Prentsa Aretoa

Berriak

2023/05/10

Autogobernuaren defentsa eta euskal hiritargoaren ongizatea “banatu ezin den binomioa” eta EAJ-PNVk M-28rako planteatzen dituen konpromisoak

Talde jeltzaleak bere hauteskunde egitasmoa aurkeztu du gaur Gernikako Batzar Etxean, Andoni Ortuzarren hitzetan “inposizio eta populismoen aurrean demokraziaren alde egiten dugun apustua berresteko tokirik egokienean”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Hemen gaude, Gernikako Batzar Etxean, eta ziurtatzen dugu EAJ-PNVko emakume eta gizonek Euskadiko Erakunde guztietan egingo duten lanaren oinarri bakarra izango dela gure autogobernua eta euskal hiritargoaren ongizatea defendatzea. Autogobernua eta ongizatea banatu ezin diren binomioaren parte direlako. Eta hala ziurtatzen dugu gaur, horrenbeste miresten eta errespetatzen dugun toki honetan, zoritxarrez gure eskumen politiko ekonomiko eta sozialen adar berdeak astindu eta moztu nahi dituzten aire birzentralizatzaileek inguratzen gaituzten garai hauetan”. Hitz hauekin arrazoitu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNVk maiatzaren 28ko Udal eta Foru hauteskundeei begira prestatu duen hauteskunde egitasmoa Gernikako arbola zaharraren ondoan ezagutarazteko ekitaldia “euskal askatasunaren adierazpen sinbolikoa” izateaz gain “tokirik egokiena delako demokraziaren alde egiten dugun apustua berresteko, zoritxarrez egun horren modan dauden inposizio eta populismoen aurrean”

Ortuzar Gernikako Arbolaren ondoan izan da gaur hiru Foru Aldundietarako eta EAEko hiru hiriburuetarako zerrendaburu jeltzaleekin. Hala Elixabete Etxanobe (Bizkaia), Eider Mendoza (Gipuzkoa), Ramiro González (Araba), Juan Mari Aburto (Bilbao), Eneko Goia (Donostia) eta Beatriz Artolazabal (Vitoria-Gasteiz) EBBren presidentearen ondoan izan dira EAJ-PNVren hauteskunde egitasmoa egituratzen duten zortzi bloke nagusien irakurketan ( lerro hauen amaieran dagoen estekan daude eskuragarri). Hautagaiek zortzi helburu hauek azaltzeko ekarri nahi izan dute gogora beren hauteskunde egitasmoetan jasotzen den adibide praktiko bana. Hauteskunde egitasmoak azken egun hauetan hasi dira azaltzen eta lan horrekin jarraituko dute hemendik eta maiatzaren 26ra arte geratzen den aste bete eta erdian.

“Guretzat 'autogobernua ongizatea da', eta esaldi hori eslogan politikoa baino gehiago da”, gaineratu du Ortuzarrek. “Gure lan ildo guztiak hartzen ditu, bai eta hemendik aurrera hemen gaudenok garatuko ditugun proposamenak ere. Euskadiko erakundetze prozesuaren berrogei urteoan asko aurreratu dugu Herri gisa. Krisi ekonomikoak gainditu ditugu, bai eta indarkeriaren gaitza ere,berrikitan pandemia gogor bat, nazioarteko gatazkak eta beren ondorioak…. Eta, gainera, onik atera ahal izan gara, denok, denok batera, inor atzean utzi gabe. elkartasun maila handiarekin. Hori dena lortu ahal izan da gizarte osoaren esfortzuari esker, baina oso bereziki gure autogobernuak eman digun indarrari esker. Euzko Alderdi Jeltzaleak euskal gizarteari transmititu nahi dio bere lan politikoarekin bermatuko duela euskal botere politikoaren defentsa, gure erakundeak inolako tutoretzarik eta kanpoko murrizketarik gabe gobernatuko direla. Horrela lortuko dugu Udalek eta Aldundiek egitea gure gizarteak nahi eta behar duena”.