Prentsa Aretoa

Berriak

2022/04/17

Ortuzarrek eskua luzatu die euskal alderdiei “jendearen eskari eta arazoei erantzuna” emateko behar diren akordioak adosteko

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak hitz egin dute gaur, bi urte geroago, Bilboko Plaza Barria berriz ere txiki utzi duten 3.000tik gora pertsonaren aurrean, EAJ-PNVk Aberri Eguna ospatzeko egin duen ekitaldian

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Gaur da Aberri Eguna. Eta ‘abertzale’ hitza gero eta gutxiago erabiltzen duten arren eta bere ordez ‘independentista’ hitza erabiltzen duten arren, hemen dute EAJren eskua, luzatuta, elkarren artean adosteko, elkar ulertzeko. Gutxieneko errespetua baino ez dute erakutsi behar; etor daitezela eraikitzera, eta ez suntsitzera; izan dezatela Euskadi gogoan eta pentsamenduan, eta ez Ajuria Enearako biderik laburrena non egon daitekeen. Ondotxo dakite haiek –eta Hezkuntza moduko gai garrantzitsuan ikusi dute– zentzuzko jarrerak defendatzen dituztenean, EAJ beti dagoela prest, beti gaudela adosteko prest. Horra hor eskaintza, lankidetzan aritzeko eskaintza zintzoa EH Bildurentzat eta gainerako indar politikoentzat. Pentsatzen duten bitartean, gu geurera: Herri hau aurrera ateratzera, gure erakundeetan lan egitera, jendearen eskari eta arazoei erantzuna emateko”.

Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur , pandemiak derrigortuta halako ekitaldiak egiterik egon ez diren urte biren buruan, Bilboko Plaza Barria txiki utzi duten EAJko alderdikide eta alderdizaleen aurrean zabaldu nahi izan duen mezu nagusia. EAJk jendetza batu du gaur Aberri Eguna ospatzeko, aurtengoa 90. edizioa izan delarik. Ortuzarrek hitza hartu baino lehen, Plaza Barriko ekitaldi politikoan hitz egin du Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta baieztatu du Euskadi, berriz ere, egungo egoera ekonomiko zailetik aterako dela, baina ez duela egingo ez utopietan oinarrituta ezta sasi-paradisuko ereduetan oinarrituta ere. “Zerga gutxiago da zerbitzu publiko gutxiago, osasun gutxiago, hezkuntza gutxiago eta babes sozial gutxiago. Ez da gure eredua. Gure eredua da lana, esfortzua, kudeaketa zintzo eta arduratsua, oinak lurrean jarrita. Gure konpromiso sozial eta humanista da Euskadik izan dezala ahalik eta gizarte kohesiorik handiena. Gure lehentasuna da elkarrekin aurrera egitea, ahalik eta urrunen hel gaitezen”, baieztatu du Urkulluk.

Ortuzar pozik agertu da Aberri Eguna berriz ere kalean ospatu ahal izateagatik, bai eta alderdikideen artean egin ahal izateagatik ere, pandemiak ezarri zuen geldialdiaren ondoren. Dena dela, une latzak bizi dituzten bi nazio gogoratu nahi izan ditu. “Abertzale demokratiko garelako eta benetako antifaxista eta antiinperialista garelako, Aberri Eguna ospatzerako orduan, derrigorrezko dugu Ukrainaz eta Mendebaldeko Saharaz hitz egitea. Euskadi aske eta bidezkoan sinesteak eramaten gaitu ezinbestean Ukraina aske eta bidezkoan eta Sahara aske eta bidezkoan sinestera”. Jeltzaleen buruarentzat, Ukrainan gertatzen ari dena “bereziki larria da, nazioarteko legeen perbertsio onartezina da. Ez dago hitz nahikorik, ezta behar bezain gogorrik ere, Putin ukrainar herriarekin egiten ari dena epaitzeko”. Ortuzarrek esan du “lotsa” sentitzen duela Euskadin ere badirelako “basakeriatik ihesi Euskadira babes bila etorri diren emakume eta haurrei eman zaizkien bizitokietako hormetan Errusiaren aldeko pintadak egin dituztenak. Lotsa eragiten dit, tristetu egiten nau horrelako jendea izateak. Euskal Herriko gehiengo nagusiaren borondatea adierazten dudala uste dut ukrainar errefuxiatuei jarrera horiengatik barkatzea eskatzen badiet, gutxienekoak direlako halakoak, eta gure laguntza eta elkartasuna eskaintzen dizkiet. Bai eta Saharar herriari ere, Espainiako gobernuak bere jarrera horren zentzugabeki aldatu ondoren”.

