Prentsa Aretoa
Berriak
2020/04/16
Unai Rementeriak iragarri du Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saila protokolo bat aztertzen ari direla adineko pertsonen isolamendua egokitzeko eta bizi-kalitatea berreskuratzeko
"Isolamendua ezinbestekoa zen, baina salbuespenezko neurria izan behar du. Eta behar-beharrezkoa den denborarako bakarrik; orain, egoera pixkanaka nola normalizatu pentsatzea tokatzen da", aurreratu du
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur goizean iragarri duenez, protokolo bat aztertzen ari dira egoitzetan dauden adinekoek euren bizi-kalitatea berreskuratzeko eta COVID-19ak zentro horietan sortutako egoera normalizatzen joateko. Unai Rementeriak azaldu duenez, dagoeneko 418 pertsona izan daitezke medikuaren alta jaso dezaketenak berrogeialdia gainditu ostean. Egoitzetan atzemandako positiboen erdiak baino gehiago dira.
Rementeriak agerraldia egin du gaur goizean, berak eskatuta, koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak bere eskumen-esparruetan garatzen ari den jardueren berri emateko. Agerraldi honetan foru erakundeak azken asteetan eman dituen urratsak eta hartutako erabakiak zehaztu ditu, eta Bizkaia konfinamenduaren amaieraren ostean etorriko zaigun egoera konplexuari bermeekin aurre egiteko egiten ari den lana aurreratu du.
Ahaldun Nagusiak hildakoak eta oraindik gaixotasunaren ondorioak pairatzen dituzten pertsona guztiak oroitzeko mezu batekin hasi du esku hartzea. Eta emozioz eta esker onez hitz egin du lurralde aktiboari esfortzu handiz eusten dioten profesional eta boluntario guztiak gogora ekarrita. Krisi honen gogortasuna azpimarratu du Rementeriak, eta erakundeetatik ere aurre egin beharreko kudeaketa zaila azaldu du, larrialdiek, ziurgabetasunek eta beldurrak baldintzatuta lan egiten ari direlako. "Ziurtatzen dizuet Bizkaiko Foru Aldundia ez dela gelditu krisiaren ondorioz. Behar genuen lekuan egon gara, agian urduriago, agian presaka eta pentsatzeko ia denborarik gabe, baina gure geure lekuan. Erabakiak hartuz eta erantzukizunei aurre eginda. Eta, batez ere, premiazko arazoei irtenbide azkarrak bilatuz. Inoiz izan ez ditugun arazoak dira", adierazi du.
Egoitzak, lehentasuna
"Premiazko arazoetan finkatu gara. Eta, batez ere, gehien behar gintuenari laguntzean. Eta gehien behar izan gaituena eta oraindik behar gaituena Bizkaiko adineko pertsonak dira. Birusak gehien kaltetu dituenak. Krisi honetako ahulenak. Egoitzetan daudenak eta etxean jarraitzen dutenak. Gure erabateko lehentasuna izan dira eta dira. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara horiei guztiei laguntzeko. Krisi hau ahalik eta duintasun handienarekin pasa dezaten", azpimarratu du Ahaldun Nagusiak.
Adineko pertsonen egoitzek bizi duten egoerari buruzko datu eta xehetasunak eman ditu Unai Rementeriak. "Erne gaude beti. Ahaleginik handienarekin jarraitzen dugu. Lan poltsak eta bajan dauden langileei egindako testek zaintzaileen plantillak indartu dituzte. Atzo arte, 80 geriatriako laguntzaile eta erizaintzako 12 unibertsitate-diplomadun kontratatu zituzten 22 egoitzatan. Gaur beste 248.000 maskara kirurgiko eta beste 7.120 babes-maskara, mantalak eta eskularruak banatzen hasiko gara. Egoera zaila da oraindik, baina duela astebete baino hobea da. Egoitzek ospitaleen joera bera jarraitzen dute, baina zortzi eguneko atzerapenarekin. Gure zentroetara olatu bera iritsi da zortzi egun horiek igarota", zehaztu du Ahaldun Nagusiak.
