Prentsa Aretoa
Berriak
2023/01/13
Euskadi-Ukraina elkartasun mugimendua, “Irulegiko Eskua” aurkitu zuen arkeologia-taldea, Irakli Kobakhidze, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Mikel Sánchez eta Aspace Gipuzkoa
Sabino Arana Fundazioak kultura ekitaldi honen XXXIV. edizioa egingo du urtarrilaren 29an, igandearekin, 12: 00etan, Bilboko Arriaga antzokian
Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, eta erakundeko idazkariak, Ignacio Etxeberriak, gaur, 2023ko urtarrilaren 13an, jakitera eman dituzte 2022ko Sabino Arana saridunen izenak. Sari horien bidez, gizartearen zerbitzuko aritzeko gaitasun eta bokazioagatik nabarmendu diren pertsona, erakunde edo gizataldeen lana aitortu nahi da.
Sariak banatzeko ekitaldia, XXXIV. Edizioa, hai zuzen ere, urtarrilaren 29an egingo da, igandearekin, Bilboko Arriaga antzokian, 12:00etatik aurrera, eta, bertan, honako hauen merezimenduak aitortuko ditu: Euskadi-Ukraina elkartasun mugimendua; Aranguren ibarrean (Nafarroa) «Irulegiko Eskua» aurkitu zuen arkeologia-lantaldea; Irakli Kobakhidze politikaria eta «Georgiako Ametsa» alderdiaren burua; BOS - Bilbao Orkestra Sinfonikoa; Traumatologia eta kirurgia ortopedikoan aditua den Mikel Sánchez medikua; eta Aspace Gipuzkoa, garun-paralisia duten pertsonei laguntza eta arreta emateko elkartea.
Sei sari berri horiek 1989an sariak ezarri zirenetik emandako 186 sariei gehitu behar zaizkie. Sabino Arana Fundazioaren sariak urtero ematen dira urtarrilean, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta.
Hala, sei saridun horiek gehituko egingo zaizkie sariketa hasi zenetik, hau da, 1989. urtetik, saria jaso duten 186 pertsona, elkarte eta erakundeei. Sabino Arana Fundazioaren sariak urtero-urtero ematen dira, urtarrilean, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren kariaz. XXXIV. edizio honetan, Sabino Arana Fundazioak Aranguren ibarrean (Nafarroa) «Irulegiko Eskua» aurkitu zuen arkeologia-lantaldeak gauzatutako lana eskertu eta aitortu nahi du. «Izan ere, Kristo aurreko I. mendean dataturiko aurkikuntza horrek goitik beherako iraultza ekarriko dio euskararen eta baskoien historiaren inguruko ikerketari» baietsi dute SAFen arduradunek. «Aranzadi Zientzia Elkarteko Mattin Aiestaran buru duen ikertzaile-taldeak ondo baino hobeto erakutsi digu buru-belarri lan eginda, landa eta laborategiko lan neketsuak fruitu joriak ematen dituela, emaitza horiek gizarte osora hedatzen direla eta gizarteak atsegin handiz hartzen dituela emaitzok» nabarmendu du Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.
Mireia Zaratek azpimarratu duenez, «Irulegiko ikertaldeak ederto barruratu du Joxe Miel Barandiaran euskal arkeologiaren aitalehenaren zuhur-hitzak: Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar da». Mikel Sánchez doktoreak ere saria jasoko du. «Birgaitze-medikuntzaren aurrendaria izan dela, Sánchez doktoreak arlo horretan egindako ekarpenei esker, pertsona askok eta askok suspertzeko modua izan dute istripu eta lesio larrien ondorioetatik eta kirurgia ere saihestu ahal izan dute. Aitzindaria da Europan kirurgia artroskopikoaren esparruan, eta munduko lehen medikua dugu plaketez joriko plasmaren (PRP edo Platelet-rich plasma) ahalmena ulertzen eta traumatologian aplikatzen. Mikelek egindako ikerketa- eta medikuntza-lanari lanari esker, hobekuntza izugarriak aplikatu dira teknika kirurgikoetan eta ehunen birsorkuntzaren eremuan», adierazi du Zaratek. Azpimarratzekoa da, gaur egun, Mikel Sánchez Gasteizko Vithas San Jose Ospitaleko Kirurgia Artroskopikoko Unitateko burua dela eta, 2006an, Terapia Biologikoko lehen Unitatea (TBU) sortu zuela han.
