Prentsa Aretoa

Berriak

2022/02/17

Bizkaiko udalerriek 58 milioi jasoko dituzte proiektu eraldatzaileetan inbertitzeko

Herriek inbertsio-proiektuetara bideratuko dituzte transferitutako baliabideak martxan dauden lurraldeko lau trantsizio estrategiko handiak sustatzen badituzte: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko 112 udalerriek 58 milioi euro gehiago jasoko dituzte aurten 'Herriak Egiten' izeneko ezohiko funts batetik, Bizkaiko herri guztiak hobetzeko. Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Finantzen Lurralde Kontseiluan parte hartzen duten udalerrietako alkateekin partekatu du funts hori sortzeko ekimena. Funts hori Estatuak pandemiak eragindako krisiaren eragina arintzeko aktibatutako baliabideetatik Bizkaiari esleitutako 94,79 milioietatik dator. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak baliabide horien erdia baino gehiago banatu nahi ditu lurraldeko udalen artean, Aldundiak toki entitateekin duen konpromisoa indartuz, gaur egungo gizarte aurreratuenek aurre egin beharreko erronkak lortzen laguntzeko.

Ezohiko finantzaketa horren bidez, Aldundiak lurraldeko udalerriei lagundu nahi die, lehentasunez, abian jarritako lurraldeko lau trantsizio estrategiko handiak sustatzen dituzten inbertsio-proiektuak gauzatzen: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena: "Guztion artean 58 milioi euro horiek arlo horietan hobeak egingo gaituzten proiektuak bultzatzeko erabiltzea adostu dugu, aldi berean udal-eremuan ere aldaketa handi horiek bultzatzea eragingo dutenak. Gizarte aurreratuek erronka horiek dituzte, eta guk ere bai", adierazi du Unai Rementeriak.

Ahaldun Nagusiak nabarmendu du 'Herriak Egiten' ezohiko partida Bizkaia osoa hobetzeko funtsa dela: "Udalerri guztietan proiektu eraldatzaileak jarri nahi ditugu martxan, lurraldeko pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko, bizi diren tokian bizi direla eta baldintza berdinetan. Eta hori bermatuta dago 'Herriak Egiten' planarekin."

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin batera, Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Mikel Torres Portugaleteko alkateak hartu dute parte 'Herriak Egiten' ezohiko Funtsaren aurkezpenean, eta erakundeen arteko lankidetza goraipatu eta Aldundiaren babesa eskertu dute. Horiekin batera, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Ane Legarretaetxebarria eta Elixabete Uribarri Fruizko eta Plentziako alkateak izan dira, aurretik Finantzen Lurralde Kontseiluaren bileran izan direnak.

Adostutako irizpideak

Finantzen Lurralde Kontseiluak gaur goizean egindako bilkuran ezohiko funts hori definituko duten irizpideak erabaki dira, baita hori arautuko duen dekretua izapidetzen hastea ere. Irizpideen barruan, udalerri bakoitzak jasoko duen transferentzia ekonomikoaren zenbatekoak azpimarratu behar dira. Transferentzia hori biztanleria-tarteen araberako esleipen finkoak kontuan hartuta zehaztuko da, 1.500 biztanlera arteko udalerri txikienek jasoko dituzten 100.000 euroetatik hasi eta Bilbok, 200.000 biztanletik gorako udalerri bakarrak, jasoko dituen 15 milioietara arte.

Zenbatekoak honako tarte hauetan zehaztuko dira:

a) 1.500 biztanlera arte: 100.000€

b) 1.500 eta 3.000 biztanle artean: 140.000€

b) 3.000 eta 5.000 biztanle artean: 230.000€

c) 5.000 eta 7.500 biztanle artean: 345.000€

d) 7.500 eta 10.000 biztanle artean: 445.000€

e) 10.000 eta 15.000 biztanle artean: 665.000€

f) 15.000 eta 20.000 biztanle artean: 850.000€

f) 20.000 eta 30.000 biztanle artean: 1.300.000€

g) 30.000 eta 40.000 biztanle artean: 1.700.000€

h) 40.000 eta 70.000 biztanle artean: 2.000.000€

i) 70.000 eta 100.000 biztanle artean: 3.405.000€

j) 100.000 eta 200.000 biztanle artean: 4.405.000€

k) 200.000 biztanletik gora: 15.005.000€

Udalkutxa 2021 likidazioa

Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, 'Herriak Egiten' Ezohiko Funtseko 58 milioi euroez gain, udalerrien diru-sarrerak handitu egingo dira Udalkutxa funtsaren likidazio positiboari esker ere, 2021eko urrian aurreratu ziren aurreikuspenak hobetu egin baitira.

Horrela gaur egin den bileran Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2021eko ekitaldiari dagokion Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsa likidatu du eta munta 910,2 milioi euro izan da, hau da, ekitaldi horretarako aurreikusitako aurreikuspena, 829,4 milioi, baino 80,8 milioi euro gehiagorekin. Azken zifra horrek urrian, Finantzen Lurralde Kontseiluaren aurreko bileran, egindako ekitaldi-itxierako aurreikuspenak ere hobetzen ditu, orduan hasierako aurreikuspena baino 65,2 milioi euro gehiago izango zirela kalkulatu baitzen.

Horrela Bizkaiko 112 udalerriek 80.714.568 euroko aparteko munta izango dute 2022an, ekitaldi honetarako aurreikusitako 829.432.980 euroei gehituta.

ITURRIA: BFA