Prentsa Aretoa

Berriak

2021/11/27

‘Entzunez eraiki‘ sortu da, EAJ-PNVk abian jarriko duen entzuketa aktiboko prozesua, euskal gizartearen eskutik Euskadiren etorkizunerako proiektua eraikitzera begira

Xabier Barandiaranek, EBBren Berrikuntza Politikoko burukide arduradunak, gaur aurkeztu duen dinamikaren bidez, 2022ko urtarriletik aurrera, ehunka bilera, topaketa eta elkarrizketa egingo dira zazpi herrialdeetako hiri eta herrietan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Prentsaurrekoaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

‘Entzunez eraiki’. Horixe da EAJ-PNVk hurrengo hilabeteotan abian jarriko duen entzuketa aktiboko prozesuari eman dion izena. Talde jeltzaleak proiektu hori jarriko du martxan euskal gizartearekin elkarlanean “Euskadiren etorkizunerako proiektua eraikitzeko”. Hala mintzatu da Euzkadi Buru Batzarraren Berrikuntza Politikoko burukide arduradun Xabier Barandiaranek dinamika hau aurkezteko egin den ekitaldian. Egitasmo hau 2022ko urtarrilean jarriko da martxan eta datorren urtean zehar garatuko da”.

‘Entzunez eraiki´proiektuaren bidez, EAJ-PNVk alderdi osoa inplikatu nahi du euskal gizarte osoa barne hartuz egin nahi den entzuketa aktiboko prozesuaren bidez. Ehunka bilera, topaketa eta elkarrizketa egingo dira zazpi herrialdeetako hiri eta udalerrietan. Elkarrizketa honek lau ardatz nagusi izango ditu: 1) lana eta ekonomia bultzatzea; 2) ongizate gizartean aurrera egitea; 3) 2030 Agendaren bidez Planetaren iraunkortasuna bermatzea, eta 4) demokrazian eta herrigintza molde berrietan sakontzea. Ordezkari jeltzaleek oinarrizko agiri bat eramango dute topaketa hauetara, pandemiak utzi digun`mundu berriaren´ diagnostikoa, bai eta Euskadik hemendik aurrera izango dituen erronkena ere. Agiri hau, gaur goizean Euzkadi Buru Batzarrak Batzar Nagusiko 600 kideekin partekatu duena, ordezkari jeltzale batzuek Alderditik kanpoko adituekin azken hilabeteotan egin duten lanaren eta kolaborazioaren emaitza da. EAJ-PNVren helburua da ‘Entzunez eraiki´proiektuak proposatzen dituen topaketetan parte hartuko duten pertsona guztiek diagnostiko hau aberastu, aldatu, zuzendu eta zabal dezatela, prozesutik aterako den emaitzak euskal gizartearen askotariko giza-talde eta sektoreen irizpideak jaso ditzan eta EAJ-PNVri lagun diezaion, epe laburrean eta epe ertainean, barne esparruan zein erakundeetako lanean. Talde jeltzaleak hitzeman du bere ibilbide orrian jasoko dituela prozesu honen bidez aterako diren ondorio guztiak.

Barne mailako lehen gizarteratze fasearen ondoren, ‘Entzunez eraiki´ prozesuak EAJ-PNVri ahalbidetuko dio, euskal gizarteko elkarte sare zabalarekin eta erreferente nagusiekin sistematikoki elkartzea, baina baita ere beren ideologia politikoa bat dela bestea dela, Euskadiko proiektu hau egiten laguntzeko prest egon nahi dutenekin. Entzuketa aktiboko prozesu honek ere aurreikusten du solaskidetza hori askotariko adituekin abian jartzea: adituak gai politikoetan, bai eta gai sozialetan eta ekonomikoetan, eta nazioarte mailan erreferentetzat jotzen diren zentroak ere.

EAJ-PNVk ‘Entzunez eraiki´ proiektuarekin bilatzen duen helburua da Euskadiren errealitate soziala ezagutzea eta irakurtzen jakitea, pandemiaren ondorioz aldatu den errealitatea, hain zuzen. Horretarako, talde jeltzaleak Euskadiko gizarte antolatuarekin egon nahi du, harekin hurbiltasuna eta konplizitatea izan nahi du, gaur egungo gizarte digital berrira moldatu, nazioarteko esperientziarik onenak ezagutu eta eraldatzeko berezko gaitasunari eutsi. Barandiaranen hitzetan “EAJ-PNVk ondo oinarritutako egitura dauka, sendotasun handia erakusten ari dena, baina alderdiok etorkizunari aurrea hartzen jakin behar dugu, abiada bizian aldatzen ari delako. 2030 Agendarekin daukagun proiektua indartu behar dugu: klima aldaketaren kontrako borroka, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, aniztasuna, digitalizazioa,… Eta guk, EAJ-PNVk, euskal gizartearen eskutik egin nahi dugu hori. Entzun egin nahi diogu, bai eta etorkizunerako dugun proiektua aberastu ere, proiektu politiko hori, gure jendearekin ez ezik, bestela pentsatzen dutenekin eraiki nahi dugulako. Liderra izan arren, EAJ-PNV alderdi apala da, jabetzen da euskal gizarteari entzun behar diola, bai eta harengandik ikasi ere, etorkizunari aurrera hartzeko eta, horrela, baldintzarik onenetan egon dadin Herri hau bide gurutze honetan eta garai berri honetan lideratzeko, Alderdi honek, 125 urtez, arrakasta handiz egin duen zerbait”.