Prentsa Aretoa

Berriak

2022/01/13

Itxaso Atutxak Sánchezi ohartarazi dio “busti egin beharko duela”, “laguntza eman diogunon babesa” izaten jarraitu nahi badu

BGDSren transferentziari dagokionez, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak baieztatu du eskuduntzak ez direla aldi baterako, eta gogoratu du legez, “gaitasuna gurea dela; Espainiako Gobernuak eman behar diguna horren kudeaketa da”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak baieztatu duenez “oraingo honetan, Sánchezek busti egin beharko du”, “laguntza eman diogunon babesa izaten jarraitu nahi badu”, esan du, besteak beste, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren (BGDS) kudeaketa Euskadira transferitzeko asmoaz. Era berean gogoratu duenez eskuduntzen transferentzia ezin da aldi baterako soilik izan. “Ez dago denbora baterako eman daitekeen transferentziarik. Ez dago transferentzia bat hogei urtez bakarrik transferitzerik; osotasunean eta betirako transferitzen dira. Legez, gaitasuna gurea da; Espainiako Gobernuak eman behar diguna horren kudeaketa da”.

ETB-1en ‘Egun on Euskadi’ saioan egin dioten elkarrizketan Bizkaiko jeltzaleen buruak salatu duenez “orain esan digute arazo legal edo teknikoak daudela” eta “40 urte daramatzagu entzuten borondate politikoa egon badagoela baina teknikoki ezin dela egin”. Baina “gai honen alderdi politikotik harago, gauza bat dago guztiz funtsezkoa, eta hori da Eusko Jaurlaritzari dagokiola laguntza hori egokitzea, bideratzea eta ematea”.

“Sánchezek esan du Hauteskunde Orokorrak 2023ko abenduan izango direla, gutxi gora behera; denbora luzea da hori. Ia bi urte igaro behar dira, eta urte bi horietan ez du gehiengoa izango”, ohartarazi du. Gainera, BBBren buruak ez du “zilegi” jotzen “politikagintzan inor beldurraren bidez mehatxatzen aritzea”, esan du PSOE-Unidas Podemos koalizioa eroriko balitz aukera bakarra PP eta Vox-en arteko balizko gobernu bat izango balitz bezala. Edozein kasutan, Atutxak baieztatu du Pedro Sánchez presidentea pertsona “zentzuduna” dela, bai eta esan ohi dela “itsasoa zeharkatzen duela eta beste ertzera iristen dela busti gabe”. “Bada, oraingo honetan benetan busti beharko du, lagundu diogunon babesa jasotzen jarraitu nahi badu. Gu ez gara gure lekutik mugitu, izenpetutakoari eutsi diogu. Besteak mugitzen badira, nor da akordioa apurtzen duena?”, galdetu du.

Beste alde batetik, Itxaso Atutxak berretsi du EAJ-PNVren jarrera dela Espainiako gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen artean hitzartu duten lan erreformaren kontra bozkatzea, Euskadiko lan harremanen esparruan izenpetutako hitzarmenak lehenetsiko direla jaso ezean, eta kritikatu du Gobernuak erreforma hori dekretu bidez onartu nahi duela, Lege Egitasmo gisa egin beharrean.

Bizkaiko burukidearen hitzetan “Sánchezen gobernuaren arazoa da mahaian jarri dela atzean parlamentuaren gehiengoa izan gabe” eta berretsi du EAJ-PNVk Gobernu zentraleko kideei eta CC.OO. eta UGT sindikatuetako ordezkariei beti adierazi diela lan erreforma hau babestuko ez zuela. Zentzu berean deitoratu du “borondate handirik” antzeman ez duela sindikatuen aldetik edo patronalaren aldetik, erreformaren testuan hitzarmen autonomikoak estatukoen gainetik lehenetsiko direla jasotzeko. “Gure botoa ez dute jasoko Euskadiko lan hitzarmenak lehenetsi ezik; beste alderdi batzuekin adostu dezatela”. Era berean adierazi duenez, lan erreforma hau dekretu bidez onartu nahi izan beharrean Gorte Orokorretara Lege Proiektu gisa erraman izan balu “askoz ere akordio zabalagoa lortuko zukeen”.