Prentsa Aretoa
Berriak
2020/06/20
Itxaso Atutxa: “Euskadi berreraikitzea eta enplegua sortzea, inor atzean utzi gabe. Hori da eta izango da EAJren ardura nagusia”
Bizkai Buru Batzarreko presidente andreak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera premiaz deitzea exijitu du, Ondarretako Batzokiaren 112. urteurrena ospatzeko ekitaldian
“Euskadi berreraikitzea, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, inor atzean utzi gabe. Horiek dira eta izango dira EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizonon ardura eta eginkizun nagusiak”. EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxa gaur goizean izan da Ondarretako Batzokiaren 112. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian, efemeridea aprobetxatuz koronabirusaren ondorioz zendu diren pertsona guztiak gogoratu eta omendu direlarik. Ekitaldian izan dira Amaia Agirre Getxoko alkate andrea eta uztailaren 12ko hauteskundeetarako EAJ-PNVk Bizkaitik aurkezten duen zerrendaburu Leixuri Arrizabalaga. Hitza hartu duenean, Bizkaiko jeltzaleen buruak exijitu du premia osoz Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa deitzea, eta argi baino argiago esan du Euskadin ez direla murrizketak egingo EAJ-PNVk gobernuan jarraitzen duen bitartean.
Atutxak aitortu du azken hilabete hauek benetan latzak izan direla, baina baieztatu du, une honetan, Euskadi alarma-egoeratik kanpo dagoela, ordua dela “denok martxan jar gaitezen Euskadi berreraikitzeko, horixe baita EAJ-PNVren ardura eta zeregin nagusiena: herri hau berriz ere zutik jartzea osasun alorrean, lan esparruan, ekonomian, esparru sozialean, kulturan,… Hori da gure erronka nagusiena eta gure kezkarik handiena”. Agintari jeltzalearen hitzetan euskal herritarrok, “erronka bikain horri” heltzeko orduan, bere eraginkortasuna argi eta garbi erakutsi duen tresna daukagu esku artean: autogobernua. “Autogobernuak eman digu oparotasun aldirik nagusiena, eta orain ere balio behar digu krisi larri hau gainditzeko”, esan du, baina era berean ohartarazi duenez “autogobernuak eta Ekonomia Itunak ziurtasunak behar ditu, baita argitasuna baliabideetan ere, eta hori da guk Espainiako gobernuari erreklamatzen dioguna: baliabideen inguruko argitasuna eta gure berezitasuna errespetatzea”. Horregatik, BBBko buruak exijitu du “Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa berehala deitzea, euskal autogobernuak bere gaitasun eta potentzialitate osoa gara dezan herri hau berreraikitzeko lanari ekiterako orduan”.
Bere diskurtsoan, Atutxak argi baino argiago utzi nahi izan du gezurretan ari dela EAJk krisiari aurre egiteko lanean murrizketa aplikatuko duela esaten dabilena: “Ez du egia esaten murrizketak egingo direla baieztatzen duenak. Euskadin ez da murrizketarik egingo. Ez behintzat, EAJ-PNVk gobernatzen badu”, esan du. “Guztiz alderantziz: orain egin behar dena da gasturik handiena egitea, zorpetzearen bidez: ekonomia suspertu behar dugu gure enpresek jarduera, enplegua eta ongizatea sor dezaten; kutxa publikoei lagundu behar zaie gure sare soziala indartzeko eta inor atzean ez uzteko”. Bizkaiko jeltzaleen buruak gogora ekarri duenez “Euskal erakundeak, Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak, oso arduratsuak izan gara azken urteotan, kontuak saneatuta ditugu eta zorpetzeko gaitasuna daukagu. Eta hori dena kontuan hartu beharra dago”. Atutxak amaitzeko berretsi duenez “gure autogobernuaren defentsan gure onena emateko eta gure Herriaren berreraikuntzari ekin ahal izateko, Espainiako gobernuari ziurtasunak eta errespetua exijitzea izango dira EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizon guztion helburu eta ardura nagusiak”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25