Ortuzarrek argi baino argiago du egungoa dela alderdi ekonomikoan “ziurgabetasunez betetako garaia, pandemiaren eta gerraren ondorioen eraginez. Gizartearen etsipena ere ematen ari da krisialdi batetik besterako jauzia ematen ari garelako. Horri gehitzen badiogu politikatik gero eta urruntze handiagoa ematen dela, egoera osoak merezi du Alderdia oso adi egotea”. Horregatik, EBBren presidenteak uste du EAJren derrigorra dela, Herri honetako lehen alderdia lehen aldetik, “Covid-ak eragin duen geldialdiaren ondoren, gizarteari berriz ere neurria hartzea; Alderdi gisa iratzartzea eta berriro ere kalera irtetea; Batzokietan berriz ere elkartzea, baina ateak eta leihoak zabal-zabalik, herritarrek esan nahiko duten guztia entzun dezagun”. Hori da ‘Entzunez Eraiki’ prozesuaren xedea. Alderdiak urtarrilean aktibatu zuen prozesu hau eta azaroan amaituko da lan honen fruitua gizarteari eskaintzeko ekitaldiarekin. “Hortik aterako dira askatasunezko eta oparotasunezko etorkizuna bermatzeko egingo ditugun proposamenak, hortik aterako da Alderdiaren egitasmoa Euskadi datozen urteotan lideratzeko. Politikagintzarako dugun moldearekin zintzotasunez jokatzen dugulako: lehenengo entzun eta ondoren eraiki gure autogobernua hobetzeko eta zabaltzeko; demografiaren erronkei erantzuna emateko, gure inguruari iraunkortasuna emateko; Nazio hobea izateko. Euskal eredua. EAJren eredua”.

Ortuzarrek deitoratu du euskal alderdi guztiak ez daudela gaur egun laguntza emateko prest “eta are gutxiago gure alternatiba aldarrikatzen dutenak eta gu paretik kentzearekin obsesionatuta daudenak, denak bost axola baitie”. Horren erakusgarri, Gasteizko Legebiltzarreko azken eztabaida monografikoa. “Bai errespetu falta handia Lehendakariari! Eta hori guztia Lehendakariak Legebiltzarrera jo zuelako Ukrainako gerraren krisiari aurre egiteko neurriekin, planekin eta ekimenekin. Ez zitzaien gustatu Lehendakariak eta Jaurlaritzak plan bat izateak. Iraintzera iritsi ziren. Putini buruz ez diegu entzun Lehendakariari bota ziotena. Zer gertatzen zaie pertsona hauei bere herriaren ordezkari demokratiko bati hainbesteko ankerkeriaz erasotzeko, baina diktadore baten gezur eta basakerien aurrean hitz erdirik ez esateko gai ez direla?”, galdetu du Ortuzarrek. Hala ere, buruzagi abertzalearen esanetan, Euskadiko bizitza ekonomiko, sozial eta politikoa hain korapilatsua den une honetan, EAJ-PNVk eskua luzatzen die EH Bilduri eta gainerako euskal alderdi politikoei akordioak lortzeko, “Herri hau aurrera ateratzeko eta herritarren beharrizan eta arazoei erantzuteko”.

