Prentsa Aretoa

Berriak

2021/06/26

Itxaso Atutxak EAJ-PNVk elkarrizketarako eta akordioak adosteko duen gaitasuna aldarrikatu du Estatus Berriak “ahalik eta adostasunik zabalena” jaso dezan

BBBko presidenteak Lekeitioko batzokiaren mendeurrenaren ospakizunean baieztatu du talde jeltzaleak lan egiten jarraituko duela “euskal hiritargoarentzat ahalik eta ongizate mailarik handiena lortzeko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“EAJ-PNVk behin eta berriro eta hainbatetan erakutsi du akordioaren eta elkarrizketaren alderdia dela. Orain bere balioa erakutsi eta aldarrikatu behar dugu euskal hiritargoarentzat ahalik eta ongizate mailarik handiena lortzeko”. Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Estatus Berri baten beharra aldarrikatu du “euskal alderdien artean ahalik eta adostasunik handiena lortzeko”. Bizkaiko jeltzaleen buruak adierazpen hauek egin ditu gaur bertan Lekeitioko batzokiaren mendeurrenaren kariaz egin den ospakizunean. “100 urte abertzaletasunaren sinbolo izaten; topagune izaten kontzientzia abertzalea eta euskal kultura aldarrikatzeko”.

EAJ-PNVren Lekeitioko Uri Erakundeak gaur egin duen ekitaldi xume eta hunkigarrian, burukide bizkaitarrak bere alderdiaren gaitasuna aldarrikatu du Euskadiren eta bere hiritargoaren interesak defendatzeko. “Hemen gagoz, gogor eta tinko. 100 urte Lekeition eta 126 urte Euskadin, herri honen eta aberri honen zerbitzura, gizarte honen interesak defendatuz,gure herrikideen interesak gauza guztien gainetik jarriz”, aldarrikatu du. “EAJ-PNVk lan egiten jarraituko dau Euskadi sendo eta anitza eraikitzeko, mundura irekia. Gero eta autogobernu zabalagoa izango dauan Euskadi, bere etorkizuna, gure etorkizuna erabakitzen jarraitzeko eta gero eta ongizate maila handiagoa izateko” aurreratu du. Horregatik EAJ-PNVren aldetik “Estatus Berri bat aldarrikatzen dogu, euskal alderdien artean gero eta adostasun handiagoa bilatuz. Itun barri bat Estaduagaz, Euskadi nazio dela aitortuko dauana, aldebikotasun harreman bategaz, askatasunez eta demokrazian bozkatu dagien euskal herritar guztiek”, baieztatu du.

Atutxak gaurko ekitaldiak eman dion aukera ere baliatu du herritargo osoari arduraz jokatzen jarraitzea eskatzeko, kanpoan, baldintza zehatz batzuetan, maskara erabiltzeko derrigorra kendu den egunean. “Zalantzarik barik, urrats barri bat da danok amesten dogun normaltasun horretarako, baina kontu handiz ibili behar dogu, arduraz jokatu behar dogu. Seguruenik, inoiz baino arduratsuago izan beharko dogu. Txertaketa kanpaina arin doan arren eta eraginkorra dala egiaztatu arren, pandemia ez da inora joan, hemen jarraitzen dau. Ezin gara erlaxatu”, gogoratu du.

LGTBIQ+ Harrotasunaren ospakizunaren atarian gaudela eta astelehenean, ekainak 28, aldarrikapen horren egun handia ospatuko dela gogoratuz, Itxaso Atutxak EAJ-PNVk kolektibo honekin daukan konpromisoa berretsi nahi izan du, beren aldarrikapen guztiekin publikoki bat eginez. “Defendatzen jarraitu behar dogu edozein kale, auzo edo herritan pertsonek harrotasun osoz bizi, adierazo eta gozatu ahal dabezala beren genero identitatea, sexu identitatea eta sexu orientazioa. ‘Baina’ bakar bat ere ez da onargarria. Zoritxarrez, gauzak ez dira horrela erabat”. Zentzu horretan gogoratu du Bizkaian, azken aste hauetan hainbat eraso homofobo anker eta onartezinak eman direla. “Guztiz onartezina da holan jarraitu beharra, pertsonen askatasuna murriztea besterik bilatzen ez daben erasoak gaitzesten jarraitu beharra; erabat onartezinak dira”, deitoratu du. Ildo beretik baiteztatu du EAJ-PNVk jarraituko duela “pertsona guztientzat direna, izan gura dabena, maitatu gura dabena eta sentitzen dabena adierazoteko askatasuna aldarrikatzeko politikak lantzen eta garatzen. Gu ere HARRO!”.

Oier Zuberogoitiak, Lekeitioko Uri Erakundeko Lehendakariak, bertaratu guztiei gogoratu nahi izan die azken 100 urteotan batzokiak Lekeitioren eraikuntzaren motore gisa izan duen eginkizuna. “Batzokia bihurtu da Lekeitioko erreferente euskararentzat, euskal kulturarentzat eta sentimendu abertzalearentzat, beti irekita egon den espazioa izan da”, adierazi du. “Kaxarranka, emakumeen aurreskuak, Etorkizuna dantza taldea, Euskal Ezkontza, Marijesiak… batzoki honetatik irten dira”. Baina, “hau dena ezin izango litzateke egin gure aurretik egon diren ehunka gizonek eta batez ere emakumeek musutruk eginiko lanagatik izango ez balitz, oraindik Alderdi honekin eta herri honekin konpromiso sendoa izaten jarraiten baitute”. “EAJ-PNVren izenean, gure esker onik zintzoena: Zuei esker heldu gara heldu garen lekura. Herrigintzan jarraituko dugu, irakatsi diguzuenari jarraipena emanez”, hitzeman du Zuberogoitiak.