Prentsa Aretoa

Berriak

2021/12/31

Iñigo Urkullu Lehendakariaren 2021 Urte Amaierako Mezua

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Agur t’erdi,

Esker ona adierazi nahi dut hausnarketa eta konpromiso une hau partekatzeko mundu osoan diren euskaldunekin aukera dudalako…

Agirre Lehendakariak, duela 85 urte helarazi zuen bere lehen “Gabon” mezua, eta gaur egun indarrean dirauen ideia batekin bat nator; eta bera da soilik partekatu nahi dudana:

“Herritar orok du bere lanarekin, kapitalarekin eta jarduera intelektualarekin herriaren ongizate orokorrari laguntzeko betebeharra”.

Gaur egungo ongizatea, guztion ongizatea, osasuna da…

Koronabirusak gu guztion bizitzak aldatu eta baldintzatu ditu.

Hasteko eta behin, pandemiaren hasieratik, gure lehen oroitzapena hildako pertsonei eta haien familiei zuzendu nahi diegu.

Era berean, orduan bezala, gaur, atzo eta bihar, profesional asko ari dira arlo guztietan lanean, premia handiena duten pertsonen zerbitzura.

Berriro, eskertu eta aitortu nahi dut profesional sanitario eta sozio-sanitarioen lana, baita gure funtsezko zerbitzuak egunero mantentzen dituzten profesional guztien lana ere...

Asko zor diegu…

Pandemia garai honetan ikasten ari garen apaltasun irakaspenetik egiten diegu aitortza.

Apaltasunez aitortu behar dugu pandemiari buruz oraindik gutxi dakigula, aitortu behar dugu egunero buru-belarri lanean jarraitu behar dugula egoera eta bilakaera aztertuz…

Apaltasunez onartu behar dugu, baita ere, munduko biztanleria osoa txertatzen ez den bitartean, aldaeren eragina jasaten jarraituko dugula…

Apaltasunez aitortzen dut, behin eta berriz errepikatu dugun arren, ez dugula jakin gizarteari azaltzen birusarekin denbora luzean bizitzen ikasi behar dugula; eta, beste modu batera bizitzen ere, ikasi behar dugula… hori da Bizi Berri hain zuzen ere…

Ziurgabetasuna eta ezjakintasuna oso handia izan da, eta hala izaten jarraitzen du.

Hori dena apaltasunez aitortu dut, baina, beste ezeren gainetik, pertsona bakoitzaren osasunarekiko eta bizitzarekiko konpromisoari eutsi diogu.

Gaur egungo ongizatea, guztion ongizatea, erakundeen konpromisotik hasten da.

Gure lehentasunezko konpromisoa pandemiari erantzutea izan da; eta, horrekin batera, gizartearen kezkak hurbiletik jarraitzea eta ondo ulertzea.

Gizartearen lehentasuna osasun publikoa da, bai eta pertsona ahulenei eta laguntza behar dutenei arreta eskaintzea ere…

Horrekin batera, gizarteak orekari eustea eskatzen digu: osasun publikoa, osasun emozionala, osasun ekonomikoa, osasun soziala...

Onartzen dut oreka horri eustea ez dela erraza izan, ez dela erraza izaten ari. Jasotako kritikak onartzen ditut. Pandemia honen aurrean, ezin izan dugu beti irtenbideak eta ziurtasunak eskaini eta ulertzen dut horrek sortzen duen egonezina. Baita ezarritako neurrien ondorioak. Horiei ere erantzuten saiatzen ari gara eta jarraituko dugu.

Dena den, jabetzen naiz ez dagoela populismoaren edo demagogiaren aurkako txertorik… guztioi berdin eragiten digun errealitate baten aurrean.

Aurrera egin dugu, zalantzarik gabe, baina orain prebentzio-neurriei eta txertaketari eutsi behar diegu. Konpromiso eraikitzailea hartzea erabaki dugunon ahalegin indibidual eta kolektiboari eutsi behar diogu.

