Prentsa Aretoa

Berriak

2022/10/20

Mireia Elkoroiribe Zenikaonaindia izango da EAJ-PNVk Durangon aurkeztuko duen alkategaia

Durangoko Uri Batzarrak Elkoroiribek orain arteko ibilbidean egin duen lana baloratu du. Hautagaiak bere aldetik baieztatu duenez “inoizko ilusio eta kemenik handiena dut udal gobernua berreskuratzeko”

rss Ezagutzera eman
Mireia Elkoroiribe Zenikaonaindia izango da EAJ-PNVk Durangon aurkeztuko duen alkategaia

ARGAZKIA JAITSI

Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia izango da berriro EAJ-PNVk 2023ko udal hauteskundeetan Durangoko Alkatetzarako aurkezten duen hautagaia. Hala erabaki zuen atzo arratsaldean herriko Uri Buru Batzar jeltzaleak.

Elkoroiribe Zenikaonandiaren ibilbide profesionala eremu publikoan zein pribatuan garatu da. Gaur egun, Durangaldeko Mankomunitateko lehendakaria da eta, lehenago, Osasun sailaren kabineteko zuzendaria izan zen, baita Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko Kanpo Harremanetarako aholkularia ere. Eusko Jaurlaritzako Garraio zuzendaria ere izan zen 2007 eta 2009 urteen artean. Esparru pribatuan, Dilusiones se Vive (ekitaldiak antolatzeko enpresa) enpresaren sortzailea izan zen, Montevideo tabernaren kudeatzailea eta jabea, eta baita ere Urtzi pubeko zerbitzaria, lehenengo, eta bazkide geroago.

Hautagai jeltzaleak, gainera, curriculum akademiko nabarmena du. Publizitatean, Harreman Publikoetan eta Marketinean graduatu zen London Metropolitan Universityn, Barne Komunikazioko master bat du Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, eta Turismon diplomatu zen Deustuko Unibertsitatean. Halaber, euskaraz, ingelesez eta frantsesez hitz egiten du.

47 urterekin, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandiak bigarrenez onartu du 2023ko udal hauteskundeetan EAJ-PNVren ordezkari izatea Durangon. Elkoroiribek nabarmendu du 2019ko hauteskundeak irabazi arren oposizioan egon izana gogorra izan dela, baina gogoeta egiteko eta ikasteko balio izan diola, bai akatsetatik, bai asmatutakoetatik, eta baita esperientzia handiagoarekin indartuta ateratzeko ere. “Erronka honi inoiz baino indar eta ilusio handiagoarekin aurre egiten diot udal gobernua berreskuratzeko. Egunero gogor lan egingo dut, talde osoarekin batera, hauteskundeak berriro irabazteko eta EAJ-PNVk alkatetza berreskuratzeko. Gure helburua argia da, hurbiltasunetik eta entzute aktibotik gobernatzea, Durango bizitzeko leku hobea izan dadin. Horretan jarraituko dut nire ahalegin eta ilusio guztia jartzen”, baieztatu du.

Atzo arratsaldean egindako bileran, EAJ-PNVren Durangoko batzarrak onartu zuen baita ere 2023ko udal hauteskundeetarako hautagaiak hautatzeko prozesuari hasiera ematea. Prozesu hori azaroaren erdialderako amaituta egotea aurreikusten da.