Eta datu gehiago eskaini ditu: kaltetutako hogei bat egoitza izatetik 39ra pasatu da. Kontuan hartu behar da guztira 155 egoitza direla. Sare honek 10.748 pertsona artatzen ditu. Lehen asteetan ehun positibo izatetik, 824 positibo izatera pasatu da. Eta horietatik, 153 daude ospitaleratuta. Eta 824 pertsona positibo horietatik 418k, erdiak baino gehiagok, berrogeialdia gainditu dute. Gaur birusa gainditzeagatik alta klinikoa izan dezaketen 418 pertsona.
Unai Rementeriaren ustez, datuek erakusten dute isolamendua funtsezkoa izaten ari dela, baina bisita erregimena aldatzea ere oso erabaki zaila izan zela gogoratu du. "Isolamendua ezinbestekoa zen, baina salbuespenezko neurria izan behar du. Eta behar-beharrezkoa den denborarako bakarrik. Orain, egoera pixkanaka nola normalizatu pentsatzea tokatzen da. Berriro ere pertsona osasuntsuez hitz egiten dugulako, bizi-kalitatea behar duten pertsonez. Horregatik Osasun Sailarekin pertsona horiei guztiei egingo diegula proba, birusa gainditu dutela baieztatzeko, adostu genuen atzo. Eta denon artean protokolo bat ezarriko dugula, egoitzetako bizikidetza berriz ere ahalbidetzeko. Eta berriro diot ahal dugun guztia egiten ari garela. Bi zentro ireki ditugu positiboak kontzentratzeko eta kutsatzeak gutxitzeko. Eta Osasun Sailarekin batera hirugarren bat zabalduko dugu Santurtzin, beharrizan bereziak dituzten pertsonak hartzeko, hauskorrak, etxera itzuli ezin direnak", iragarri du.
Krisi honetan biktimen eta kaltetuen datuen kudeaketa zorrotza eta arduratsua egin dela defendatu du Ahaldun Nagusiak. Azaldu duen moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak egunero bidaltzen dizkie datuak Osasun Sailari eta Fiskaltzari, testuinguruan kokatu ahal izateko. Era berean, egoiliarren familiek zuzenean jasotzen dute informazioa. Bestalde, erakundeak 48 orduro jakinarazten du kutsatzeen bilakaera eta, duela 8 urtetik egiten den bezala, hilero ematen dira ezagutzera lurraldeko egoitzetan hildakoen datuak. "Modu honetan jokatzea zorrotzagoa eta arduratsuagoa dela uste dugu. Halaber, datuak aurkezteko modu hori zorrotzagoa eta arduratsuagoa dela uste dugu. Gizartean heriotza-tasak gora egiten badu, egoitzetan ere gora egingo du. Hazkuntza hori are handiagoa izan daiteke, gehien kaltetutako biztanle-taldea delako; egoitzetan bizi den biztanle-taldea, hain zuzen ere. Ez dugu ezer ezkutatzeko", esan du Rementeriak eta, ondoren Fiskaltzari eta Osasun Sailari bidalitako azken txostenaren datuak azaldu ditu. Hala, krisia hasi zenetik, egoitzetan ingresatuta dauden 10.000 pertsonetatik 157 hil dira Covid-19aren eraginez, eta hogei gaixotasunaren ondorioz hiltzearen susmoarekin. 247 profesional daude bajan positibo emateagatik. 80-89 urteko biztanleen artean Covid-19aren hilgarritasun-indizea % 20,4koa da Euskadin; Bizkaiko egoitzetan, berriz, % 18,16koa da.
Euren etxeetan bakarrik bizi diren adinekoei buruz, Bizkaiko Foru Aldundiak 15.710 dei egin ditu atzo arte, pertsona horiekin hitz egin eta horien guztien egoera eta beharrizanak ezagutzeko. Laguntza-programa bat aktibatu da erosketekin eta beste bat sendagaiekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta farmazialarien elkargoarekin koordinatuta. Biak lurraldeko 3.774 boluntario dituen Bizkaia Gara sareak lagunduta.
