Prentsa Aretoa

Berriak

2022/12/13

Ainhoa Basabe Meléndez izango da EAJ-PNVk Sestaoko Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia

Hautagaiak aitortu du alkate izatea “ohore bat” dela, eta hitzeman duenez “gogor lan egiten jarraituko dut, orain arte bezala hurbiltasun eta zintzotasun baloreekin, gure herria hobetzen jarraitzeko”

rss Ezagutzera eman
Ainhoa Basabe Meléndez izango da EAJ-PNVk Sestaoko Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia

ARGAZKIA JAITSI

Ainhoa Basabe Meléndez (Sestao, 1969) izango da EAJ-PNVk Sestaon maiatzeko udal hauteskundeetan Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia. Egungo alkatea (herri horretan karguan dagoen lehen emakumea) Uri Buru Batzarrak proposatua izan da eta EAJ-PNVren Uri Erakunde horrek berretsia izan da azken asteotan egin den barne prozesuan, iragan astelehenean, abenduak 12, azken batzarra egin zelarik.

Basabek esperientzia luzea dauka udal administrazioan 2011an Udaleko lanetan hasi zenez geroztik. Ordutik, askotariko arloak eraman ditu, hauen artean Kultura, Hezkuntza, Merkataritza, Giza Baliabideak, Hiritarren Segurtasuna eta Hirigintza. 2021eko apirilean alkate bihurtu zen Josu Bergara orduko alkatea Bizkaiko Foru Aldundira joan zenean. Ibilbide luze honi gehitzen zaizkio Sestaon garatzen ari diren proiektuen inguruan daukan ezagutza zabala eta lidergorako duen gaitasuna. Arrazoi horiek eraman dute Uri Buru Batzarra Basabe alkategai izendatzera.

“Harro egoteko moduko gauza da EAJ-PNVko alderdikideek beren konfiantza nigan jarri dutela ikustea, horren proiektu ederra lideratzen jarrai dezadan, eta horregatik adierazi nahi diet nire esker ona”, esan du Ainhoa Basabek zerrendaburu izendatu dutenean. Hautagaiak aitortu du alkate izatea “ohore bat” dela, eta hitzeman duenez “gogor lan egiten jarraituko dut, orain arte bezala hurbiltasun eta zintzotasun baloreekin, Sestao hobetzen jarraitzeko”.

Hurrengo legealdirako daukan proiektu nagusienetakoa izango da enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko proiektuak abian jartzea. Egungo agintaldiko jarduerarik nabarmenena Ibarzaharra Enpresa Parkea izan bada “hurrengo urteetarako daukagun konpromisoa izango da Navaleko orubeak garatzea, bertan bultzatuko baitugu enpresa industrialak ezartzea. 2023ko bigarren seihilekoan hasiko ditugu urbanizazio lanak eta espero dugu lursail horietan instalatuko diren enpresek lanpostu ugari sortzea”, baieztatu du Ainhoa Basabek.

Beste apustu bat izango da adineko pertsonentzako egoitza eraikitzea Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Ekipamendu publiko berri bat izango da, arlo soziosanitarioan enplegua sortzeko eragile bihurtuko dena. Ainhoa Basabek hitzeman du erakundeekin elkarlanean arituko dela Sestao eta Areetako geltokiak komunikatzeko trena garatzeko lana egingo duela Metro Bilbaoko 1 eta 2 lineak komunikatzeko.

Hiriko Agendaren garapena izango da bere arduretako bat gero eta udalerri iraunkorrago egiteko behar den transformazio sozialerako bidean. Horretarako hainbat proiektu landuko ditu, besteak beste ibilbide eta bidegorri berriak eraikitzea, irisgarritasuna hobetzea, Galindo eta Ballonti ibaiak berroneratzea eta udal eraikinak eta bizitoki-auzoak energia aldetik birgaitzea, adineko pertsonen ongizatea, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak artatzea eta gazteek enplegua eta etxebizitza eskuratzeko dituzten arazoak dira bere agenda politikoan toki esanguratsua izango duten beste gaiak.

“Azken finean, lan egingo dugu aurrera egiten eta hobetzen jarraitzeko, Sestao bizitzeko, lan egiteko eta gure aisia gozatzeko toki ona izan dadin”, esan du EAJ-PNVren alkategaiak.

Biografia

Ainhoa Basabe Meléndezek 53 urte ditu eta Sestaoko alkate izan da azken urte bete eta erdian. Portugaleteko Asti Leku Ikastolan ikasi zuen Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoa amaitu arte. Ondoren, Logroñoko Arte eta Ofizioen Eskolan matrikulatu zen eta Barneen arkitektura eta dekorazio ikasketak amaitu zituen.

Zortzi urtetan eraikuntzarako materialen sektoreko enpresetan lan egin zuen. Etapa hori amaitzean familiaren dendako burutzan hasi zen eta Sestaoko Merkatarien Elkarteko presidente izan zen. Ezkerraldenda eta CECOBI elkarteetako kide ere izan da. Hautagai jeltzalea ezkonduta dago eta bi seme ditu.