Prentsa Aretoa
Berriak
2020/03/18
Aitor Estebanek EAJ-PNVren babesa adierazi du Espainiako gobernuak Koronabirusaren krisia gainditzeko hartu dituen neurrien aurrean, baina Sánchezi eskatu dio salbuespen egoera hau “behar baino gehiago” ez luzatzea
Diputatuen Kongresuan gaur egin den Ezohiko Bilkuran, bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du “likidezia bermatu beharra dagoela” enpresen itxiera saihesteko. Ildo beretik deitoratu du Europa ez dela behar den neurria ematen ari, eta biktimak eta langileak gogoratzeko hitzak esan ondoren erreklamatu du “osasun krisiei aurrea hartzeko eta alerta-egoerak antzemateko nazioarteko sistema” abian jartzea
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Aitor Estebanek, Euskal Taldearen bozeramaileak, Espainiako gobernuari EAJ-PNVren babesa adierazi dio Koronabirusaren krisiari eta egoera honek ekarriko dituen ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko hartu dituen neurrien aurrean, baina Pedro Sánchezi eskatu dio une honetan gauden salbuespen egoera “behar baino gehiago ez luzatzea”. Gaur goizean egin du Diputatuen Kongresuan egin den Ezohiko Bilkuran. Esteban izan da bertan jeltzaleen ordezkari bakarra.
Hitza hartu duenean, Estebanek adierazi du Gobernuak “apustu handia” egin duela onartu diren neurri ekonomikoekin, eta esan du hori dela “hartu beharreko bide egokia”, neurri horiek hartu ezean “ondorioak oso latzak” izango liratekeelako. Baina Ministroen Kontseiluak onartu dituen Errege Lege Dekretuetan jasotzen diren neurri sozialez harago, Estebanek nabarmendu du “likidezia bermatu beharra dagoela”, helburu nagusia delako “gure enpresak ez ixtea eta ekonomiaren funtzionamendu egokia ahalbidetzea”. Azken finean “une honetan gelditu beharra duten enpresak ez ixteko”.
Dena dela eta bere taldearen babesa berretsi eta administrazio ezberdinen artean ematen ari den koordinazioa egokia dela aitortu arren, Esteban kritiko agertu da Espainiako gobernuaren formekin Estatuaren eskuduntzen egiturari dagokion aldetik eta adibide eredugarritzat azaldu du Angela Merkelek Alemaniako länder-ekin ezarri duen sistema.
Kritikarekin jarraituz, bozeramaile jeltzaleak deitoratu du Europak ez duela “egoera honetan eskatzen zaion neurria eman” eta Sánchezi eskatu dio Europako esparruan erreklamatzea oraindik abian jarri ez diren mekanismoak martxan jar ditzatela, hauen artean MEDE izenekoa. Nazioarte mailan ere, Estebanek proposamen bat planteatu du etorkizunera begira COVID-19 honen moduko pandemia globalei aurre egin ahal izateko: osasun krisiei aurrea hartzeko eta alerta egoerak ezartzeko nazioarteko sistema eratzea. “Gaur egun ez dago halakorik”, salatu du Estebanek, eta “nazioarte mailako lankidetza guztiz funtsezkoa da gauden egoerara ez iristeko. Konponbideak ezagutza partekatutik eta nazioarte mailako lankidetza handiagotik etorriko dira”.
Amaitzeko, Estebanek hitz batzuk esan ditu biktimak gogoratzeko eta langileei eta gizarte osoari bere esker ona adierazteko: “Amaitzeko, baikortasuna transmititu nahi dut, ni baikor nagoelako. Denok egoeraren larritasunaz jabetzen bagara eta neurriak seriotan hartzen baditugu, une latz hau laster gaindituko dugu. Eta bereziki gogoratu nahi ditut biktimak, doluminak adierazi nahi dizkiet beren senideei eta nire eskerrik zintzoena salbuespen egoeran lan egiten ari diren guztiei, denon onbeharrez beren burua arriskutan jarri dutelako. Eta bereziki nire esker ona gizarteari erakusten ari den diziplinagatik, neurriak ulertzeagatik eta agintarien gomendioak betetzeagatik”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25