Ortuzarrek Espainiako politikari buruzko aipamen labur baina sendoa egin du, Gaztela eta Leongo gobernuan Partido Popularraren eskutik ultraeskuineko indarra sartu dela gogora ekarriz. "Eskuin muturrarekin itun bat egin eta ‘konplexurik gabe’ egiten dela esatea atzerapauso demokratikoa da, eta horretan diharduena zikindu egiten du ia erabat", adierazi du buru abertzaleak. “Hainbatetan esan dugu, baina ez digute kasurik egin. Egunen batean, hobe erratuta egongo banintz, damutu egingo dira guri kasurik ez egiteaz. Hobe PP eta PSOE akordio batetara iritsi baziren Vox-ek politika baldintzatzeko aukerarik izan ez zezan. Baina berekoikeria partidistengatik, fatxak Gobernuan sartu dira eta bide honetatik jarraituta, ez da bakarra izango. Oraindik ez da berandu, PPri eta PSOEri esango diegu berriro: gutxieneko baldintza batzuk adostu ditzatela muturreko eskuineko indarra kanpoan uzteko. Eta gauza bat izan dezatela argi: EAJ beti egongo da prest eta lagunduko du demokrazia babesten, baina ez gaituzte sekula ere Vox-ekoen eskutik ikusiko, ezta beraiekin konpontzen direnen eskutik ere. Gu beti askatasunarekin eta demokraziarekin! Horregatik, datorren igandean, Iparralden abertzaleen boto bakar bat ere ez Le Pen-entzat!”, amaitu du EBBren presidenteak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak esan du salbuespenezko garaiak bizitzen ari garela, baina ziurtasunez esan du euskaldunok krisi hau gaindituko dugula aurreko beste hainbatetan egin dugun bezala, eta errezeta magikorik gabe eta eredu-paradisuen utopiarik gabe egingo dugula. “Orain ari dira sirenen kantekin. Alde batetik, batzuek neoliberalismoaren errezeta magiko berriekin datoz Euskadira: ‘Zerga gutxiago eta Estatu gutxiago’, hau da, ‘Ondo bizi denari laguntzea, hobeto bizi dadin’. Zerga gutxiago zerbitzu publiko gutxiago, osasun gutxiago, hezkuntza gutxiago eta babes sozial gutxiago. Ez da gure eredua”, ziurtatu du Urkulluk. “Besteak, berriz, internazionalismo sozialistaren aldarrikapenekin datoz. Herri Administrazioak dena hartzean oinarritutako eredua. Gastu publikoa edozertarako, baliabideak infinituak balira bezala. Ez, guztion ekarpenetik dator dirua, zerga bidez”. Eta bi proposamen horien aurrean, Urkulluk Euskadin zorroztasunez eta aurreikuspenekin kudeatzen jarraitzearen alde egin du. “Gure eredua lana da, esfortzua, kudeaketa zintzoa eta arduratsua, oinak lurrean dituela. Gure konpromiso sozial eta humanista da Euskadi sozialki ahalik eta kohesionatuena izatea. Gure lehentasuna elkarrekin aurrera egitea da, urrunago iristeko”, ziurtatu du.

Lehendakariak hitzeman du Euskadik neurri eraldatzaileak bultzatzen jarraituko duela, gure herriak arrakastaz aurre egin diezaion trantsizio hirukoitzari: digitalari, ekologikoari eta sozialari. Neurri horiek dira, hain zuzen, “Euskadi Next proiektuak, Jaurlaritzak eta Aldundiek hitzeman ditugun inbertsio estrategikoak, edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2030. Betiere lankidetza publiko-pribatutik, Euskadi martxan! Abian!”.

Azkenik, 1937ko apirilaren 26an Gernikako bonbardaketak eragindako erasoan, kaltean eta sufrimenduan matxinatutako ejertzitoak eta ondorengo gobernu frankistak izan zuten erantzukizuna aitortzeko beharra berretsi du Urkulluk. Proposamen hori 2017an formalizatu zuen Euskal Taldeak Senatuan, baina Alderdi Popularraren oposizioagatik ez zuen aurrera egin. “ Gernika. Aintzatespena. Bizikidetza. Bakea”, esan du Lehendakariak.