Prentsa Aretoa

Berriak

2020/02/18

PPk Konstituzioari men egiteko formulak mugatzeko aurkeztu duen proposamenari uko egin dio Euskal Taldeak

Mikel Legardak aditzera eman duenez “ezin dugu bat egin planteatu den ikuspuntuarekin, ez eta neurriekin ere”, eta baldintza ezabatzea aldarrikatu du “hika-mikarekin amaitzeko modurik arinena delako”

rss Ezagutzera eman
PPk Konstituzioari men egiteko formulak mugatzeko aurkeztu duen proposamenari uko egin dio Euskal Taldeak

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Euskal Taldeak gaur adierazi du ez dagoela ados Konstituzioari men egiteko formulak mugatzera begira Partido Popularrak Araudia aldarazteko aurkeztu duen proposamenarekin.

Mikel Legardak Diputatuen Kongresuan gogoratu du LOREG eta Kongresuko eta Senatuko Araudiak direla men egiteko derrigorra baldintza formaltzat ezartzen dutenak, baina gaineratu duenez “baldintza hori ez betetzeak ez du izaera hori ezabatzen”. Diputatu Jeltzaleak baieztatu duenez “konstituzioaren ikuspuntutik, aldarrikatzea bezain zilegi da anakroniko, ezegoki edo edukirik ez duen oskoltzat jotzea, eta iritzi horretakoa da Euskal Taldea ere”.

Horregatik eta PPren ikuspuntu eta neurriekin ados ez dagoela adierazi ondoren, Legardak aldarrikatu du hika-mikarekin amaitzeko modurik arinena dela men egiteko derrigorra ezabatzea “Konstituzioaren kontrakoa ez den arren, ez baitu halakorik derrigortzen”.

Amaitzeko, diputatu jeltzaleak baieztatu du Talde Popularraren proposamenaren azken helburua dela “Ganberako presidentetzari presio zorrotza egitea”, eta horrekin ere ez dago ados Euskal Taldea.

PROZEDURA KRIMINALAREN LEGEAREN 324. artikuluaren ALDARAZPENA

Beste alde batetik eta Unidas Podemos taldeak Prozedura Kriminalaren Legean instrukziorako ezartzen den gehieneko epea indargabetzeko aurkeztu duen proposamenaren harira, Legardak adierazi du Euskal Taldeak ekimena babesten duela, baina ñabardura modura gaineratu duenez “instrukzioaren iraupena ezin da mugagabea izan”.

Bere hitzetan “mugarik gabeko aulki-zigorrak ekarriko luke atzerapenik gabeko prozesua izateko oinarrizko eskubidearen segurtasun juridikoa urratzea eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean jasotzen diren oinarrizko eskubideak eta prozesuaren bermeak haustea”. Ildo beretik, Legardak adarrikatu du “instrukzio mugagabearen eta bete ezin izango diren epeen arteko oreka”.