Prentsa Aretoa

Berriak

2020/04/22

EAJ-PNVk Luzapenari “baietza” emango diola adierazi dio Estebanek Sánchezi, baina “ jarrera aldaketa” exijitu dio elkarrizketan eta Autonomia Erkidegoen parte hartzean, babes hori ematen jarraitzeko

Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzaleak Sánchezi eskatu dio “berehala” has dadila deseskalatze prozesua autonomia erkidegoekin adostuta planifikatzeko, eta bere zalantzak adierazi ditu PPk eta PSOEk proposatu duten Parlamentuko Batzordearen inguruan: “Ez dugu onartuko Euskadiren autogobernua auzitan jartzea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Euskal Taldeko diputatuak, Diputatuen Kongresuko hizlarien tribunatik iragarri du EAJ-PNVk baietza bozkatuko duela Espainiako Gobernuak alarma-egoera luzatzeko egin duen proposamenaren bozketan baina, azken asteotan alderdi jeltzaleak aditzera eman duen mezuaren ildo beretik, “jarrera aldaketa” erreklamatu du krisiaren kudeaketan, hau da “ziurtasunak bat-batekotasuna ordezka dezala eta dekretuaren ordez erabakiak hartu baino lehen erakundeekin eta alderdiekin hitz egin dezatela tokian tokiko eskuduntzak errespetatuz eta Autonomia Erkidegoak prozesu honen parte hartzaile eginez”, hemendik aurrera babes hori jasotzen jarraitu nahi badute.

Gaur egin den osoko bilkuran, Estebanek Sánchezi eskatu dio hurrengo asteotan etxealdi honetarako jarri diren neurriak “nola arinduko diren” azaltzea, “inguruko herrialdeetan egiten ari diren bezala” eta zentzu berean eskatu dio “Estatuko gobernuak ezarri dituen ildo nagusiekin ados, Autonomia Erkidegoak izan daitezela tokian tokiko presidenteen bidez neurri horiek egokitzeko eta beren lurraldeetan aplikatzeko ardura izango dutenak, tokian tokiko egoerak beraiek ezagutzen dituztelako”. “Hamabost egun barru alarma-egoeraren beste luzapen bat eskatzera etortzeko asmoa baduzu, pentsa ezazu lan egiteko modu hau nola antolatuko duzun. Has zaitez hemendik aurrera egiten, bestela, eta aurreratzen dizut, ez baituzu gure babesa jasoko”, baieztatu du.

EAJ-PNVk azken aldi honetan erreklamatu duen koordinazio eta elkarrizketaren ildo beretik, Estebanek gogora ekarri du gutxieneko errenta ezartzeko proiektua “Gobernua Guadianaren ibilbidearen antzera iragartzen ari dena eta konplexutasun eta sakontasun nabarmenak dituena”. Neurri honi dagokionez, Estebanek argi baino argiago hitz egin du: “Uler dezakegun gaia da, Euskadiko autonomia erkidegoan duela 30 urte martxan jarri zen gaia delako. EAJ-PNVk proposatuta, antzeko sistema integral bat jarri zen abian. Baina,horregatik, eraiki behar da baina dagoena suntsitu gabe eta, beraz, sistema biak bateragarri egin behar dira juridikoki zein ekonomikoki. Ez dago bide sinplerik eta presaka eginiko iragarpenekin”.

Halaber, Estebanek berretsi duenez “Estatuak ez du erakutsi krisiaren kudeatzailerik onena denik, ezta arinena ere” eta kezkatuta agertu da maskaren produkzioan sortzen ari diren “botila-lepoengatik”, Industria Ministerioa nahiko atzeratuta dabilelako homologazioarekin. “Prototipo batzuek denbora gehiago itxaron dute homologatzeko, garatzeko baino”, deitoratu du.

Kongresuko bozeramaile jeltzalea oso kritiko agertu da PP eta PSOE alderdiek berreraikitzeko prozesurako adostu duten parlamentuko batzordearekin. “Bidai hori egiteko ez ziren horrenbeste buelta behar”, esan du Estebanek Gobernuak etorkizunari buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko planteatu duen planaren inguruan zabaldu dituen mezu kontraesankorren inguruan. “Ez dira moduak. Ez dakit hau dena nola amaituko den eta parlamentuko batzorde hau nola garatuko den, baina une honetatik bertatik argi eta garbi utzi nahi dizuet ez dugula lagunduko, pandemia hau moduko egoera konplikatua baliatuta batzuek erakundeen autonomia murriztu dezaten. Ez ezazue gurekin kontatu horretarako. Zintzotasun osoz lan egingo dugu krisi honen ondorioak atzean uzteko, baina ez dugu onartuko,gaur egungo inguruabarrak baliatuta, gure herriak bere burua gobernatzeko duen borondatea ahultzea. Esango didazue benda jartzen ari naizela zauria egin baino lehenago. Esan ezazue nahi duzuena. Baina hau da euri zaharraren gainean euri berria egitea bezalakoa, eta hemen denok ezagutzen dugu elkar”, amaitu du.

Hitza hartu duenean, Estebanek Espainiako gobernuaren kudeaketa komunikatiboa deitoratu du hartu nahi diren neurriei dagokienez. “Esan zaigu ez dela presaka ibili behar neurriak arintzen hasteko, baina ez lirateke presaka ibili behar ezta erabakiak ezagutzera emateko orduan ere”, laburbildu du. Hala, Espainiako gobernuak haurrei kalera irteteko baimena emateko erabaki polemikoaz hitz egin du, ordu gutxiren buruan Exekutibo zentralak zuzendu duenaz. “Ez dut uste gurasoekin erosketak egitera irtetea denik ideiarik onena. Ez zuten irtenbiderik egokiena planteatu eta poztu nau lehen erabakia aldatu izana”, baieztatu du. Zentzu berean eta Lehendakariak etxealdia ahal den neurrian arintzera begira eta osasun segurtasun zorrotzenarekin eta behar den osasun kontrolekin iragarri duen “deskonpresio sozialaren” ildo beretik, Estebanek aldarrikatu du “urratsak ematen hastea jarduera fisikoa egiteko edo negozio txikiak era mugatu eta mailakatuan irekitzeko aukerak emanez”.

Beste alde batetik, hiritarrentzat eta krisiaren kudeaketa politikoari begira ere egoera “konplikatua” dela aitortu arren, Estebanek salatu nahi izan du Espainiako gobernuaren dinamika legegilea. Bere hitzetan “neurrien hidra” bat izan da eta ohartarazi du litekeena dela egoera baliatzea “legeria behin betiko aldarazteko”. Areago, Estebanek nabarmendu duenez “ ez ditugu ezagutzen neurriek eragin dituzten ondorio zehatzak” eta salatu du Gobernua ez dela betetzen ari Euskal Taldeak planteatu zuen ebazpen proposamena, Alarma-Egoeran jaso zena bozkatua izan ondoren eta Kongresuak bere babesa eman ondoren. “Gobernua mugatzen da osasun estatistika hotz bat bidaltzera, publikoki zabaltzen duena; eta, horrekin batera, onartu dituen neurriak, aginduak,dekretuak,lege dekretuak bidaltzen dizkigu. Guk BOE aldizkaria irakurtzen dugu (…) Hori ez da guk eskatzen duguna. Egoeraren bilakaeraz informatzea eskatzen diogu eta hartu diren neurriak bide onetik joan ote diren esatea. Esparru guztietan, osasun arloan, ekonomian, gizartean, eta abar. Ez dira hori egiten ari”, kritikatu du.