Prentsa Aretoa

Berriak

2022/03/02

Ukrainako gerraren aurrean Aitor Estebanek EAJ-PNVren babes osoa eskaini die EBri, Aliantza Atlantikoari eta Gobernu zentralari

Kongresuan egin den ezohiko bilkuran, Euskal Taldeko bozeramaileak txalotu ditu Errusiari inposatutako zigor ekonomikoak, “herriaren borondatea errespetatzea” nabarmendu du gatazkak konpontzeko formula gisa eta, oraingo egoeran, “zuzen” jo du Sánchezek Ukrainara armak bidaltzeko hartu duen erabakia: “Ezin ditugu Ukrainarrak bakarrik utzi”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak, gaur baieztatu du EAJ-PNV beti egongo dela “demokraziaren alderdian, mundu askearen, giza eskubideen eta hiritargoak bere etorkizuna erabakitzeko duen borondatearen alde”. Hala, eta esaldi honek dakarren guztiarekin bat eginez, gaur Kongresuan egin den ezohiko bilkuran, bertan Pedro Sánchezek ere hitz egin duela, Estebanek Espainiako gobernuari, Europako Batasunari eta Aliantza Atlantikoari eskaini die “EAJ-PNVren babes osoa”, Errusiak Ukraina inbaditu duenez geroztik ireki den gatazkan.

Hitz egiteko izan duen tartean eta gerra honek eragin dituen milaka errefuxiatuak gogoratzeko hitzak esan ondoren, Euskal Taldearen bozeramaileak erakunde guztiei premiatu die “lan honetan laguntzea, Eusko Jaurlaritza egiten ari den bezala”. “Pertsonen sufrimenduak ere izan behar du gure lanaren parte nagusi bat”, nabarmendu du.

“Kontua ez da, edo ez litzateke izan behar, herrialde baten muga aldaezinen defentsa. Herriaren borondatea da. XXI. mendean gaudelako eta horrela baino ez direlako gatazkak konpondu”, baieztatu du Estebanek. Era berean, Aitor Estebanek gogora ekarri du Ukrainak “erabateko babesa” eman ziola bere independentziari, erreferenduma egin zenean, eta gaineratu duenez “inork ez luke ezer egin behar haiek kontuan hartu gabe”. “Putinek ukrainarrei ukatu ahal die nazio direla, baina sekula ere ezin izango die agindu zer sentitu behar duten”, ezarri du.

Hala ere, eta “mundu mailako harremanetan zein Europako barne dimentsioan ezusteko paradigma aldaketa” jo duen egoeran, errua, osorik, Errusiako presidente Vladimir Putini leporatuz, Euskal Taldeko bozeramaileak zera berretsi du “`Gerrari ez´ aldarria errealitate bihurtu nahi badugu, ez da nahikoa gure indar guztiekin nahi izatea eta manifestazioak egitea”. Jeltzaleen bozeramaileak baieztatu duenez “Errusiak borrokari uzten badio, ez dago gerrarik; baina Ukrainak borrokari uzten badio, ez da Ukrainarik izango”.

Testuinguru berean eta “gerra beti da arbuiagarria” baieztatu ondoren, zera gogoratu du “ukrainarrek gugatik borroka egitea nahi badugu, hiritargoa ezin dugu bakarrik utzi”. Horregatik, eta Erresuma Batuak eta Frantziak Kantauri itsasoan ezarri zuten itsas blokeoaren ondorioz Gerra Zibilean Euskadik aurre egin behar izan zion gutxiagotasun-egoera gogora ekarri ondoren, Estebanek adierazi du ez duela babesik gabe utzi nahi horrelako erasoari aurre egiten ari den herrialde bat, eta “egokitzat” jo du presidenteak gaur Ukrainara armamentua bidaltzeko iragarri duen jarrera.

Beste alde batetik, Euskal Taldeko bozeramaileak txalotu ditu Europako Batasunak ezarri dituen zigor ekonomikoak “zedarri”, “inoiz ikusi ez den zerbait” eta “Iraganaren eta orainaren artekoaren ezberdintasuna markatuko dutena nazioarteko harremanetan eta bakearen defentsan” direla esanez. Baina EBri eskatu dio “irmotasun osoz” jardun dezala “Ukrainari eman beharreko babesean, hutsegiterik gabe eta neurriak azkeneraino eramanez”. Era berean erreklamatu du “Errusiari irteera bat eskaintzea“, Putinek atzera egingo balu. Amaitzeko baieztatu duenez “esperientzia honek erakusten digu defentsa egiteko eta erabakiak hartzeko egiturak indartu behar direla, EBren kanpo politika alorrean”.

Espainiako Estatuak nazioarteko esparruan izan dezakeen eraginaz galdetuta, Euskal Taldearen bozeramaileak Sánchez Presidenteari premiatu dio “Europar Batasunaren barruan hornidura-krisia arindu dezaketen erabaki estrategikoak hartzea eta egoera horrek ekarriko duen prezio-igoera bultzatzea”, eta Espainiako Gobernuari gogorarazi dio EAJ-PNVk hilabeteak daramatzala gasari arreta handiagoa jarri behar zaiola ohartarazten, trantsizio-elementu den aldetik.

Hala ere, Esteban kritiko agertu da gaur Sanchezek Osoko Bilkuraren aurrean aldebakarrez azaldutako “konta ezin ahala neurriekin”, taldeek horiek ebaluatzeko denborarik izan ez dutela. “Taldean pairatzen den larrialdiari elkarren artean aurre egin behar zaio. Baina, beti bezala, kontrakoa egin duzu: zure balizko parlamentu-babesak kontsultatu gabe oldartu zara”, deitoratu du.