Prentsa Aretoa

Berriak

2019/12/30

Euskal Agenda garatzeko eta ezberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetzen duen inbestidura akordioa izenpetu dute EAJ-PNVk eta PSOEk

Andoni Ortuzarrek eta Pedro Sánchezek Madrilen izenpetu dute hamabi puntuko dokumentua, EAJ-PNVko sei diputatuek hautagai Sozialistari emango dioten baietza eta Gernikako Estatutuaren arabera falta diren transferentziak burutzeko konpromisoa jasotzen dituena

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Espainiako jarduneko presidente eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sánchezek, gaur eguerdian Madrilen izenpetu dute  berrautaketara  aurkezten den hautagai sozialistaren inbestiduran sei  diputatu jeltzaleek baiezko botoa emango dutela hitzemateko akordioa (ikus erantsitako agiria).  EAJ-PNVren “baietzaren” truke, Sánchezek eta PSOEk  hainbat konpromiso hitzeman dituzte EAJ-PNVrekin, besteak beste Euskal Agendaren garapena,  Gernikako Estatutuaren arabera pendiente geratzen diren eskuduntzak EAEko erakundeen ardurapean jartzea eta alderdi eta erakundeen arteko elkarrizketaren aldeko apustua “Kataluniako auziari zein EAEko Estatutu berriaren negoziazioari eta akordioari irtenbide egokia aurkitzea xede, bien sentimendu nazionalak kontuan hartuta”.  Halaber, azpiegituretan inbertitzeko apustu erabakigarria egitea, bide berriak zabaltzea “Kirolaren eta kulturaren esparruan Euskadik nazioarteko ordezkaritza  izan dezan bultzatzeko” eta sei hilabeteren buruan Trafiko eskuduntza Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea dira akordioak jasotzen dituen beste gai nagusiak. Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Esteban, alderdi bien artean  akordioa izenpetzeko ekitaldian izan da.

Diputatuen Kongresuan Gobernu zentralarentzat erreserbatuta dagoen  gelan alderdi bien arteko akordioa izenpetu ondoren, Ortuzarrek bertan bildu diren hedabideei erantzun die. “Azaroaren 10eko gau hartan esan genuen erantzukizunez jardungo genuela,  eta hala egin dugu”, esan du. “Gaur izenpetu dugun akordioa horixe da, erantzukizunez aritzea. Erantzukizunaren bidea hartu behar  dugu politika dagokion bidera eramateko, ezberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetzeko eta Estatuko Gobernuari ahalik eta egonkortasun handiena eskaintzeko”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Ortuzarrek, era berean, bere poza nabarmendu du gaur izenpetu duten hitzarmenaren poderioz EAJ-PNVk Euskadirentzako bermeak lortu dituelako. “Bermeak, behingoz, Gernikako Estatutua betetzeko; autogobernurako Estatus Berria sortzeko; Euskadik kalitatezko azpiegiturak izan ditzan; bermeak euskal industriarentzat, Europan  presentzia izan dezagun, gure kirol selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzerik izan dezaten; elkarrizketak politikaren judizializazioa ordezka dezan. Azken finean, Euskal Agenda garatzeko bermeak”, nabarmendu du.  Buruzagi jeltzaleak aitortu du “pozik” dagoela “gure ekarpen apala eskaini ahal dugulako Estatuko politika gaurko paralisi eta ezkortasunetik ateratzeko eta, aldi berean, euskal interesak Madrilen defendatzeko, horixe delako gure helburu eta nortasun ezaugarri nagusia”.