Prentsa Aretoa
Berriak
2022/12/12
Itziar Aginagalde Avedillok Berangoko Alkatetzarako hautagaitzari heldu nahi dio “erantzukizunez, apaltasunez eta errespetuz, eta lan handia eginez”
Egungo alkateordeak Anabel Landa Gaubekaren erreleboa hartuko du EAJ-PNVk maiatzeko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen lantaldearen burutzan
“Erantzukizuna, apaltasuna, errespetua eta lana”. Lau elementu horiek ditu goiburu nagusi Itziar Aginagalde Avedillok (Bilbao, 1980) EAJ-PNVk Berangoko Alkatetzarako hautagaitzari heltzeko. Egungo alkateordeak Anabel Landa Gaubekaren erreleboa hartuko du talde jeltzaleak 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetara eramango duen lantaldearen burutzan. Aginagaldek esker ona baino ez dio adierazi nahi egungo alkate eta lagunari. Anabel Landaren “zintzotasuna” nabarmendu du, eguneroko bizimoduan zein politikagintzan. “Azken urteotan guztiotan eman didan babesa eskertzen diot. Politika egiten irakatsi dit, entzuten eta akordioetara iristen”, adierazi du.
Bilbon jaioa da baina “herri zoragarri honetako alaba naiz duela 12 urtetik”. Aginagaldek aditzera eman duenez Berangon “lantalde bikaina daukagu, lehenengo EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrarekin eta, jakina, gure alderdikideekin; eta hori ikusi egiten da lan egiten jartzeko orduan”. Aitortu duenez Anabel Landaren tokia hartzea proposatu ziotenean “halako zorabioa sentitu nuen hasieran”, baina “dena baretu da eta Anabelen eta alderdikideen babesa izateak segurtasun handia ematen dit”. Edozein kasutan, hautagaiak ondo baino hobeto ezagutzen du administrazio publikoaren funtzionamendua eta oso bereziki Berangoko Udalarena. 2015-2019 legealdian Ekonomiaren sustapena, Enplegu eta Gazteria sailen zinegotzi arduraduna izan zen, eta oraingoa bere bigarren agintaldia da gobernu taldean eta esandako ardurez gain dauka Ogasunarena eta alkateordearena.
Hautagai jeltzaleak azaldu duenez, Agintaldirako Planaren %95 dago eginda, egiteko bidean edo hastekotan. “Gure herrikideekin hitzeman genuen konpromisoa bete dugu, eta horixe izango da gure lana hemendik aurrera”. Zentzu honetan, Aginagaldek gogora ekarri du Udalak Ikaza jauregia erosi duela “berangoztarrei eskaintzen zaizkion kultur eta aisialdi zerbitzuak handitzeko eta zabaltzeko. Helburua da arterako gune bat sortzea, sinergia musikal eta kulturalak bultzatzea eta gure herrikideei eskaintzea”, azaldu du harrotasunez. Era berean nabarmendu du Karibiganen egin den arrapala mekanikoaren garrantzia “irisgarritasuna hobetzen lagunduko baitu auzo historiko honetan bizi diren pertsonentzat, Simon Otxandategirekin konektatuz”. Garatu diren beste proiektuak dira Kirolgunea handitzeko lanak “erabilera anitzetarako bi gelekin eta padel pista berriekin” eta Kurtze auzoaren birmoldaketa integrala.
Alkatetzarako hautagaiak hausnarketa egin nahi izan du “administrazioetatik martxan jartzen diren baina lehen begirada batean ikusi egiten ez diren kontuen inguruan”. Honetan sartu ditu alkategaiak Enplegu lanak eta ematen dien garrantzia. “Zalantzarik barik bultzada handia da gure udalerriaren bizitza sozialerako, osasuna eta ongizatea da, bai eta kalitatezko zerbitzuak eman ahal izateko bermea ere”, esan du “halako politikak garatzen eta bultzatzen jarraituko dugu”, gaineratuz.
Etorkizunera begira, Aginagaldek argi baino argiago dauka egun martxan dauden proiektu guztiak amaituko dituela, beren tamainagatik hainbat jarduera fase beharko dituztela gogora ekarriz. Baina, esandakoez gain “beste gauza batzuk ere ditut buruan”. Esate baterako, Lantxarteko auzoa birmoldatzeko proiektua, “irisgarritasuna hobetzeko eta aparkatzeko tokiak ugaritzeko urratsak ematen jarraitzea”. Baina, zalantzarik gabe “gure lehentasunetako bat izango da gure gazteria Berangon gera dadila eta udalerri erakargarri bihurtzea eskualde osoko gazteentzat”. Horretarako bultzatuko dute etxebizitza babestu eta tasatua eraikitzea.
Itziar Aginagalde Avedillo, ezkondua da eta bi alabaren ama da. Pedagogian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Logopedia eta Psikomotrizitate masterra egin zuen EHUn. Bere erantzukizunek libre uzten dioten “denbora apurra” gozatzen du pelikulak edo serieak ikusten, irakurtzen eta musika entzuten”; azken finean “kulturgintzak eskaintzen didan guztiarekin”. Bihotzez maite ditu “familia eta lagunartea” eta beraiekin gozatzen du “Berangok ematen digun guztia”. “Benetan atsegin dut gure herriko giroa; herri gozoa da bertan bizitzeko, lasaia da eta kalitate handiko zerbitzuak eskaintzen ditu. Ezin da bizitoki atseginagorik aurkitu”, esan du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25