Prentsa Aretoa

Berriak

2023/04/20

Anuar Gómez García izango da EAJ-PNVren Muxikako alkategaia

Maiatzaren 28ko hauteskundeetarako zerrendaburuak iragarri du udalerria “suspertuko” duela, “aurrea hartu eta proiektuak martxan ipiniz”

rss Ezagutzera eman
Anuar Gómez García izango da EAJ-PNVren Muxikako alkategaia

ARGAZKIA JAITSI

Anuar Gómez García izango da Muxikako EAJ-PNVren zerrendaburua maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Ingeles Ikasketetan graduatua, Kurtzeroan bizi den 27 urteko gazte honek ingeleseko eskolak emanez egiten duen lana beste jarduera batekin osatzen du, kazetaritzarekin, arlo horretan garatu duelako bere bizitza profesional gehiena kirol-arloari lotuta.

Politikan lehen aldiz sartzen den honetan, gehien erabiltzen duen aditza “berraktibatzea” da, udalerriak “proiektuak martxan ipiniko dituen Gobernu Talde bat behar duela” uste duelako; “aurrea hartu behar du eta gauzak gertarazi behar ditu, eta ez eguneroko gaiak gestionatzera mugatu”.  Horrela,  bere  planen  artean jarduera  ekonomikoa,  baserrien  mantentzea  eta basogintza bultzatzea dago, edo Kurtzeroan dagoen uholde-arriskuari irtenbide bat ematea. “Garrantzi handiko proiektuak dira, baina benetan esanguratsuak eta garrantzitsuak hauek dira, eta aurrera eramateko erakundeen lankidetza beharrezkoa da; horregatik, harreman horietan esperientzia handia duten pertsonekin osatu dugu hautagaien taldea, elkarrekin lan egitea ahalbidetuko dutenak”.

Muxikak, Ibarrurik eta Gorozikak hedadura handiko udalerria osatzen dutenez, Udalaren lanaren zati handi bat oinarrizko zerbitzuak zabaltzera eta mantentzera bideratuta egongo da, hala nola saneamendu-sarea, zuntz optikoa eta hainbat bide. “Zugastietako tren geltokirako eta autobus geltoki batzuetarako sarbidean ere segurtasuna hobetu nahi dugu, beharrezkoa baita”, iragartzen du hautagaiak. Gainera, EAJ-PNVk Kurtzero eta Gernika- Lumo lotzeko bidegorri bat eraikitzea eta udalerri osoan bizikleta bideak egituratzeko proiektu bat idaztea ere aurreikusi du.

Jarduera horiek guztiak Anuar Gómezek “bizilagunen bizimodua hobetzea” esaldian laburbiltzen dituen artean dago; eta hor ezin ziren falta behar ekonomikoak dituzten pertsonei edo zaharrenei laguntzeko neurriak ere. “Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez, bakoitzaren beharrak aztertuko ditugu, sistemak eskaintzen dituen laguntzen eta arreten berri emateko; 16 urtetik beherako seme-alabak dituzten familiei laguntza emango diegu; adinekoentzako taxi-zerbitzua  zabalduko  dugu; mugikortasun  urriko  pertsonei komunak egokitzea diruz lagunduko dugu...”.

Era berean, hautagai jeltzaleak aurreratu du Udal “hurbilagoa” eskainiko duela, “komunikazio eta gardentasun gehiagorekin eta hobearekin”. Helburu horretan, Zubietaerrotan herritarrei arreta emateko bulego bat atondu eta Internet bidez udal-tresnetarako sarbidea hobetuko dira. Ildo horretan ere, aste honetan bertan, postontzietan galdetegi bat banatu dute, herritarrek egokitzat jotzen dituzten ekarpenak egin ditzaten, “zuzenean jakin nahi baitugu zelako beharrizanak dituzten eta zer iritzi duten Muxika, Ibarruri eta Gorozika hobetzeko”.