Prentsa Aretoa

Berriak

2023/03/07

Euzkadi Buru Batzarraren Adierazpena Emakumeen Nazioarteko Egunean

rss Ezagutzera eman
Euzkadi Buru Batzarraren Adierazpena Emakumeen Nazioarteko Egunean

ARGAZKIA JAITSI

Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu ohi da, hala erabaki baitzuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1977ko abenduaren 16an, emakumeen kontrako diskriminazio guztiak desagerrarazteko, beren ahalduntzea sustatzeko eta gizartean parte hartzeko aukera guztiak izan ditzaten. Efemeride esanguratsu horren bezperan, EAJ-PNVren aldetik emakumeen eta neskatoen eskubideen sustapen eta babesarekiko konpromiso irmoa adierazi eta berretsi nahi dugu; emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde; bai eta emakumeek oraindik bizi dituzten desberdintasun materialak, balioarenak eta sinbolikoak konponduko dituzten politika publikoen alde ere.

2023ko martxoaren 8an, emakumeak berdintasun osoz lider izan ahal izatea bermatu nahi eta behar dugu. Emakumeek erabakiak hartu ahal izatea, beren lidergoa eta parte-hartze politikoa Beijingo Adierazpenean eta Ekintza Plataforman finkatutako printzipioak dira. Adierazpen hori 1995ean onartu zen, eta Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen lehen Berdintasun Legean jasota daude.

Hamarkada batzuk geroago, ebidentziak erakusten digu emakumeek lidergoa hartzeko prozesuan ibilbide motela egin dutela, bai gure erabaki-eremuan gertuen dagoen mailan, bai gobernu-maila handiagoan ere. Emakumeen lidergoa oraindik mugatua da, eta oraindik ordezkaritza urria dute zuzendaritza-kargu guztietan, politikan, administrazio publikoan edo sektore pribatuan. Munduko leku askotan lidergoaren figura maskulinotzat baino ez da hartzen.

Hau aldatu egin behar da. Munduko lidergoak bere biztanleriaren isla zuzen eta zehatza izan behar du, eta biztanleria horren % 50 baino gehiago emakumeek eta neskatoek osatzen dute. Kontuan izan behar da, halaber, zenbat eta emakume lider gehiago egoteak gizartea orduan eta bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta oparoagoa izatea dakarrela.

Lidergoaren ikuskeran eta emakumeak botere-guneetan sartzeko bidean aurrera egin dezagun, eta emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasun eraginkorra lortzera begira, garrantzitsua da guztiok ‘kristalezko sabai’ deitzen ditugunak haustea. Horretarako, eta gizonekin batera, emakumeok planteatu behar ditugu –eta planteatuko ditugu– hezkidetzako, ahalduntzeko eta, batez ere, gureak diren espazioak hartzeko beharko diren neurriak.

Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortu nahi eta bultzatzen duen alderdi politiko garen aldetik, EAJ-PNVren EBB honek gure alderdikide guztiak animatu nahi ditu martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, deitu diren mobilizazioetan parte hartzera.

AURRERA EMAKUME L1DERRAK!