Prentsa Aretoa

Berriak

2022/03/17

Euskal Taldeak Euskadiren eskuduntza aldarrikatu du, bai eta nazioarte mailan ordezkaritza propioa izatea ere

Joseba Agirretxeak Kirolaren Lege Proiektua arbuiatu du, Espainiako gobernuarekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest agertu den arren

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Taldean kirol gaietarako bozeramaile Joseba Agirretxeak gaurko osoko bilkuran aldarrikatu du EAEren eskuduntza kirol gaiak kudeatzeko, Gernikako Estatutuan ezarritakoa betez, eta Euskadiren parte hartzea aldarrikatu du nazioarteko lehiaketetan. Kirolaren Lege proiektuari buruzko osoko eztabaidan diputatu jeltzaleak baieztatu du Espainiako gobernuak aurkeztu duen legearen testuak euskal eskumenen esparrua inbaditzen duela, Gernikako Estatutuaren arabera EAEk “eskuduntza esklusiboa baitu kirol eta aisia alorretan”. Hori dela eta, Euskal Taldeak aldeko bozka eman dio ERCk Lege Egitasmoari aurkeztu dion osoko zuzenketari.

Hitza hartzeko izan duen tartean, Agirretxeak deitoratu du Espainiako gobernuaren testuan ez dela jasotzen EAJ-PNVren eta PSOEren artean adostu zen eta Andoni Ortuzarrek eta Pedro Sánchezek 2019ko abenduaren 30ean legealdirako izenpetu zuten akordioan jasotzen zen puntuetako bat, zeinak aurreikusten baitu “bideak zabaltzea kirolaren eta kulturaren esparruan nazioarte mailan Euskadiren ordezkaritza sustatzeko” “Bete ezazue hitzemandakoa”, esan dio diputatu jeltzaleak Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroari.

Halaber, Agirretxeak ministroari deitoratu dio Lege Egitasmoaren 62. artikuluak jasotzen duela kirolariak derrigortuta daudela Espainiako kirol selekzioen deiei erantzutera eta 98. artikuluak deialdi horiei ez erantzutea “huts egite larritzat” jotzen duela. Agirretxeak Icetari aurpegiratu dionez “beldur handia izan behar duzue baten batek selekzioari uko egiteari, hutsegite larritzat jotzeko. Zer erregimenetan bizi gara? Zer lege da hau?”.

Eskola kirolerako irizpideak ere Kirolen Goi Kontseiluak ezartzea aurreikusten duen testu zatiari dagokionez, Agirretxeak gogoratu du eskola kirola Autonomia Erkidegoen ardurakoa dela eta EAEren kasuan foru aldundiak direla arlo hori kudeatzen dutenak “kirol alorrekoa eta hezkuntza alorrekoa delako; eskuduntza biak erabat transferituta daude”.

Diputatu jeltzaleak ironiaz kritikatu du Lege honetan “tresna berri bat erabiltzea” proposatzea, azken urteotako elementua hain zuzen “Konferentzia sektoriala”. “Bat batean asanbleario bihurtu gara eta Autonomia Erkidego batek gai horretan eskumenak izan zein ez, erabakiak Konferentzia Sektorial horretan hartuko baitira”, gaitzetsi du Agirretxeak.

Edozein kasutan, Agirretxeak Iceta ministroari adierazi dio Euskal Taldea prest dagoela Espainiako gobernuarekin hitz egiteko eta negoziatzeko, kirol alorrean jeltzaleek egiten dituzten aldarrikapen eta eskari guztiak bideratzen saiatzeko.