Prentsa Aretoa

Berriak

2022/02/04

Bizkaiko herritarren kezka nagusia jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea eta osasuna dira

Hori adierazten da Bizkaiko Foru Aldundiak aldizka egiten duen iritzi-azterketan; azterlanaren arabera herritarrek lurraldeko bizi-kalitateari buruzko pertzepzio altua dute eta 10etik 7,6 puntuko nota ematen diote

rss Ezagutzera eman
Bizkaiko herritarren kezka nagusia jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea eta osasuna dira

ARGAZKIA JAITSI

Jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzea (% 62) eta osasuna (% 53) dira Bizkaiko herritarrek hautematen dituzten arazo nagusiak -azken hori ohikoa baino askoz eskala handiagoan pandemia-egoeraren ondorioz-, Bizkaiko Foru Aldundiak aldizka egiten duen iritzi publikoaren azterketaren arabera. Landa-lana abenduaren 8tik 29ra bitartean telefonoz egindako 2.503 elkarrizketen bidez egin da eta egiaztatzen du, halaber, herritarrek pertzepzio altuarekin jarraitzen dutela Bizkaiko bizi-kalitateari buruz, 10etik 7,6 puntuko kalifikazioa eman baitzaio.

Aurre egin beharreko arazo nagusitzat jotzen denari dagokionez, elkarrizketatutako pertsonen % 42k uste du Bizkaiko egoera ekonomikoa nahiko edo oso ona dela eta, ordea, % 49k uste du erregularra dela. Enpleguaren kasuan % 24k ona edo oso ona dela dio, % 53k hala-holakoa dela eta % 22k txarra dela. Eremu horretan inkestatuen ia erdiek (% 46) uste dute lurraldeko ekonomiak berdin jarraituko duela aurten, eta ehuneko hori ia errepikatu egiten da (% 47) enpleguaren perspektibei buruz galdetzen denean. Bi gaiak nahiko edo asko hobetuko direla edo dezente edo asko okertuko direla uste dutenen proportzioa ere oso antzekoa da, % 26 eta % 27 artekoan.

Osasunarekiko kezkan pandemia nabarmendu da eta seigarren olatuaren eragina zuzenean islatzen da gauden uneari buruzko pertzepzioan ere: elkarrizketatutako pertsonen % 54k dio oraindik nahikoa geratzen dela gainditzeko, eta % 42k uste du ez dagoela inola ere gaindituta. Gainera, hamar pertsonatik zazpik (% 72) uste du gizarteak portaera erregularra, eta tarteka baita txarra ere, izan duela pandemiaren aurrean. Horregatik guztiagatik inkestari erantzun diotenen arabera gehienek uste dute aukera gutxi dagoela datozen hilabeteetan normaltasunera itzultzeko ( % 47) edo ez dela batere gertagarria ( % 33).

Herritarrek pandemiari aurre egiteko erakundeek garatu duten kudeaketari buruz egiten duten balorazioari dagokionez, batez beste 10etik 5,4 puntukoa da Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta udalen kasuan; Europar Batasunak 4,8 puntuko nota jaso du, eta Espainiako Gobernuak, 4,6koa.

Hala eta guztiz ere Bizkaiko herritarrak baikor azaltzen dira: % 45ek baikortzat, nahiko baikortzat edo oso baikortzat jotzen dute euren burua, eta % 42k "nolabaiteko baikortasuneko" tarteko iritziak ditu gure lurraldearen etorkizunari buruz galdetzen zaienean.

Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketaren balorazioa

Herritarrek erakundeekiko duten konfiantza ere aztertzen du azterlanak, eta konfiantza hori handiagoa da hurbilen dituztenen kasuan: Bizkaiko Foru Aldundiak, udalek eta Eusko Jaurlaritzak 10etik 5,8 puntuko nota jaso dute, eta Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak 4,9 eta 4,6 puntukoa, hurrenez hurren.

