Prentsa Aretoa

Berriak

2022/11/08

EAJ-PNVk Mikel Garaizabal Iturriagaetxebarria hautagaiarengan jarri du berriro konfiantza Abadiñoko Alkategai izateko

Egungo alkatea izango da alderdi jeltzaleak 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrendaburua, eta “duela lau urteko erantzukizun, ilusio eta gogo berberarekin”, “baina esperientzia politiko gehiagorekin”, hartu du erronka

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Mikel Garaizabal Iturriagaetxebarria hautagaiarengan jarri du berriro konfiantza Abadiñoko Alkategai izateko

ARGAZKIA JAITSI

Mikel Garaizabal Iturriagaetxebarria izango da berriro Abadiñoko Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia datorren maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan. Hala erabaki du jeltzaleen udal batzarrak duela egun batzuk egindako azken bileran. Bertan, aho batez berretsi zen egungo alkatea hurrengo udal hauteskundeetarako zerrendaburu izatea.

Garaizabalek eskerrak eman dizkie Abadiñoko afiliatuei berarengan jarritako konfiantzagatik, eta bigarren aldiz onartu du EAJ-PNV ordezkatzea Abadiñoko alkategai gisa, 2019an hasitako proiektuarekin jarraitzeko aukera emango dion auzokideen gehiengoaren konfiantza berresteko helburuarekin. "Erronka hau duela lau urteko erantzukizun, ilusio eta gogo berarekin eta esperientzia gehiagorekin, hartzen dut, bai, eta entzuten eta ikasten jarraitzeko konpromisoa ere hartzen dut, ahaleginarekin eta dedikazioarekin guztion neurrira egingo dugun herria eraikitzen jarraitzeko gai izango garela jakinda, aurrera egingo duen herria, pertsonei bizitzeko eta bizi- edo lan-proiektua gauzatu ahal izateko aukera emango dien herria", azaldu du Abadiñoko EAJ-PNVko alkategaiak.

Mikel Garaizabal Abadiñoko Alkatea da 2019az geroztik. Erantzukizun hori gertutasunean eta etengabe entzutean oinarritzen du, elkarrizketarako jarrera, lanerako gaitasuna eta erakundeen arteko lankidetza sustatzerakoan sendotasuna erakutsiz, herriarentzat estrategikoak diren proiektuetan aurrera egiteko, Abadiñoren errealitatea bere aniztasun osoan sakon ezagutuz. Horrela, denbora horretan, bere lehentasunak, herritarrekin komunikazio-bideak indartzean eta eremu guztietan parte hartzen laguntzean oinarritu dira.

Gazteluko landa-gunekoa da, eta ondo ezagutzen du, neurri handi batean, Abadiño bezalako udalerri zabalaren bilakaerak eragin duen sakabanaketa. Izan ere, hiru herrigune nagusi eta sakabanatutako hainbat auzo ditu. Garaizabalek udalerria hirigintza- eta gizarte-mailan lotzen jarraituko du, eta, horretarako, udalerria egituratzeko eta biztanleen arteko harreman handiagoa bultzatzeko azpiegitura berriak ezarriko ditu. Muntsaratz eta Zelaieta arteko zeharbidea, edo auzoen arteko bidegorri sarea, dira azken aldiko lorpenak, udalerria maila guztietan bateratzen jarraitzeko borondatearen erakusgarri.

Garaizabalen beste kezketako bat herritar guztien beharrei erantzutea da, arreta berezia jarriz adineko pertsonen kolektiboan eta egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan, begirada, une oro gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zainduko duen Abadiño irisgarrian jarrita. Kudeaketa osoan zeharkako lehentasun bat izango du, jasangarritasuna eta tokiko natur ondarearen babesa, euskararen erabilera sustatzearekin batera. “Arlo horietan ezin dugu atzerapausorik eman, herri lagunkoiagoa izateko lanean jarraitu behar dugu, pertsona guztiak, adina edozein dela ere, gustura egon daitezen eta euren interesak garatu ahal izan ditzaten”, gaineratu du Mikel Garaizabalek.

46 urterekin, Garaizabalek ibilbide luzea du tokiko politikan, 23 urte baino ez zituela hasi zen EAJ-PNVn militatzen. Lau urte geroago zinegotzi hautatu eta Udaleko bigarren alkateorde izendatu zuten. Kargu horiek legegintzaldi horretan bete zituen. Hezkuntza, Kultura, Kirol edo Euskara sailetan izan zuen inplikazioa erabakigarria izan zen udalerriaren garapenerako proiektu garrantzitsuak gauzatzeko.

Mikel Garaizabal oso ezaguna da bere jaioterrian kirol eta kultur elkarteetan edo Traña-Matiena ikastetxeko IGEan modu aktiboan parte hartu duelako. Bere alderdi altruistak boluntariotza-lanak egitera ere eraman du irabazi-asmorik gabeko hainbat erakundetan. Kirolaria, landa-inguru eta abeltzaintza zalea, eta bertako historiaren ikertzailea, Mikel Garaizabalek hainbat ekimen jarri ditu abian, horien artean Barrizten Kultur Elkartea edo euskal estilo tradizionalean hazitako behi-okelaren banaketan aritzen den Gaztelua txahal okela enpresa-proiektua.