Prentsa Aretoa

Berriak

2023/02/21

Bizkaiko udalerriei 28,3 milioi euro gehiago emango dizkiete Udalkutxak eta Gizarte Zerbitzuen Funtsak

Gaur eguerdian Finantzen Lurralde Kontseiluaren bilera egin da. Bertan 2022ko ekitaldiaren itxierako behin betiko datuak azaldu dira, eta urrian iragarri ziren likidazio positiboaren aurreikuspenak berretsi dira

rss Ezagutzera eman
Bizkaiko udalerriei 28,3 milioi euro gehiago emango dizkiete Udalkutxak eta Gizarte Zerbitzuen Funtsak

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2022ko ekitaldiko Udalkutxa eta Gizarte-zerbitzuak Finantzaketarako Foru Funtsa likidatu ditu. Guztirako zenbatekoa 974,5 milioi euro izan da, ekitaldi horretarako aurreikusitakoa (946,2 milioi) baino 28,3 milioi euro gehiago. Azkenean, behin betiko kopurua Finantzen Lurralde Kontseiluaren urriko bileran aurreikusitakoa bera baino gehiago izan da. Bilera hartan hasierako aurreikuspenean 18,78 milioi euroko hazkundea izango zela aurreikusi zen.

Horrela, Bizkaiko 112 udalerriek 2023. urtean 28.057.509 euro gehiago edukiko dituzte Udalkutxa - Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren likidaziori esker. Kopuru hori ekitaldi honetarako aurrekontuan dagoeneko ezarritako 937.425.153 euroei gehituko zaie. Soberakin hori udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, langabezia-tasa, gela-kopurua edo biztanleen sakabanatzea. Udalek gastu eta inbertsioei aurre egiteko 2023an izango duten gaitasun handiago hori Bizkaian 2022. urtean zehar itundutako zergen bidez egindako diru-bilketaren datu onen ondorioa da. Datu horiek Finantzen Euskal Kontseiluaren azkenengo bileran egiaztatu ziren.

Gainera, Bizkaiko udalerriek uste baino 264.222 euro gehiago edukiko dituzte Gizarte Zerbitzuen Funtsaren likidazioari esker (9.092.099 euro guztira).

Finantzen Lurralde Kontseilua

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost Bizkaiko Foru Aldunditik datoz: Elixabete Etxanobe, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Kontseiluko burua gaurko saioan; Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako diputatua; Amaia Antxustegi, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua; José María Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzetako diputatua; José Rubí, Ogasun eta Finantza Saileko idazkari nagusi teknikoa. Horiez gain, Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL) ordezkatzeko parte hartu duten gainerako bost kideak ere batu dira: Elixabete Uribarri Plentziako alkatea, Ane Legarretaetxebarria Fruizko alkatea, Marta Ajuria Bilboko zinegotzia, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea.