Prentsa Aretoa

Berriak

2021/04/13

Ortuzarrek “bitarteko-irtenbide” baten beharra aldarrikatu du Euskadiri legezko segurtasuna emateko alarma egoera amaitzen denetik eta `artalde efektua´ iritsi arte

EBBko buruak adierazi du berak ondo deritzola Eurokopako partida Bilbon jokatzeari, baina ez dago ados “kosta ahala kosta” lortzearekin. “Osasun irizpidea kirol irizpidearen gainetik jarri beharra dago, Ligako eta Kopako partidetako publikoarekin gertatzen den bezala”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu die gaur “bitarteko irtenbideren bat” asma dezatela Autonomia Erkidegoetako gobernuei, hauen artean Euskadikoari , alarma egoeraren babespetik harago, pandemiaren kontrako neurriak hartzeko behar duten “legezko segurtasuna” emateko. Onda Cero irratiari eskaini zaion elkarrizketan, jeltzaleen buruak adierazi du ondo deritzola, aurreikusita dagoen legez, ekainean Eurokopako partida Bilbon jokatzeari, baina esan du ez dagoela prest “kosta ahala kosta” lortzeko. “Osasun irizpideak kirol irizpideen gainetik jarri behar dira beti”, esan du.

Ortuzarrek aditzera eman duenez, Exekutibo zentraleko bozeramaileek azken ordu hauetan egin dituzten adierazpenen kontra, berak ez ditu ikusten “Gobernuaren hitzetan, Autonomia Erkidegoek pandemiaren kontrako neurriak hartzeko orduan dituzten legezko tresnak” alarma egoeraren babespetik at. Eta, adibide modura, gogora ekarri du auzitegiek hartu zuten erabaki eztabaidagarria, Eusko Jaurlaritzak ostalaritza sektorerako hartu zituen neurriak atzera bota zituena. “Maiatzaren 9tik aurrera, egoera hori berriz eman liteke, eta edonor gai izango da etxeratze-aginduak errekurritzeko, legezko tresnarik egongo ez delako”, ohartarazi du. Horregatik, eta Madrilgo Komunitatean hastear dagoen hauteskunde kanpainak akordioak adosteko egoerarik onena eskaintzen ez duela gogoan, jeltzaleen buruak Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoei dei egin die “maiatzaren 5etik aurrera”, Madrilgo hauteskundeak eginda eta “zentzuz eta taiuz ” jokatuz “ bitarteko irtenbide bat bila dezagun guztioi segurtasuna emateko. Konponbide politiko bat bilatu beharko litzateke maiatzaren 9tik aurrera eta artalde efektua iritsi arte”. Halaber, Ortuzarrek deitoratu du pandemiaren mende egon garen urte hau baliatu ez izana “osasun legeetan eta beste legeetan aldarazpenak egiteko eta alarma egoera beharrezkoa izan ez dadin” , eta gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrean egunotan “ziztu bizian” izapidetzen ari diren Pandemiaren kontrako Legea ez dela prest egongo “ekainaren erdira edo amaierara arte. Bitarteko neurririk egon ezean, aldi hori oso kudeatzen zaila izango da” Eusko Jaurlaritzarentzat.

Eurokopako partidak Bilbon egitearen alde ote dagoen galdetu diotenean, Ortuzarrek argi hitz egin du. “ Bilbo Eurokopako egoitza da gaur egun eta hala izaten jarraitzea espero dut, baina inola ere ez kosta ahala kosta”, esan du. “Bilbo itxita dago une honetan. Athletic eta Errealaren arteko finala egin da publikorik gabe. Larunbatean beste final bat izango dugu, Athletic eta Barça-ren artean, hau ere publikorik gabe. Asteburu `klasiko´ bat izan dugu publikorik gabe. Ekainean egongo ote gara publikoa etorri ahal izateko moduan? Arduratsua al da gaur gaurkoz hala izatea hitzematea, une horretan bosgarren olatuan egongo ote garen jakin gabe? Irizpide bat nagusitu behar da kirolaren gainetik, eta hori da osasun irizpidea. Askotan esan da birusak ez duela mugarik,eta egia da mundu osoko mugak gainditu dituela. Baina birusak elastikoak ere ez ditu ikusten. Ez daukagu publikorik ez Ligan ezta Kopan ere, zaila da pentsatzea Eurokopan zer ezberdintasun dagoen publikoa sartzea erabakitzeko edo gaur bertan esateko. Bada, ahal dena egingo da, baina beti osasun irizpideak errespetatuta. Uste dut nahiko zentzuzkoa dela gure erakundeen irizpidea”, baloratu du.