Prentsa Aretoa
Berriak
2023/05/29
EAJ-PNVk U-23ko Hauteskunde Orokorretara aurkeztuko dituen zerrendak osatzeko prozesua hasi du EBBk
EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak, gaur arratsaldean Sabin Etxean egin duen bilkuran, presaz eman dio hasiera uztailaren 23an Estatuan egingo diren Hauteskunde Orokorretan talde jeltzaleak aurkeztuko dituen zerrendetako hautagaiak aukeratzeko barne hauteskunde prozesuari, gaur goizean bertan Espainiako Gobernuburu Pedro Sánchezek deialdia egin duenez geroztik. Prozesu honek, EBBren borondatearekin bat ez datozen arrazoiengatik, talde jeltzalearen baitan egin ohi direnak baino epe laburragoak aurreikusiko ditu eta ekainaren 10ean egingo den Ezohiko Aberri Batzarrean amaituko da
Euzkadi Buru Batzarrak hasierako proposamena egingo du eta ekainaren 1ean EAJren Uri Erakundeei jakinaraziko zaie. Uri Erakundeek beren Uri Batzarretan proposamenak aurkezteko aukera izango dute ekainaren 1etik 4ra bitartean eta bigarren bozketa, berriz, ekainaren 6tik 8ra bitartean. Herrialde Batzarrak ekainaren 9an egingo dira eta prozesua ekainaren 10ean burutuko da, arestian aipatu Ezohiko Aberri Batzarrarekin.
Ezohiko Aberri Batzarra egiten duela baliatuko du Euzkadi Buru Batzarrak egoera politikoaren azterketa lasai, sakon eta ausarta egiteko, Euskadin atzoko hauteskundeetan erregistratu ziren emaitzen inguruan zein Sánchezek ezustean Hauteskunde Orokorrak aurreratzeko hartu duen erabakiaren inguruan. Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile jeltzale Aitor Estebanek prentsaurrekoan eman dituen adierazpenekin bat etorriz, EBBk deitoratzen du hauteskundeak aurreratu izana aurretiaz ezer esan gabe eta, gainera, presaka egin izana, eta erabat desegoki jotzen du abian jarri den aurre-kanpaina egin behar izatea Udalak, Batzar Nagusiak eta Nafarroako Parlamentua eratzeko sasoi berean.
Euzkadi Buru Batzarraren asmoa da, eta hala adierazi zuen atzo, Euskadi osoan erakunde sendo eta egonkorrak albait arinen eta egokien eratzen laguntzea, eta lan horri ez dio gehiegi laguntzen bat batean Espainiako Estatuan eragin den behin-behinekotasun politiko honek. Guztiz garrantzitsua da Udalak, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak ahalik eta erarik sendoenean eratzea, erakunde hauen guztien egonkortasuna eta beren funtzionamendu ona bermatuz. Helburu honekin, EBBk erabaki du Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra alderdiarekin harremanetan jartzea, une honetan alderdi horrekin Udaletan, Batzar Nagusietan eta Eusko Jaurlaritzan koalizio itunak dituela gogoan. EAJ-PNVren aberri exekutibak espero du elkarrizketa politiko hau emankorra izatea eta epe eta era egokian eratu ahal izatea euskal egituraketa instituzional sendo, egonkor eta eraginkorra.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25