Prentsa Aretoa

Berriak

2021/07/30

Rementeriak neurri berriak iragarri ditu pandemiaren ostean Bizkaian susperraldi ekonomikoa eta enplegua sustatzeko

San Inazio eguneko mezuan Bizkaiko ahaldun nagusiak Bizkaiko gizartearen gehiengoak pandemiari aurre egiteko izan duen eta duen jarrera eredugarria goraipatu du eta Aldundiak zerga neurri berriekin indartuko duela lurraldeko ekonomia zaintzeko ekintza aurreratu du

rss Ezagutzera eman
Rementeriak neurri berriak iragarri ditu pandemiaren ostean Bizkaian susperraldi ekonomikoa eta enplegua sustatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Unai Rementeria ahaldun nagusiak mezua igorri dio Bizkaiko gizarteari San Inazio eguna ospatuz eta mezu hori, iaz bezala, Foru Jauregian ohiko harrera egitea eragotzi duen Covid-19aren pandemiak baldintzatuta egon da.

Mezuan Rementeriak, lehenengo eta behin, herritarrak pandemiaren aurrean erakusten ari diren jarrera eta jokabide eredugarria eskertu du eta bereziki Bizkaiko gazte gehienen jokabidea azpimarratu du; adierazi duenaren arabera  bere ustez ez da bidezkoa kolektibo osoari errua botatzea gutxiengo baten indarkeriazko gertakari oso larriengatik.

Ahaldun Nagusiak gorroto gutxiago eta elkarrekiko errespetu gehiago eskatu du, etengabe errudunak bilatu gabe; esan du gizarte bat gehien-gehienetan egoera horren aurrean bere esku dagoen guztia egiten ari diren pertsonen batura dela eta adierazi du jarrera eta jokabide hori  erakundeetara ere zabaltzen dela, dakiten eta ahal duten hobekien jarduten dutelako, dena emanez eta batzuetan akatsak eginez.

Neurri berriak ekonomia eta enplegua zaintzeko

Arazoei irtenbidea emateko gaitasunaren adibide gisa txertoaren aurrerapena edo Bizkaiko Foru Aldundiak azken urte honetan garatu eta martxan jarri dituen neurrien zerrenda zabala aipatu ditu. Neurri hauek indartu egingo direla iragarri du, susperraldi ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko neurri fiskal sorta berri batekin, jarduera ekonomikoa sortzera, ekintzailetzara, talentura, prestakuntzara eta berdintasunera bideratuta egongo baitira, lehengoratzea erraztuz Bizkaiko bizi-kalitateari eta ongizateari eusteko.

Unai Rementeriak, halaber, erakundeek akordioak lortzeko duten gaitasuna goraipatu du, eta horien artean Ekarpenen Legea berritzeko eta Estatuarekin zerga berriak adosteko duela gutxi lortutakoak aipatu ditu. Zerga horiek Bizkaian bildu eta inbertituko direla azpimarratu du.

Azkenik, Rementeriak hausnarketa sakona eskatu die eragile sozial guztiei, hain zuzen ere  teknikariei, Gizarte Ekintzako diputatuari eta Foru Aldundiari berari egindako kaltearen inguruan, eta arduragabekeriaz eta oso gogor tratatu dituztela salatu du. Esan du Bizkaiko Auzitegiaren epaia sendoa  eta erabatekoa dela eta justizia egiten duela, baina oraindik inork ez diela barkamenik eskatu konpromisoa eta zorroztasuna zalantzan izan duten kargu publikoei.

ITURRIA: BFA