Foru erakundearen kasuan, bere kudeaketak 5,9 puntuko batez besteko puntuazioa jaso du: pertsonen % 40k 8-10 puntu eman dizkio, eta % 42k 5-6 puntu. Ahaldun Nagusiaren kudeaketak 5,6 puntu lortu ditu, batez beste.

Azterlan honetan parte hartu dutenek dituzten kudeaketa-lehentasunei dagokienez, langabeziaren aurkako borroka (aipamenen % 43) eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen babesa eta zaintza (% 25) nabarmentzen dira. Osasuna (% 17), mugikortasuna eta garraioa (% 13) edo jarduera ekonomikoa bultzatzea (% 13) dira lehentasunezkotzat jotzen diren beste gai batzuk.

Foru Aldundiak aldian-aldian egiten duen inkestak hauteskunde-prospekzioa ere egiten du, honako usteak eta  datuak erakusten dituena: EAJ-PNVk 25-26 batzarkide lortuko lituzke (Batzar Nagusietan 2019an lortutako ordezkari kopuru berean geratuko litzateke, edo bat igoko litzateke), EH Bilduk 2 edo 3 batzarkide irabaziko lituzke, 12-13ra iritsiz; PSEk 8 batzarkiderekin jarraituko luke, Elkarrekin Podemos taldeak bi galduko lituzke eta 4 ordezkari izango lituzke, eta PPk bat lortuko luke (bat galduko luke aurreko foru hauteskundeetako emaitzekin alderatuta).

Sare sozialak eta komunikabideak

Bizkaiko herritarrek gaurkotasunari eta hurbileko albisteei buruzko berriak eta informazioa eskuratzeko erabiltzen dituzten bitartekoei dagokienez, telebista (inkestatutako pertsonen % 67k erabiltzen du), komunikabide digitalak (% 42), egunkari inprimatuak (% 33) eta irratia (% 31) nabarmentzen dira, ordena honetan.

Sare sozialak dira ikerketa honetan parte hartu dutenen % 21ek informazioa eskuratzeko bidea. Erabiltzen dituzten elkarrizketatuen % 84k aisialdirako erabiltzen dituzte sareok. Sare horien erabiltzaileek sare horietara sartzeko maiztasunari dagokionez, % 66k esan du aurreko urtearen oso antzeko mailetan mantentzen dutela, % 13k esan du erabilera-maiztasuna jaitsi egin dela eta % 16k gehitu egin dela.

Aisia, oporrak eta kontsumoa

Abenduko azken asteak -inkesta egin zen unea- bereziki aldi berezia direnez kontsumo, aisialdi, opor eta ospakizun eta bizitza sozialeko itxaropenei dagokienez, prospekzio soziologiko horrek gai horiei buruzko galderak ere egin ditu. Horiek guztiak pandemiak eragindako murrizketek baldintzatu dituzte baina, hala ere, elkarrizketatutako pertsonen % 73k Bizkaiko merkataritza-zentroetan eta saltokietan erosketak egiteko asmoa zuen, eta % 72k Gabonetako jaien familia-ospakizunak egitea aurreikusten zuen.

% 50ek esaten zuen Gabonetako bazkariak eta afariak egingo zituela elkarrekin bizi ez ziren senideekin edo lagunekin, eta opor-egun batzuk hartuko eta  igaroko zituela Bizkaian. Azterlanean ehuneko hori erdira jaisten da opor horiek kanpoan igarotzeko asmoa zutenak zenbatzerakoan, eta zifra murritzagoetan kokatzen ziren, halaber, kultur ekitaldietara edo kontzertuetara joatea, Gabonetako azoka txikiak edo azokak, eta enpresako afari edo bazkariak bezalako tradizioak, elkarrizketatutako pertsonen % 11k soilik aurreikusten zituztenak.

Herritarren % 59k adierazten zuen kontsumoari edo gastuari antzera eutsiko ziola; % 23k, berriz, gehiago kontsumitzea edo gastatzea aurreikusten zuen, eta % 18k gutxiago gastatzea edo kontsumitzea.

ITURRIA: BFA