Prentsa Aretoa

Berriak

2023/04/13

Aitor Aretxaga Telletxea izango da barriro Busturiako EAJ-PNVren alkategaia

Bere hitzetan, “gure gobernua talde indartsu eta arduratsua izango da barriro, entzun, errespetau, integrau eta Busturiaren alde egiten dauena; pertsonentzat”

rss Ezagutzera eman
Aitor Aretxaga Telletxea izango da barriro Busturiako EAJ-PNVren alkategaia

ARGAZKIA JAITSI

Aitor Aretxaga Telletexeak Busturiko EAJ-PNVren zerrendaburu izateko hautagaitza barriztau dau, talde barritua eta ondo prestatuagaz. Bi legegintzalditako esperientzia dauko udal kudeaketan, eta dagoeneko hasita dagozen proiektu garrantzitsuak garatzea eta proiektu barriak martxan jartzea da bere konpromisoa, guztiak be Busturiko bizilagunen eskariak entzun izanaren emaitza dira.

Busturia osatzen daben auzoen dibersidadea oso aberasgarria da udalerriarentzat, eta, aldi berean, askotariko arreta behar dau, auzoen beharrizanak desbardinak diralako hirigintzan, ingurumenean, edota irisgarritasunean, zerbitzuetan… “Dibersidade horretatik sortzen da geure herriko nortasuna. Geografikoki mendia, ibaiak, padura, itsasoa eta abar doguz. Ezaugarri horreek desbardintasunak markatzen dabez, baina pertsonok balio boteretsuak batzen gaitue, esaterako, geure kultura-ondarea edo herriko kidetasun sentimendua, hau da, geure nortasun soziala eta kolektiboa, eta horreek guztiek proiektu bakoitzean, ekimen bakoitzean eta Busturia hobetzeko proposatzen dogun ekintza bakoitzean presente egoten jarraituko dabe”.

Aitor Aretxaga Telletxearen hautagaitzarako funtsezko bermeak dira bere ibilbidea, bere esperientzia eta Busturiako bizilagunek egunetik egunera zerbitzu hobeak eta bizi-kalidade hobea izateko esfortzua. Busturiko udal-gobernuaren buru izan dan bi legegintzaldietan, ekimen eta proiektu bakoitzean, herritarren eskaera partikularrak hurbileko jarreragaz eta ikuspegi orokorragaz entzutea izan da bere lehentasuna, bere kudeaketaren emaitzak ahalik eta jende gehienarengan itzul daitezan. “Udal gobernu lez erantzukizunez jokatu behar dogu, oinarrizko erispide orokorrekaz. Ezin doguz auzo guztiak zerbitzu guztiez hornitu, eginezinekoa da, baina Busturiko auzo guztietan bizi-kalidaderik onenaz gozatu ahal izateko proiektuak kudeatzen eta lan egiten jarraituko dogu. Adibidez, kasu batzuetan garraio publiko hurbilena autobusa da, eta beste batzuetan trena, edo auzotar batzuek gertuago daukee gimnasioa, eta beste batzuek, barriz, hondartza. Hori ebitauezina da, baina geure konpromisoa da lanean jarraitzea apurka-apurka, auzo guztietan, herritar guztiek hirigintza irisgarria, segurua eta funtzionala izan daiezan”, adierazten dau alkategaiak.

Gobernantza da Aitor Aretxaga Telletxeak arreta eta konpromiso bereziz jagoten dauen beste alderdi bat. “Gobernuan, Busturin bizi garen guztiontzat gobernatzeko ardura hartu dogu beti, botoa emon euskuezanentzat, oposizinoko zinegotziei botoa emen eutsezanentzat eta abstenitu zirenentzat. Horregaitik, geure hautagaitzaren funtsezko premisa informazinoa emoten dauen eta erabakiak korporazino osoagaz partekatzen dauen taldea izaten jarraitzea da. Oposizinoagaz berba egitea eta adostea izan dira 2015ean udal-gobernuan sartu ginenetik aurrekontuak eta proiektuak aho batez onartu izanaren gakoa. Gobernu garden, leial eta koherente baten buru izatea da gure funtsezko konpromisoetako bat”.

EAJ-PNVren gobernuak Busturia geldituezin, dinamikoa eta errespetatzen dauen herri bat izan daiten lan egin dau, bere historia eta kultura berreskuratu eta zabaltzen dauena, bardintasuna, sormena eta parte-hartzea sustatzen dauzena, kirol zerbitzuekaz eta ingurunearen kontserbazinoagaz bizitza osasungarria indartzeko baliabideak jartzen dauzena, edota bere landa esentzia babesten dauena. Izan be, hau guztia bertan bizi diran pertsonentzat ongizate iturria dalako.

“Kidetasun sentimendua pertsonen eta komunidadearen bizitzan motorra dala uste dogu. Horregaitik, herritarrok herri-bizitza sustatzea izan da gure udal gobernuaren fundamentua, eta hala izaten jarraituko dau. Horregatik, lanean jarraituko dogu Elkarteei laguntzeko, Kultura aberasteko eta aisialdi erakargarri eta ilusionagarria gehiagotzeko. Espiritu honek gure landa esentziagaz bat datorren jarduera ekonomikoa be bultzatzea gura dogu, gure lehen sektorea eta proiektu barritzaile eta errespetuzkoak planteatzen dabezen ekintzaileak babestuz”, esaten dau Aitor Aretxaga Telletxea Busturiko alkategaiak.