Prentsa Aretoa

Berriak

2022/12/26

Esther Iturrioz Rementeriak “hurbiltasuna eta konpromisoa” izango ditu oinarri Lemoari bere betiko erritmoa bueltatzeko

Arratiako herri honetan EAJ-PNVk Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaiak baieztatu duenez “Lemoaren mesedetan batzea da gakoa, herritar guztiok garelako Lemoako parte”

rss Ezagutzera eman
Esther Iturrioz Rementeriak “hurbiltasuna eta konpromisoa” izango ditu oinarri Lemoari bere betiko erritmoa bueltatzeko

ARGAZKIA JAITSI

“Ilusioa berreskuratu behar dugu; Lemoari bere betiko erritmoa bueltatu behar diogu”. Horixe da Esther Iturrioz Rementeriak (Lemoa, 1967), 2023ko udal hauteskundeetan Lemoako Alkatetza berreskuratzera begira EAJ-PNVk herri horretan aurkeztuko duen hautagaiak, zabaldu nahi duen mezua. Alkategai jeltzaleak bere norabidea argi baino argiago dauka: “Lemoaren mesedetan eta bere onerako batzea da kontua, benetan sinesten dugulako herritar guztiok garela herri honetako parte”. “Gure herria maite dugu; pertsona guztiok lehen mailako lemoaztar senti gaitezen”, aurreratu du; eta horretarako “lan etengabea egingo dugu, egunero, hurbiltasuna eta konpromisoa oinarri”.

Hautagai jeltzaleak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Udalaren martxa eta Lemoako errealitatea, EAJko zinegotzi delako 1999tik. Bi legealdi eman zituen Udal gobernuan eta ondorengo biak oposizioan. Gaur egun eta udal jardueretan duen eskarmentua kontuan hartuz, Lemoako zerrendaburuak zinegotzi ardurak uztartzen ditu Batzar Nagusietako ahaldun gisa dituen zereginekin, Batzar Nagusietan Kultura, Euskara eta Kirolak eta Ekonomiaren Sustapena batzordeetako kide baita.

“Lemoako EAJ-PNVk 11 urte daramatza oposiziotik lanean, baina Auzoz-Auzo aldi honetan garatu dugun entzute aktiboko proiektuari esker, gure herrikide guztiengandik hurbil sentitzen gara”, azaldu du. Prozesu honi esker “lehen eskutik ezagutzen ditugu beren arazoak, beharrak eta proposamenak, eta gauden tokitik lan egin dugu laguntzeko eta ahal izan dugun neurrian konponbide errealak eskaintzeko auzoetan hobetu behar diren gaietan, bideetako segurtasun faltari dagokionez, mantentze lanei eta argiztapenari dagokienez…”, azaldu du Iturriozek. Ildo beretik aurreratu du Auzoz-Auzo proiektuarekin jarraitzeko asmoa dutela: “Hurrengo hilabeteotan jarraituko dugu gure herria hobetzen eta aurrera eramaten lagundu nahi duten pertsonekin, elkarteekin eta entitateekin hitz egiten eta esan nahi diguten guztia entzuten”, aurreratu du.

“Lemoako EAJ-PNVk eta nik neuk uste dugu herri honek asko daukala hobetzeko alderdi guztietan, kohesio eta iraunkortasun irizpideen bidetik aurrera eginez”, azaldu du. Zentzu honetan “hazkunde jasangarri eta iraunkorra bultzatuko dugu, ingurumena zainduz, gure herrian hain kaltetuta dagoen zerbait”. Kohesioa da talde jeltzalearen aldetik planteatuko diren politiken zutabe nagusienetako bat. “Gizartearen kohesioa eta gure auzoen garapen bidezko eta berdintzailerako kohesioa”, baieztatu du hautagaiak.

Iturriozek nabarmendu duenez “ohore erraldoia da” nor bere herriko alkategai izatea, baina ez du ahaztu nahi erantzukizuna ere erraldoia dela. “Edozein kasutan, erronka berri honi heltzen diot gogotsu, indarrez beteta eta, jakina, apaltasun osoz”. Beste aldetik, herri horretako talde jeltzalearen aldetik baieztatu dutenez “oso ondo prestatuta dagoen pertsona da; eskarmentua dauka udal kudeaketan eta gaitasuna du erakundeen arteko lana bultzatzeko, Lemoak horren beharrezko duena proiektu estrategikoak sustatzeko, gure etorkizunerako funtsezko egiten zaizkigunak”, nabarmendu dute.

Esther Iturrioz Lemoako alaba da. “Iturritxe auzoan bizi izan naiz beti nire familiarekin” eta familia da hain zuzen bere oinarri nagusia “daukadan denbora guztia nire alabekin ematen saiatzen naiz”. Eta, lagun taldeari dagokionez, aukeratzen den familia den aldetik, oso garrantzitsua da hautagaiaren bizitzan, udalerriko jardueretan eta herriko jaietan parte hartzea gustatzen zaielako.

Irakasle ikasketak egin zituen EHU-UPVn Ingeles Filologia eta Haur Hezkuntzan, baina hasierako ikasketak Lemoan egin zituen “ikastetxe berean daramatzat 24 urte lan egiten”, azaldu du harrotasun puntu batekin. “Nire lanetik gehien estimatzen dudana da etengabe nagoela haurrekin eta askotariko beharrak dituzten pertsonekin; oso aberasgarria da”, azaldu du.