Prentsa Aretoa
Berriak
2020/10/27
Bizkaiak 400 profesional eta elurra kentzeko 82 makina ipiniko ditu lanean neguko bidezaintza planaren bidez
Plana azaroaren 1etik datorren urteko apirilaren 30era arte egongo da indarrean. Planak bi helburu dauzka: batetik, errepideak erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna hobetzea; bestetik, errepideak zabalik edukitzea, are izotza edo elurra dagoenean ere
Bizkaiko Foru Aldundiak 2020-2021 Neguko Bidezaintza Plana indarrean ipiniko du azaroaren 1ean. Plana indarrean egongo da 2021eko apirilaren 30era arte, neguko eguraldi txarrari aurre egiteko Bizkaiko foru errepideetan. Planaren aurkezpenean Azpiegiturak eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko foru diputatu Imanol Pradalesek esan du planaren helburua dela Bizkaiko errepideetan dabiltzan pertsonen segurtasuna ahalik ondoen bermatzea elurra edo izotza dagoenean. Gainera, esan du oso garrantzitsua dela errepide guztiak zabalik edukitzea, ezinbestekoak baitira mugikortasunerako eta Lurraldeko jarduera ekonomikorako.
Aurtengo negurako prestatu den planaren arabera Bizkaiko errepideetan 400 profesional inguru ariko dira : elurra kentzeko ibilgailuetako gidariak, laguntzaileak eta zaintzaileak, Horiez gainera, gogoan eduki behar dira errepideak kontrolatzeko zentroetan Neguko Bidezaintza Plana koordinatzen lan egiten duten pertsonak ere. Baliabide materialak direla eta, aurtengo kanpainarako elurra kentzeko 82 makina dauzkagu 10 milioi kilo gatz pilatu ditugu behar denean errepideetan bota eta izotz-geruzarik ez agertzeko.
Berrikuntza elurra kentzeko makinetan
Aurtengo baliabideak aurreko planetakoen antzekoak badira ere, Pradalesek azpimarratu du irizpide berriak aplikatuko direla eraginkortasun handiagoarekin erabiltzeko. Hain zuzen ere, Azpiegiturak eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak beste arlo batzuetan aplikatu duen estrategia aplikatuko du, berrikuntzaren bidez eraginkortasun eta efizientzia handiagoarekin kudeatzen baitira baliabide publikoak.
Diputatuak azaldu elurra kentzeko 82 makinei kamerak eta posizionamendu-sistema ipini zaizkie, eta horrela denbora errealean bidali ahal izango dute informazioa kontrol-zentroetara: non dauden, zertan ari diren eta nola dagoen errepidea. Makinek bidaltzen duten informazioa Sailaren sei estazio meteorologikoek eta foru errepideen sareko beste sistema batzuek ematen dutenarekin batera prozesatuko da, eta horri esker kontrol-zentroek errazago erabaki ahal izango dute nondik pasatu behar diren elurra kentzeko makinak eta non bota behar den gatza eguraldi-iragarpenaren arabera. Makina bakoitzari bere ibilbidea bidaliko zaio barruko gida-sistemara; gainera, gidariak errepideen inguruko informazioa jasoko dute (moztuta dauden bideak, esaterako).
Lau maila trafikoaren egoera zehazteko
Neguko Bidezaintza Planean lau maila ezarri dira trafikoaren egoera zehazteko, elurra eta izotza dauden edo ez kontuan hartuz. Aldundiko Berrikuntza eta Bideen Kudeaketako zuzendari Jon Larreak azaldu duenaren arabera, maila berdean (elurra botatzen, baina zuritu gabe) zuhurtziarekin ibili behar da errepidean. Bigarren mailan (horia), errepidea zuritzen hasita dago eta baliteke izotz-plakak agertzea galtzadan; kasu honetan gehieneko abiadura mugatuko da eta debekatuta egongo da kamioiak eta ibilgailu artikulatuak ibiltzea. Maila gorrian galtzada osoan elurra eta izotza daude, eta kateekin edo gurpil bereziekin bakarrik ibil daiteke. Azkenik, maila beltzak adierazten du errepidea ezin dela erabili; horrelako kasuetan trafikoa moztuko da.
Neguko Bidezaintza Planak hiru maila ezartzen ditu errepideak lehentasunaren arabera sailkatzeko. 1. mailako errepideetan gutxienez maila horia mantendu behar da; 2. mailako errepideetan, egunez maila horia mantenduko da gutxienez eta gauez maila gorria; 3. mailako errepideetan, aurreko bi mailatako errepideak ziurtatutakoan esku hartuko da.
Eguraldi txarra, zuhurrago
Larreak esan du plan honen bidez aktibatutako baliabideak egokiak direla Bizkaiko errepideak neguan ondo mantentzeko, baina, hala ere, errepideak erabiltzen dituzten herritarrei eskatu die arduraz jokatu dezatela. Esan du eguraldi txarra dagoenean gogoan eduki behar direla oinarrizko gomendioak: eguraldiaren eta trafikoaren berri jakin, ahal dela garraio publikoan ibili, ibilgailua ondo zainduta eta ondo hornituta eduki, zer gerta ere, eta kontu handiarekin gidatu.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25