Adierazle ekonomikoak
"Krisiaren kalte ekonomikoak ere handiak izango dira. Une honetako beste ziurgabetasun handietako bat dira. Esku artean ditugun adierazleak kezkagarriak dira. Langabeziak gora egin du 2010eko mailetara, krisi mailetara. 72.668 pertsona. 2019ko martxoan erregistratutakoak baino 5.373 pertsona gehiago, %7,98 gehiago. ABEEn (ERTE) espedienteen kopurua 10.000 baino gehiagokoa zen martxoaren amaieran. Horietatik % 98 derrigorrezkoak dira, eta 60.300 langileri eragiten diete. Lehen kalkuluen arabera BPG % 3,6 jaitsiko da euskal ekonomian. BPGa % 3,6 jaiste horrek mila milioiko murrizketa ekarriko luke Bizkaiko diru bilketan. Eta 300 milioi gutxiago izango lirateke Aldundiarentzat eta Bizkaiko udalentzat. Aurreikuspenak baino ez dira, hilabete batzuen buruan jakingo dugu benetako eragina. Baliabide publikoak erortzeko eszenatoki baterako prestatu behar gara. Eta agertoki horrek maxima bat uzten digu: ezin dugu jarduera ekonomikoa erortzen utzi. Osasunak eta ekonomiak bateragarriak izan behar dute", hausnartu du Rementeriak.
Hala, enpresetan langileen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu du Ahaldun Nagusiak. Eta gogorarazi du Aldundiak harreman estua duela sektore ekonomiko guztiekin, eta joan den martxoaren 18an premiazko zerga-neurrien lehen sorta onartu zuela, inpaktu handiena jasan duten sektoreetan eta haien likidezia faltan pentsatuz. "Horregatik atzeratu genuen autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek zergak ordaintzea hiru hilabetez, bermerik gabe eta berandutze-interesen sortzapenik gabe. Horregatik eten genituen borondatez 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako autonomoen PFEZaren ordainketa zatikatuak. Horregatik azkartu genituen enpresei eta autonomoei egindako itzulketak. Eta horregatik mantendu dugu errenta kanpainaren hasiera, zergadunei itzulketak arintzeko eta likidezia irits dakien. Nabarmendu nahi dut saiatuko garela lehen itzulketak autonomoentzat izan daitezen", gogoratu du.
Krisi-mahaia eta erakundeen arteko koordinazioa
Unai Rementeriak azaldu duenez, foru erakundeko Gobernu Kontseilua egunero biltzen da modu telematikoan, eta krisi mahai bat dago, Ahaldun Nagusiak berak zuzendua eta joan den martxoaren 16an sortu zena, lurraldearen egoerari, zerbitzu publikoei eta beste erakunde eta organismo batzuekiko koordinazioari buruzko informazioa zentralizatzeko. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren lehen neurri eta erabakiak otsailaren 25ekoak dira, Euskadin oraindik kasu positiborik antzeman ez zenean. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren lehen neurri eta erabakiak otsailaren 25ekoak dira, Euskadin oraindik kasu positiborik antzeman ez zenean. Egun horretan, Gizarte Ekintza Sailak Covid-19ari buruzko lehen plangintza egin zuen. Eta bi egun geroago, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak langile guztiei bidali zien lehen jakinarazpena, birusari buruzko higiene-arauekin eta informazioarekin.
Ordutik erabakiak hartu dira egunero sail guztietan. Rementeriak gogorarazi duenez, alarma-egoera deklaratu aurreko egunetan itxi egin ziren aurrez aurreko arreta-zerbitzuak, deialdi publikoen epea luzatu zen, garraio publikoan bidaiarien arteko distantzia zentzuz aplikatzea sustatu zen, adinekoei dei egin zitzaien etxebizitzetan jarrai zezaten, funtzionarioen arteko telelana sustatu zen eta Larrialdietako Foru Plana aktibatu zen.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25