Prentsa Aretoa

Berriak

2022/10/18

Beltrán de Herediak jarduera ekonomikoa bermatzeko eta dinamizatzeko baliabideak bideratzea eskatu dio Sanchezi, neurri sozialekin batera

Senatuko Euskal Taldeko bozeramaileak Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio azal dezala nola antolatuko dituen erreforma fiskalak eta zerga berriak EAEko eta Nafarroako eskumenekin talka egin ez dezaten

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Estefania Beltran de Heredia EAJ-PNVren Senatuko bozeramaileak Gobernuko presidenteari eskatu dio jarduera ekonomikoa bermatu eta dinamizatzeko baliabideak bidera ditzala, guztia neurri sozialak hartzera fidatu beharrean. Espainiako Gobernuak hartutako neurri ekonomiko eta fiskalen irismenari buruzko informazioa emateko Pedro Sanchezek Goi Ganberan egindako agerraldian, Beltrán de Herediak gogorarazi dio “zerbitzu publiko onak eta behar dutenentzat prestazio-sistema bat bermatu behar direla, baina beharrezkoa dela baliabideak bideratzea lehiakortasun-baldintzak sortzeko, ekoizpen-sektoreak lurraldean finkatu daitezen, kalitatezko enplegua sor dezaten eta hazi daitezen”.

Ildo horretan, kritikatu du ekonomiaren motelaldiaren aurrean “honen hazkundea eta eraldaketa Next Generation funtsen pentzu uzten direla; behar bezala hedatzen ari ez diren funtsak”, eta haien 84.000 milioi euroko gehigarriari buruz “oraindik ez dakigu ezer horiek eskuratzeko irizpideei eta baldintzei buruz”.

Beltran de Herediak ohartarazi duenez, agerraldi-eskaeran ‘autonomia-erkidegoek neurriak ezartzeko eta Ongizate Estatua mantentzeko duten zereginari buruzko informazioa ematea’ planteatzen zen, eta galdetu du ea Estatuko Gobernuak tentaziorik izan dezakeen “krisiaren aurrean babes-politikak hedatzeko eta Ongizate Estatua bermatzeko hauetako bakoitzak duen eskumena ordezteko”. Ildo horretan, bozeramaile jeltzaleak salatu du Espainiako Gobernuak “ez diela lana erraz jarri autonomia erkidegoei”; izan ere, Next Generation funtsak, kasu askotan, aurretik erkidego batzuetan gauzatutako jardueretara bideratu dira, eta beste batzuetan ez dira haien berezitasunetara eta beharretara egokitu. “Egindako konferentzia sektorial guztiak gorabehera, gobernantza partekatua falta izan da eta da”.

Era berean, azken asteotako “erreforma fiskalen eta zerga berrien zaparradari” dagokionez, Beltran de Herediak Sanchez presidenteari berretsi dio premiazkoa dela horiek nola antolatuko dituen jakitea, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak zerga-arloan dituzten eskumenekin talka egin ez dezaten. “Ez dugu pentsatu nahi, Espainiako Gobernua egiten ari den birzentralizazio-bide honetan, azken nahia euskal ogasunekin eta Nafarroakoarekin dauden itunak saihestea denik, eta Hitzarmenean eta Ekonomia Itunean ezarritako arauak hautsi nahi dituela, aldebikotasunaren printzipioan oinarrituta, bi aldeen artean negoziatzera eta adostera behartzen baitu”.

Beste behin ere, bizitzaren kostuaren garestitzea arintzeko neurri aringarrien izaera unibertsala kritikatu du alderdi jeltzaleak. “Ez dute behar handiena duenarengan gehiago eragiten, eta desberdintasunak zuzendu beharrean areagotu egin ditzakete. Guk beti neurri selektiboagoen, ekitatiboagoen, progresiboagoen alde egin dugu, gizarte-klaseetan eta premia handiena duten sektoreetan zentratuta, eta kontsumoa ez sustatzeko, kontrakoa eskatzen ari den une honetan”. Beltran de Herediak salatu du, baita ere, inflazioa sortzen ari den diru-bilketa handiagoak baliabideak laguntza-neurrietara bideratzea ahalbidetzen duela; “kezkatuta gaude pandemiaren ondoren gastu batzuk egiturazkoak bihurtzen ari direlako, eta horiei koiunturazko diru-sarreren bidez aurre egiten ari zaielako; bilketari eutsiko al dio jardueraren moteltze baten aurrean, gastu horiei erantzuteko?