BOS, ehun urteko ibilbidea
Lana, konpromisoa, ahalegina, kemena, hobetzeko grina eta etengabeko garapena ditugu BOS edo Bilbao Orkestra Sinfonikoa bereizgarri dituen nolakotasun batzuk, orkestrak lehen kontzertua eman zuenetik, hots, 1922ko martxoaren 8tik. «Mendeurren horren atzean dauden 36.525 egunetan, 4.700 kontzertu baino gehiago eskaini ditu BOSek eta Bilboko eta Euskadiko kultura-politikaren eragile eta tresna bihurtu da mundu osoan. Diktadurak, gerra zibila, erbestea, errepresioa eta abar izan diren azken ehun urte hauetan, BOS osatzen duten pertsona guztiek goi-mailako musika kultura sortu eta zabaldu dute izan diren leku guztietan» esan du Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.
Sabino Arana Fundazioak aitortu eta saritu egin nahi du Aspace Gipuzkoa elkarteko profesionalek, boluntarioek, familiek eta erabiltzaileek eurek mende erditik gorako aldian egin duten eta egiten ari diren lan eta ahalegin partekatua, garuneko paralisiak jotakoen bizi-kalitatea hobetzen eta komunitatean eskubide osoko herritar gisa gizartera daitezen borrokatzen, «garuneko paralisia duten Gipuzkoako pertsonek gainerako herritarren eskubide berberak dituztela aldarrikatuta eta gizatalde horren «bizitza betea» sustatuta».
Ildo horretan, SAFen presidenteak ondokoa azpimarratu du: «haien kemena eta eginahala balekoak izan dira garun-paralisiak jotako gipuzkoarren hainbat belaunalditako kidek gizartean parte hartzeko eta ikusarazteko beharrezko tresnak eta laguntza aurki ditzaten». Irakli Kobakhidze Georgiako Parlamentuan gehiengoa daukan «Georgiako Ametsa» alderdiaren buru eta Kaukasoko herrialde horretan indarrean dagoen egungo konstituzioaren sortzaileetakoak sarietako bat jasoko du Sabino Arana Fundazioaren presidentearen eskutik urtarrilaren 29an. Zalantza izpirik gabe, Irakli Kobakhidze Georgiako erakunde eta politikako erreferente nagusietakoa da herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik bereizi zenetik, 1991n. «Egun, Europako hego- ekialdeko errepublika demokratiko horretan agintean dagoen alderdiaren buru da eta herrialdeak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu azken urteotan Europa Batasunean sartzeko bidean», azaldu du Mireia Zaratek. Zarateren aburuz, georgiarren asmo hori zuzena eta beharrezkoa da; «zuzena, batetik, Europazaletasunak Batasunarekin bat egin nahi duten Europako herrialde demokratiko guztiak hartu behar dituelako, eta beharrezkoa, bestetik, herrialde guzti- guztiek Europako proiektuari ekarria egiten diotelako eta Europa indartzen dutelako, are gehiago, egun pairatzen ari garen garai nahasi eta gerra betekoetan». Amaitzeko, Zarateren esanetan, «Irakli Kobakhidze, gainera, Euskadi eta Georgiaren arteko aldebiko harremanen bultzatzaile gogotsua da, lotura historiko eta kultural sakonetan oinarri harturik, baina apurka-apurka beste arlo batzuetara zabalduz doazenak XXI. mendean»
Euskadi-Ukraina elkartasun-mugimendua
Azkenik, Europarentzat eta mundu osoarentzat hain zailak diren une hauetan, Sabino Arana Fundazioak aitortu eta saritu nahi du «Ukrainako herria pairatzen ari den egoera lazgarriaren aurrean euskal gizartea erakusten ari den justizia, elkartasun eta harrera balioekiko konpromiso sendoa». «Errusiarren inbasioak piztutako gerrak ukrainarren subiranotasuna eta autodeterminazio eskubidea urratu ditu eta, horren eraginez, milioika pertsonak etxetik alde egin behar izan dute eta beste herrialde batzuetan aterpe aurkitu.
Euskadik ere halako gertaera bihozgabe nozitu zuen 1936ko gerran. Horregatik guztiagatik, gure aintzatespena eta esker ona adierazi nahi dizkiegu Ukrainaren alde eta lan egiten duten euskal elkarte eta erakunde guztiei, askotarikoa eta gizarteratzailea den Euskadin, konpromisoaren eta elkartasunaren eredu izateagatik»,
adierazi du Mireia Zaratek.
Iturria: Sabino Arana Fundazioa
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25