziaren eta Euskadiren aldeko botoekin, EAJren aldeko botoekin. Igandean, Euskadi zutik jarriko da eta argi eta ozen esango du: “Hemen ez! Gure Herrian ez! Pluraltasunari errespetua galtzeari ez. Desberdina dena baztertzeari ez. Birzentralizaziorik ez. Ilegalizaziorik ez. Demokrazia gehiago bai. Euskadi gehiago bai. Hauxe da Euskadiren alde bozkatzeko unea, EAJ bozkatzeko momentua”, baieztatu du.
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, Alderdi Popularraren eta PSOEren kontra hitz egin du euskal herritarren interesen alde egiterako momentuan geldituta geratu delako eta Araba eta Euskadirekiko erakutsi duen jarreragatik. Estebanek gogora ekarri duenez “PP izan zen duela urte bete Senatuan Estatutua ez betetzea eskatu zuena” eta gaineratu duenez Pablo Casadok eta Alfonso Alonsok “behin eta berriz koalizio bat egin nahi zuten Ekonomia Ituna desagerrarazi nahi dutenekin”. “Eta gero PPk dio foralista dela? Bai, zera!”, esan du. Halaber, Estebanek azaldu du Casadok “Hezkuntza eta Osasuna Euskadiri kendu eta Espainiari eman nahi diela”. “Zuen ongizatea okerragotu nahi dute. Arabarrok, autogobernua murriztu eta moztu nahi dute eta Madrilgo kaosean kudeatu nahi dute. Horiei esan behar zaie ezetz, Araba eta Euskadi beren autogobernuarekin harro daudela, gauza guztiak guk geuk kudeatu nahi ditugula, hemendik. Esateko eta lortzeko modurik onena da EAJren alde bozkatzea”, baieztatu du. Hautagai jeltzaleak era berean kritikatu du PSOE ez dela azken urteotan Arabaz kezkatu eta nabarmendu du jarduneko Hezkuntza ministro andre eta PSOEko hautagai Isabel Celaák ez zuela erretiratu Estatuak Euskadiko beka sistemaren kontra aurkeztu zuen errekurtsoa. “Horren guztiaren ondorioa izan da gure ikasleen baldintzak okerragotu egin direla”, esan du. “Hori al da Euskadi defendatzea? Hori al da Araba defendatzea? Arabarentzat zer mesede dakar PSOEko hezkuntza ministro andrea diputatu aukeratzeak? Ezertarako edo are okerragorako”, ezarri du. Estatuan ematen ari den “panorama etsigarri” horren aurrean, Estebanek jarri du EAJren eredua. Nabarmendu du “oso harro” sentitzen dela “herri honentzat probetxugarria” izan delako. Horregatik “egiten jarraitzeko”, gure autogobernua defendatzen jarraitzeko, gure hiritargoaren bizitza kalitatea hobetzen jarraitzeko, Euskadin egiten dugun bezala gizarte politikak bultzatzen jarraitzeko”, eskatu die botoa Euskadiko emakume eta gizonei.
Diputatuen Kongresurako Arabako zerrendaburu Mikel Legardak, bere aldetik, gogora ekarri ditu Estatuan nagusi diren “inkomunikazioa, gatazka, pertsonalismoak eta interes partidista zikina”, berriro ere hauteskundeak deitu behar izatera ekarri gaituztenak.Era berean esan du EAJ-PNVk eginahalak egin dituela “bere botoak ordainik gabe eskainiaz”. “Hauteskundeak berriz ere egin behar izate honek garamatza ‘ikaratik beldurrera’, barraketako sorginen trenean bezala. Ikara irteerarik ez duen kale estu batean sartuko garelako Sánchezek ‘low cost’ inbestidura bilatzen badu. Eta, beldurra , Sánchezen eta Casadoren artean ‘abstentzio patriotikoaren bidez’ behe intentsitateko koalizioa adosten badute, ‘Espainia Plana’ ekarriko dutelako zentralismoarekin eta erakundeen kalitate demokratikoaren degradazioarekin batera”, adierazi du. Zentzu berean, Legardak Arabako herritarrei proposatu die hausnarketa egitea. “Pentsa ezazue zuen gauza guztiak nork defendatzen dituen. Pentsa ezazue zuen gauzetan nork pentsatzen duen. Pentsa ezazue, esate baterako, zertarako balio duen Araba ordezkatzen duen Hezkuntza ministro andrea izateak, gero gure beka sistema zapaltzen badu”.
Almudena Otaolak, Senaturako Arabako hautagaiak, Euskadi ekonomia, gizarte estaldura, bizitza kalitatea eta ongizatearen arloetan Estatu mailako aurreneko postuan egotea balioetsi du, “konpromiso, zorroztasun eta erantzukizunarekin” lan eginez lortutako emaitza, “eta Euzko Alderdi Jeltzaleak defenditzen jarraituko duena, gure erakundeen politikekin elkarlanean, hazten jarraitzeko”. Beste behin, Euskal Agenda goraipatu du “gure ongizatearentzat klabea” dela azpimarratuz, beste alderdi batzuek Madrilen defendatzen ez duten agenda “beraien talde parlamentarioetan azukre koskor baten modura urtzen direlako edo Euskadiren interesekin zerikusirik ez duten Taldeetan elkartzen direlako”. Horregatik, EAJ-PNVri botoa ematea eskatu du, “Arabaren ahots propioa ozen eta argi entzun dadin Madrilen. Gure ordez erabaki ez dezaten”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25