Gaur egungo ongizatea, guztion ongizatea, gizarte justuago bat eraikitzen laguntzea da.

Etorkizunari oinarri sendoez ekingo diogu… Onartutako aurrekontu berria dugu…

Oinarrizko zerbitzuak bermatzeko baliabideak ditugu: Osasuna, Hezkuntza, Gizarte-babesa… Baita ere ekonomia eta enplegua mantentzeko baliabideak ere…

Erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da egonkortasunari, moderazioari, gardentasunari eta zorroztasunari eustea.

Erabakiak hartzerakoan, hurbiltasuna, zintzotasuna eta oreka aldarrikatzen ditut, guztion onerako konponbideak eskaintzeko.

Pandemia honek dilema bat ekarri digu gure gizartean:

- Indibidualismoa, komunitate sentimenduaren aurrean.

- Desberdintasunerako joera, gizarte kohesioaren aldeko jarreraren aurrean.

- Inhibizioa erantzunkidetasunaren aurrean.

Euskadi konpromisoa erakusten duen gizartea da.

Konpromiso hori gure nortasunaren baitan dago; eta, gaur egun, erantzukidetasunean adierazten da.

Konpromisoak konfiantza oinarritzen du… Konfiantza dugu zientzian eta medikuntzan... Konfiantza lehen mailako eta ospitaleko arreta eskaintzen duten profesionalengan, baita osasun-agintariengan ere.
Gaur konfiantza eta itxaropen sentimendua partekatu nahi dut: pandemiaren bost olatu gainditu ditugu eta seigarren olatu hau ere gaindituko dugu.

Gaur egungo ongizatea, guztion ongizatea, guztiontzako etorkizun hobea eraikitzen laguntzea da.

Nazioarteko egoerak kritikoa izaten jarraitzen du… Erne jarraitu behar dugu.

Lehentasuna osasun publikoa da, eta, aldi berean, Euskadi etorkizun berri baterako prestatu behar dugu.

Nire itxaropena eta ilusioa da krisi honen irteerak “humanismo positiboa” indartuko duela.

Historiako uneren batean herri batek batera egon eta jardun behar badu, hauxe da une hori.

Batzen gaituena indartzeko unea da. Banatzen gaituena albo batera uztekoa.

Bakoitzak egindako ekarpena Euskadi bultzatzeko modu bat da, gizartearen ongizatea, guztion ongizatea indartzeko modu bat.

Amaitzera noa…

Europar Batasunak gazteriari eskainitako urtea hasi behar dugu…

Bat nator gazte gehienen espirituarekin…

Ilusioa, ekiteko gaitasuna, izaera kritikoa eta irekia, lankidetza, elkartasuna, berdintasunarekin konpromisoa…

Gizartearen ongizatea lehenesten badugu, erronkak gainditzea eta aukera berriak eskaintzea lortuko dugu.

Gure herriak bizirik dirau zailtasunei aurre egiten jakin duelako.

Esperientzia historikoak ildo nagusi bera erakusten digu: gizartearen ongizatearen aldeko lan partekatua: «auzolana».

Duela 85 urte, Agirre Lehendakariak, gizartearen ongizateari laguntzea eskatzen zuen. «Auzolana» eskatzen zuen…

Gaur helburu bera partekatzen dut: pertsona bakoitzaren ekarpena funtsezkoa da denon ongizaterako.

Ongia, osasuna, Erakundeen konpromisoa, Gizarte justuagoa, etorkizun hobea guztiontzat.

Asmo hori gogoa, itxaropena eta anbizio partekatua ere bada.

Apaltasunez, konpromisoz eta auzolanez, jarrai dezagun Euskadi oparoago, justuago eta solidarioago bat eraikitzen…

Jarrai dezagun giza garapen jasangarriaren eredua sustatzen…

Inor atzean uzten ez duen eta, pertsona bakoitzaren ekarpenarekin, guztion ongizatea eraikitzen duen Euskadi aurreratua.

Hori da gure xedea.

Eskerrik asko, zorionak eta urte berri on!

Iturria: Irekia