Prentsa Aretoa

Berriak

2020/04/20

Alarma egoera arintzea eskatu dio Aitor Estebanek Sánchezi, Lehendakariak egin zituen proposamenen ildotik

ETB1en egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldeko bozeramaileak ohartarazi du “Berreraikuntza Mahaiaren” zeregin nagusia ekonomiara bideratu beharra dagoela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur aldarrikatu du konfinamendu edo euste neurriei eutsi beharra dagoela, baina era berean proposatu du alarma-egoeraren luzapen berri honi heldu ahal izatea “deskonpresio neurri” deitu diren batzuk hartuz, besteak beste adingabeei kalera irteteko aukera emanez, Iñigo Urkullu Lehendakariak eginiko planteamenduaren ildotik.

ETB-1en `Egun on Euskadi´ telebista saioan egin dioten elkarrizketan,Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak berretsi du krisia kudeatzeko ereduak Alemanian jarraitzen dutena bezalakoa izan beharko lukeela, non Länder-ek beren jarduera esparruan erabakitzeko boterea daukaten, Espainiako Estatu eredua nolakoa den aintzat hartuta. “Behin eta berriro errepikatzen digute Estatu deszentralizatuan gaudela, Europako estaturik deszentralizatuenean,… baina gero, oraingoa moduko egoera batean, argi dago zer gertatzen den. Zergatik ez da hemen Alemaniako eredua jarraitzen? Ez du ematen Estatu eredua eta funtzionatzeko modua eskutik doazenik”, kritikatu du Estebanek Autonomia Erkidegoek beren neurri propioak hartzeko aukera izan beharko luketela aldarrikatuz, plan zabalago baten barruan eta bakoitzak bere errealitateak eta gizarteak ezagutzen dituztela aintzat hartuz,betiere.

“Berreraikitze mahaia” izenarekin ezagutzen denaz galdetuta, Estebanek gogora ekarri du EAJ-PNVk lehenetsi beharreko jotzen duela “botere publikoek esfortzu ekonomiko berezia egitea osasun krisia gainditutakoan ekonomia suspertzeko” eta, beraz “neurri ekonomiko garrantzitsuak hartu beharko direla”. Dena dela, ez du zuzen jo Espainiako gobernuak “krisiaren aitzakia” baliatzea “eskuduntzak birzentralizatzeko”. “Sánchezek adierazi zidan Mahai bakarra egongo zela ekonomiaren inguruan, baina ondoren alderantzizko adierazpenak entzun ditugu (Mahaiak osasun gaietarako edo gai sozialetarako irekiz). Horrela bada, arazoak egongo dira”, ohartarazi du Estebanek.

Amaitzeko, jeltzaleen bozeramaileak kritikatu egin du Espainiako gobernua atzeratuta dabilela maskaren prezioa mugatzeko erabakiari dagokionez. “Ez dut ulertzen zergatik ez den lehenago egin, baina ez dut ulertzen zergatik ez den agindua lehenago eman” Ildo beretik eta maskarak “derrigorrez erabiltzeko elementu” bihurtzeaz, Estebanek aldarrikatu du beren BEZa murriztu beharko litzatekeela.